Jon Kepa Zumalde: 'Testu barik be badago poesia'

Koldo Isusi Zuazo 2013-05-27 12:14   Barriketan
Markeliñeko koordinatzailea

Oraintsu Leioako Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokeak Markeliñe konpainiari emon deutso 2013ko Ohorezko Saria, antzerkigintzan ia hiru hamarkadetan lan isila baina etenik bakoa egiteagaitik eta langile nekatuezinak, profesional apartak eta ondo egindako antzerkigintzearen enbajadoreak diralako.


1.- Ia 30 urte beharrean dabilen Markeliñe taldeak Leioako Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokearen Ohorezko Saria jaso dau orain egun batzuk. Taldearen jardunean aldaketaren bat ekarriko ete dau sari honek?

Sorpresa oso atsegina izan da sariarena, ez genduan holakorik espero eta pozarren gagoz. Hainbeste urtean beharrean ibili ostean, inurrien moduan, geldiro-geldiro beharrean ibili ostean, zeure lana autortua dala sentiduten dozu eta horrek indarra emoten deutsu aurrera egiteko. Ohorezko sari hau eta gure ibilbidean jaso doguzan beste batzuk be pozik hartu doguz, jakina, eta hor momentuan egoa puztuten jakun arren, gero badakigu barriro lanari ekin behar jakola, hori da gure bizimodua, gustora gabilz eta egindako lanak jentearen oneretxia eta aurtormena badauka, besterik ez dogu behar.


2.- Gaur egun zelako taldea da Markeliñe? Zenbat kide zagoze? Zelan funtzionetan dozue? Zu zeu noiztik zagoz?

Aurretik be ikastaroetan eta ikasten jentea ibili arren, 1985ean, pasa dan mendean, sortu zan Markeliñe eta honezkero 28 bat urte daroaguz taula gainean. Ni neu 89an sartu nintzan eta badaroadaz bai urte batzuk hemen, 24, zehatz esateko.

Hasierako taldekide bik jarraitzen dabe taldean eta gaur egun lau bazkide gara Markeliñen. Kooperatiba moduan funtzionetan dogu eta Markeliñekook antxinako konpainia moduan sentiduten dogu taldea, hau da, dana egiten dogu geuk, interpretazinoa, zuzendaritzea, eszenografia, muntaketea, argien eta dekoratuen diseinua... Kontua da ze denporeagaz danetara ez ginala behar dan moduan heltzen ikusi genduan eta orduan aktoreak kontratetan hasi ginan; Kartoibiraka obreagaz Max Saria irabazi eta fase horretan sartu ginan. Aktoreak kontratetan hasi ginan baina gure estiloa zan obra zehatzetarako baino gehiago, bertakotzea eta ekipo sendo bat sortzea. Beraz, bazkideak lau izan arren, Markeliñe danok gara, urteetan geugaz dabilzan aktoreak zein ganerako beharginak. Horrek aparteko nortasuna emon deusku, bata besteagaz osotu egiten gara eta nortasun edo berezitasun horri eutsi egiten deutsagu hasieratik.

Gaur egun, 11 lagun gara Markeliñe taldean; bazkideak Iñaki Egiluz, Jose Ramón Martinez, Paco Trujillo eta neu; lan artistikoetan: Gloria Hernández eta Marijo de la Hoz; eta antzezle taldean: Sandra F. Agirre, Itziar Fragua, Fernando Barado, Jon Koldo Vázquez eta Aintzane Crujeiras.


3.- Helduentzako antzerkia eta familiarra da Markeliñek lantzen eta eskaintzen dauena, antzerki bisuala, keinuetan oinarrituta...

Bai hori da gure ezaugarria, antzreki bisuala. Hasiera-hasieratik mimo antzeko lanak egiten genduzan, testurik bakoak, keinuetan eta gorputz adierazpidean oinarrituta. Gero, objektuak be sartzen izan doguz antzezlanetan, testu apurren bat be bai... Guk hiru esparru landu doguz, antzerki familiarra, helduentzako antzerkia eta kaleko antzerkia. Azken arlo horretan be oso gustora gabilz, elementu handiak, oso bisualak, piroteknia, argia eta soinua lako baliabideakaz lan egiten dogu baina esparru danatan ezaugarri bisual eta keinu eta gorputz adierazpena dira gure berezitasuna.


4.- Interpretazinoa, dramaturgia eta objektuakaz lan egiteaz gan, poesiaren alde egiten dau Markeliñek. Azaldu zeinke azken atal hau zertan gauzatzen dan zuon lanetan?

Gu beti saiatzen gara istorioak kontetan, ikusleak hunkitu gura izaten doguz, ikusleakana hurreratu eta mezu potolorik barik, sentsazinoak, emozinoa helarazo gura deutseguz. Testu barik be badagoalako poesia. Beraz, istorioak kontetako orduan arreta berezia jarten dogu zelan kontau prozesuan, mobimentu eta irudi, marrazki eta soinuagaz esperimentetan dogu baina aktoreen lana, interpretazinoa baztertu barik.


5.- Horrezaz gan, Markeliñeren ikuskizunetan sorpresea edo ezustekoa eta ironia nahitaezko ezaugarri dira... Bestelako berezitasunen bat nabarmenduko zeunke?

