Eñaut Elorrieta: 'Geure gorputz eta emozinoetatik kanpo bizi gara'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-05-20 12:19   Barriketan
Musikaria

Erbestea, deserria, ez lekua ditu kantagai Eñaut Elorrieta musikari gernikarrak bere bakarkako Deserriko kantak (Elkar) lehenengo diskoan. Ken Zazpi bandako abeslariak taldearen babes barik eregi behar izan dau lan barria, prozesu gogorra, baina emonkorra izan da. Melodia klasikoz osotu ditu Sarrionandia, Benedetti, Cano, Oliver, Aresti eta beste batzuen berbak, eta estudioan, Ruben Caballero eta Txus Aranburu lagun, gaur egungo joera eta ikutuz jantzi ditue.

Sano gustura dago emoitzeagaz, jentaurrean erakusteko benetan gogotsu. Astegoienean Lizarran jo ostean, maiatzaren 25ean Azpeitiko San Agustin aretoan izango dira Eñaut Elorrieta & Deserriko bandea. Aurrerago be kontzertu ugari ditue: bagilak 1, Bermeoko Kafe Antzokian; hilaren 7an, Andoaingo Basteron; 8an, Bilboko BBK Salan; eta, 13an, Hendaian.


1.- Deserria, ez lekua, kontzeptu horreen ganean eregi dozu diskoa. Zer dala eta heldu deutsazu gai zehatz horri?

Nire aurreko lanetan be, Ken Zazpigaz, nozonoz landu dodan gaia da. Beti erakarri nauen gaia da, ganera apur bat sakonago jorratzeko gogoa neukan. Deserri politikoaz aparte, deserriak dimensino zabalagoa daukala uste dot. Gure gorputz eta emozinoetatik kanpo bizi garala islatu nahi izan dot zeozelan. Joko handia emoten eustan deserria ikuspegi desbardinetatik begiratzeko, hari horren arabera disko bat osotzeko. Ganera, hainbat gauza izan dira loturea daben gaiagaz, Gernikatik Getarira bizitera joatea, esaterako.


2.- Deserriak agiri dira zure kantetan, politikoa, soziala, existentziala-edo. Zer da zuretzat deserria?

Deserria ez-leku hori da, lekuz kanpo sentidutea. Momentu baten egon nahiko edo beharko geunken lekutik urrun egotea, hori da niretzat deserria. Personontzako hain gai garrantzitsua izanda, joko jandia emon deust beste kontu garrantzitsu batzuk lantzeko, bihotza, bizitzea, sentimenduak, bakardadea...


3.- Ez da beharrezkoa milaka kilometrora egotea deserria zer dan jakiteko, beraz.

Duda barik, bai, baina kontuz ibili behar da, ez dot fribolizau gura gai horregaz. Gure inguruan, Euskal Herrian, bai lehen bai orain, zoritxarrez bere herritik aparte egotera behartu daben jentea dago, horreen errealidadea oso gordina da. Niri tokau jat inguruan eta neure familian hori bizitea, hori be islatu gura izan dot. Egia da, deserriaren haritik, ez dala etxetik urrun egon behar norbere zentrotik eta norbere desioetatik, nahietatik, urrun egoteko. Kanpoko estimuluei asko begiratzen deutsegu, larregi, eta horrek galduta sentidurazoten deusku. Sentimendu orokorra dala uste dot.


4.- Deserriaz kantetako, Joseba Sarrionandiaren hiru testu aukeratu dozuz, Geografia, Propostas para a definiçao do exilio eta Besamotzaren besoa.

Deserriaren gaia sarritan landu da hemen eta kanpoan, harritu nau ikustea zenbat herrialde, kultura eta belaunaldi desbardinek landu daben. Nik gehien ezagutzen dodan lana Joseba Sarrionandiarena da, lehenago be musikau dodaz bere olerkiak. Oso atsegina egiten jat, oso ondo enpatizetan dot bere poemen musikalidadeagaz, gustau egiten hat olerkien atzeko musika hori lantzea. Gaia deserria izanda, eta Sarrionandiak horren inguruan hainbeste idatzi ostean, ez da harritzekoa hamarretik hiru bere testuak izatea.


5.- Sarrionandiak badaki zertaz dabilen, deserrian bizi da aspaldion...

Bai, bere azalean bizi dau esaten dauena. Deserriari buruz idatzi dituan poesiak gordinak dira, modu oso sinplean eta gordinean idatzi ditu. Nabarmen geratzen da bere narruan bizi dauela deserria. Diskoaren gaia deserria izanda Sarrionandiak egon egin behar eban.


6.- Irudi gogorrak darabilz, Geografia abestian berbarako. Hilkutxa batzuk sehaskatik urrun dira ehortziko, dino kanta horretan.

Disko honetarako aukeratu dodazan letrak kriston letrak dirala pentsetan dot. Geografia bere iluntasunean, bere gordintasunean, oso letra potentea begitandu jatan. Sehaskea eta hilkutxea esaldi berean agiri dira, momentu horretan behintzat holan sentiduko eban, eta espero daigun holan ez izatea inondik inora bez. Ez dala sekula bueltauko, hori da dinoena. Mezu zuzen eta gordina.


7.- Mario Benedetti, Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano... hainbat egileren berbei ipini deutsezu musikea. Zelan egin dozu aukeraketea?

Lan luzea izan da, idazle batzuk ezagutzen nituan, eta beste batzuk, ez. Hasieratik jo dot nire inguruan daukadazan idazleekana, Unai Elorriaga, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Bernardo Atxagarengana, esaterako. Deserriari buruzko poemen barri helarazoteko eskatu neutsien. Aholkulari izan dodaz. Holan askoz errazagoa izan da testuak aukeratzea. Aurretik egin dan lana itzela izan da.

Deserria ikuspuntu desbardinetatik erakutsi gura izan dot, ertz desbardinak agirian itxi. Euskal Herriko eta kanpoko idazleak hain leku desbardinetatik deserrira zelan hurreratu diran, irudi batzuk zelan errepetiduten diran ikustea kuriosoa da. Gai unibersala da, azken baten, gizakion emozinoetara zuzen-zuzenean doan gaia.


8.- Eta Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poema ezaguna be jaso dozu, ganera Sarrionandiaren Geografia-gaz lotzen dozu, Gure aitaren etxeak / zutik iraunen du / gu gabe esanez amaitzen da-eta abestia.

Bai, badagoz holako loturak. Ahalegindu naz holako gauza batzuk lotzen, gustagarria izan da holako loturak egitea. Geografia abestian gure aitaren etxea aitatzen da, bai. Arestiren poesiara jo neban, ez neukan inondik inora be testua musiketako asmorik. Jolasten egon nintzan. Gustau jatan melodia bat sortu neban, eta ondo geratu zan. Holan izan zan.


9.- Zure testu bi be badagoz, Gaua eta Itzulera I. Zeuk be deserriaren ganean idazteko

Egia esan momentu baten be ez dot behartu nire burua testuak idazteko. Idazle oso potenteen testuak aukeratu dodaz, eta azkenenean nire bi kanta sartu dira. Benetan gozau dot testuak idazten, ez dot bape sufridu, eta ez da gitxi. Letrak egiten apur bat baldarra nazenez, gehiago sufriduten dot, baina oraingoan ez da holan izan.


10.- Gaua kantan badinozu gaua bera dozula babes eta atseden bakarra.

Gauetan sentimendtu eta emozino antxinakoak, barru-barrukoak, bizten dira, bakartienak, biluzienak, bai txarrerako bai onerako. Horixe islatu nahi izan dot, gauak berak sortzen deuskun sentsazinoa, batzutan kontraesana be badana. Bakardade horretan bizi danak, ganera norbere herritik urrun, lekuz kanpo, bildurtuta sentiduten zaren momentuan harrapau ezkero, gauak sentimendu asko handitzen ditu. Gaua momentu magikoa da.


11.- Bakarkako lehenengo diskoa dozu hau. Ondo konpondu zara zeu bakarrik, talde barik?

Ertz guztietatik asko eukiko dau disko honek, erronka bat izan da. Poztasun handia emon deust, baina beste alde batetik, taldean egotera ohituta nago, eta oraingoan erabagi guztiak bakarrik hartzera behartuta egon naz. Zalantzak eta bildurra euki dodaz, baina nik holan egitea erabagi neban. Emoitzea bera baino prozesua bera izan da niretzat aberasgarriena. Nik pentsetan nebana baino prozesu gogorragoa izan da, baina uste nebana baino kontentugarriagoa bere bai.

Oso gustura egin dodan lana izan da. Gura izan dodan moduan egin dot. Nire ibilbidean geltoki bat gehiago da hau, akaso geltoki horreratik pasau behar neban. Gauzak egiten eta konposetan segiduteko gogoa emon deust, zeozelan elikatu egin deust aurrera segiduteko gogo hori. Pausu garrantzitsua izan da niretzat.


12.- Zelan prestau dozuz zuzenekoak? Deserriko bandea-gaz joko dozu?

Deserriko bandeagaz ibilia naz, Txus Aranburu, Ruben Caballero eta Igor Telletxeagaz. Diskoan lortu dogun intimidade giro hori sortzen ahaleginduko gara, ahal danik eta gehien gozetan. Grabazino prozesua neketsua eta luzea subertetan da askotan, niri benetan gustetan jatana publikoaren aurrean egotea eta kantetea da.


13.- Ken Zazpi eta Eñaut Elorrietaren zuzenekoak sano desberdinak izango dira susmoa daukat ba...

Musikea eta diskoaren kontzeptua desbardinak diran moduan, kontzertuak be desbardinak izango dira. Deserriko kantak leku txiki eta intimoetan, giro jakin baten entzutekoak dirala begitantzen jat. Abestiak modu intimoan entzuteko dirala uste dot, ganera bere denporea behar dabe. Ken Zazpiren musikea zuzenagoa da, abiadura askoz esplosiboagoa dauka. Asko gustetan jat abiadura hori, baina beste aukera baten alde egin dot lan honetan. Deserriko kantak digestino geldoagoa daukiela uste dot, beste errastu bat ixten dabe, beste aztarna bat, beste abiadura bat.


14.- Urtea amaitu orduko Ken Zazpik diskoa atarako dau Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz. Igaz zinien egitekoak baina urtebete atzeratu dozue proiektua, daborduko lana martxan dago?

Disko honegaz aparte, beste proiektu horregaz be banabil, talde osoa dago beharrean. Abenduan urtengo da diskoa, Fernando Velazquez moldatzaile eta zuzendariaren gidaritzapean. Bost kontzertu emongo doguz; Baluarten, Euskaldunan, Kursaalen, Printzipalen eta Baionan joko dogu. Proiektua aurrera doa, pentsetan genduana baino gehiago kostata baina. Gure ohiko errepertorioko kantak batu doguz, eta barriren bat be sartuko dogu. EOSeko 88 musikariekaz batera igongo gara eszenatokira, esperientzia ederra izango da.

Urtebeteko atzerapena dakar diskoak. Mundu biren arteko ezin ulertua, talka be egon da. Kostau jaku alkarri ikustea, alkarrengana hurreratzea hain bat zentzutan, ez musika arloan bakarrik. Igaz aterateko asmoa geunkan, baina egitasmoa momentu gatxak pasau zituan. Lortu genduan azkenean bata bestearengana hurreratzea, eta proiektuari lehen baino dimensino handiagoa emotea.


15.- Eta Ken Zazpiren disko barririk etorriko ete da...

Abenduan helduko da diskoa barria, EOSegaz kaleratuko doguna. Horretan gabilz orain lanean, laster hasiko gara grabetan. Bakarkako lanagaz segiduteko asmoa daukat, eta Ken Zazpi be hor dago, jarraitzeko gogoz gagoz, hor erronka potenteak daukaguz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu