Finala ebatzita
2013-05-24 14:06 BertsolaritzeaTxikerrenen edo haziagoen finala maiatzaren 29an, eguaztenean, Indautxuko El Carmen aretoan izango da, goizeko 11etan hasita. Ahal badozue etorri zaiteze artistok entzun eta animetan: antxina barik, esate baterako, Jone Uria eta Miren Amurizagaitik bardina esaten neutsuen-eta.
Hogeita hamar bertsolari baino gehiago entzun ostean ebatziak hartuta dagoz 18 urtera artekoetan. Danek egin dabe ahalegin handia eta zortzik baino gehiagok merezidu dabe Indautxuko El Carmen aretoan egotea. Halanda be, finalean sartu nahi sartu ez, giro ona egon da saioen ostean: irabazlea zoriondu, alkarregaz berba egin eta bokadilloa jan. Gurata be ezin, bada, ailegoan ibili.
Saioak Markinan eta Elorrion egin dira oraingoan: lehenengoan, martitzenean, 15-16 urteko bertsolariek kantau eben eta, bigarrenean, eguaztenean, ostera, 17-18 urtekoek. Markinan, Lurdes Ondarok irabazi eban eta Ane Alegriak, Elorrion. Beti ez da holan izaten, baina oraingoan igarri da edade-desbardintasuna. Elorrion kantau eben gehienak, Markinekoen aldean, konfiantza handiagoagaz egozan eta horreetako bost egongo dira finalean.
Honetxek dira 18 urtera arteko finalistak: Ane Alegria, Koldo Gezuraga, Ander Gerrikaetxebarria, Asier Galarza, Aitor Bizkarra, Lurdes Ondaro, Leire Amenabar eta Txaber Altube.
14 urtera artekoak: Alaitz Urrutia, Maider Barañano, Lur Ziarrusta, Aritz Landeta, Iruri Altzerreka, Bittor Altube, Beñat Bilbao eta Antxon Uriguen.
Aurreko artikuluan, epaile letxe Arkaitz Estiballes, Nahikari Ayo eta hirurok egongo ginala esan neban. Bada, oraingoan, Nahikari Ayo barik, Iratxe Ibarra izan da Arkaitz eta biokaz puntuetan egon dana. Gai-jartzailea Maite Berriozabal izan da.
Nik neuk bertso batzuk ekarri deutsuedaz: Paule Loizaga, Mikel Aiartzaguena eta Lurdes Ondarorenak Markinatik, eta Ane Alegria, Koldo Gezuraga, Peio Molinuevo eta Asier Galarzarenak Elorriotik.
15-16 urtekoak
Gaia: Urte bi pasau dira lagun bategaz hasarratu zinala, eta ordutik ez dozue alkarregaz berbarik egin. Gaur mezu bat bidali deutsu zugaz berba egin gura dauela esanez.
Paule Loizaga
Jada bi urte pasatu dira,
denbora azkar doa, ño!
Lagun on batek egin zizkidan
mila tranpa ta engaino:
hortik aurrera, gure artean,
zenbat oztopo ta laino!
Orain barkamen mezu bat heldu
zait nire mobileraino...
barkatuko dut, nahiago baitut
holan jarraitzea baino.
Mikel Aiartzaguena eta Lurdes Ondaro
Gaia: Lagunak zarie. Mikel, uda aurretik kolore apur bat hartzeko asmoagaz solariumera joan da Lurdes. Badator solariumetik bueltan, gorri-gorri, erre-erre eginda.
Mikelek Lurdesek karramarroaren antza daukala bota ostean, Lurdesen erantzuna, sano ona:
Nahiz eta edurra den
oindik mara-mara,
kolorea apur bat hartzen
ahalegintzen gara.
Mikel, moda kontutan
paleto bat zara!
Orain eroaten dana
gorri bizia da.
17-18 urtekoak
Ane Alegria eta Koldo Gezuraga
Gaia: Lagunak zarie. Ane, Koldo beti egon izan da lodi samar. Hilebeteak dira dietan hasi zala eta, ordutik, pisu asko galdu dau. Arduratuta zagoz.
Ane Alegria
Txiki-txikitan ta gitxi arte
zinan potolo samarra;
txupa baltza ta zure aroak:
mutiko nahiko makarra!
Nire ondoan ezetzen zaitut,
eta lehen zendun indarra.
Kiloak asko galdu dozuz zuk
eta baita irrifarra.
Koldo Gezuraga
Lehen lodi neuen ta hainbatek barre
eitte eben nire kontura,
baina dieta egin ta jarri
naz George Clooney-ren modura.
Benetan, Ane, asko eskertzen da
zuk jarten dozun ardura:
mundu honetan zoritxarrez da
printzipalena itxura.
Ane Alegria
Irain piloa ta atakeak,
jasan dozuz hainbat bala!
Itxurarena errotuta dau,
baina ez da bape normala.
Begiak edei, aitortu nahi dot,
ta entzu’izu berehala:
loditxuau zein argalau egon
bardin maite zaitudala.
Peio Molinuevo eta Asier Galarza
Gaia: Peio, etxera sartu zarenean lapurretan egin deutsuela ohartu zara. Halako baten, Asier lapurra topau dozu egongelako sofaren ostean ostenduta.
Peiok Luis Barcenas topau dauela kantau ostean, Asierren erantzun josia:
Ta nor zara zu niri
“Barcenas” deitzeko?
Asier daukat izena,
Galarza hobeto...
Guanteak, pasamontañas,
zakua... konpleto!
Haziendatik nator
zorrak kitatzeko.
Txikerrenen finaleko saioa desbardina izango da aurten. Lehiakortasuna dala eta ez dala, taldeka egingo ei da. Talde bik kantauko dabe, ofizio barik, eta talde bat baino ez da joango da Euskal Herriko Eskolartekora. Orain arte ez dot igarri problemarik, ezelangoa danik bez, ganera. Ingurukoen irakatsiak behar dan modukoak diran artean, egundo ez da problemarik egongo-eta.
Txikerrenen edo haziagoen finala maiatzaren 29an, eguaztenean, Indautxuko El Carmen aretoan izango da, goizeko 11etan hasita. Ahal badozue etorri zaiteze artistok entzun eta animetan: antxina barik, esate baterako, Jone Uria eta Miren Amurizagaitik bardina esaten neutsuen-eta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!