Ironia eta umorea dira gure ezaugarri edozein obratan nahiz eta batzuetan darabilgun gaiak kontrako emozinoak eragin ikusleen artean. 1996an, Kale gorrian - La Garbo SA lana egin genduanean, emozinoen buztarketa hori posible zala konturatu ginan, barrez lehertzea momentu batzuetan eta negarrari emotea beste batzuetan. Erronka polita izan zan hori guretzako eta beste ate edo aukera batzuk zabaldu jakuzan gure ohiko jardunean. Gaietan be, berbarako, Manbru obran, gerrea agertzen zan eta heriotza bat eta polemikoa izan zan umeek ikusteko obra batean holako gaia jorratzea baina guk ez dogu sekula ezer izkutatu; eta Hareazko ipuinak lanean, minbiziaren gaia jorratzen dogu, umeak tartean dagozanean, batzuentzat gai gogorra izan arren.


6.- VI. Zugan Ni Antzerki Jaialdia antolatu dozue aurten Zornotzan, sortzaile gazteentzako eskola bikaina. Aurten, oso oker ez bagagoz, zazpi talde ibili dira. Zelako esperientzia izan da? Zeintzuk dira helburuak?

Esperientzia ederra. Helduentzako ikastaroak eta sarri emoten doguz eta umeakaz eskoletan eta behar egiten dogu baina ikusten genduan nerabeentzako, 13-18 urtera artekoentzako ez egoala ezer. Eskolaz kanpoko jarduera gehienak be kirola eta musiketa izaten dira eta antzerkiaren munduan zuloa egoan. Antzezlanak ikustera be oso gitxi datoz aitatu edade horretakoak eta egoera horren aurrean, Zugan Ni proiektua aurkeztu genduan orain zazpi urte hainbat udaletan. Guk ikastaro bat eskaintzen dogu ikastetxeetan ikasleak antzerkiaren mundura, oro har, arte eszenikoen mundura hurreratu daitezan eta antzerki teknikak, gorputz adierazpena eta abar erakusten deutseguz. Ikastaroaren edo ikasturtearen amaieran ikasle horreek atondutako obrak antzezten ditue jentearen aurrean. Aurten Igorre, Zornotza, Iurreta eta Durangoko 80 ume inguru ibili dira, zazpi talde danetara eta giro bikaina sortu da.


7.- Joandako urtarrilean hasi eta oraintsura arte eskaini dozue antzerki ikastaro berezia Zornotza aretoan, izan be, azken hileotan Rosane Macar-ek idatzitako Quinta planta lana prestetan ibili zarie eta estreinaldia orain egun batzuk egin zenduen. Zelako balorazinoa egiten dozu?

Oso ona. Holako ikastaroetara ze jente batzen dan ikusita sarritan zur eta lur geratzen gara, antzerkiagaz zeozelako loturea dabenak eta sekula antzerkiaren arloan ibili ez diranak alkartzen diralako. Aurten, Jon Gaubeka aktorea izan dogu eta ganerakoak emakumeak izan dira, bat edo bi kenduta antzerkia ikustera eta gitxitan joaten diranak. Eta antzerkiaren mundu honetara holako hurreraketa bat egiten dabenean, zuzenean egiten dabe taula gainera. Holan zaletzen dira eta guretzat sano pozgarria da hori.


8.- Krisiak zelan eragin dau Markeliñeren jarduerea?

Bete-betean eragin deusku, beste talde askori moduan. Gure kontratazinoak nabarmen murriztu dira azken 3-4 urteotan. Datu lez baino ez bada be, udan, kale antzerkiakaz 50 bat emonaldi edo egiten genduzan; ganera, Madriletik beherako jaialdi gehienak honezkero ez dira egiten eta Markeliñeren jardueran % 50 edo Euskal Herritik kanpo egiten izan dogu, hortik atara kontuak. Euskal Herritik kanpoko emonaldiak gaur egun % 7 edo izango dira.

Beste alde batetik, kalidadeari barik cachetari begiratzen deutsie antolatzaileek eta danon antzera geu be orain urte batzuetakoa kobretan gabilz. Beharginei, barriz, ezin deutsegu gitxiago ordaindu eta enpreseak berak hartzen dau beregan gastu hori. Zorionez, gure jarduerea oso gorabeheratsua dala jakinik holako okasinoetarako gordetan, aurrezten jakin izan dogu eta gaur egun zelan edo halan eusten gabilz.


9.- Ze obra antzezten zabize orain?

Orain Zoozoom izeneko lanagaz gabilz, igazko udan estreinautako obreagaz. Antzerki familiarra da, kalean, egunez eskaintzekoa; umeak dira protagonista eta euren parte hartzea nahitaezkoa da. 35-40 bat ume ataraten doguz geugaz parte hartzeko, erabilten doguzan animaliak manipuletako, animalia horreei bizia emoteko. Oso obra plastikoa da eta gurasoek be oso ondo pasetan dabe umeei begira. Horrezaz gan, igazko Hareazko ipuinak lanagaz be bagabilz... Orain hiru urte estreinautako Uharte ezezaguna be eskaintzen gabilz, Anomalia magnetikoa... Gure lanei etekina ataraten ibiliko gara datozen asteetan


10.- Aurrera begira zeintzuk dira Markeliñeren erronkak?

Markeliñeren batzorde artistikoa orain egun batzuk batu zan eskuartean daukaguzan proiektu batzuei noiz eta zelan ekin zehaten joateko. Buruan lan bi daukaguz eta lehenengoagaz entseguakaz hasita gagoz eta datorren hilean serioago hartu beharko dogu. Nire lehenengoko aldia kontzeptua oinarrian hartuta, 3-6 urte bitartekoentzat, lehenengo aldia jantzan eta musikan azaltzea, arlo bi horreetara lehenengo hurreraketea izango da gakoa. Horrezaz gan, kaleko ikuskizun baterako sustraiak ezarri gura doguz eta ikuslego familiarrarentzako aretoko beste obra bat be atongu guran gabilz. Beraz, datorren urtearen hasieran estreinau gura geunke horreetako lehenengoa eta udarako bestea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu