Bizkaiko Foru Aldundiak Ertibil Bizkaia 2013 aurkeztu dau

Bizkaie! 2013-05-16 18:14   Kulturea

XXXI. Ertibil Bizkaia 2013 erakusketa ibiltarian saritutako hiru artistak Patrick Grijalvo, Amaia Gracia Azketa eta Jose David Romero Martin dira.

Ertibil Bizkaia 2013 Arte Plastikoen Erakusketa Ibiltaria Bilboko Rekalde aretoan egongo da ikusgai, maiatzaren 16tik bagilaren 30era. Ertibil erakusketa barria Bilbon abiatuko da, eta Amorebieta-Etxano, Ortuella, Lekeitio, Barakaldo, Basauri, Santurtzi, Arrigorriaga, Ermua eta Gernika-Lumoko udalerrietatik igaroko da. Barritasun moduan, lehenengoz, Gasteizko Montehermoso kulturunean ikusi ahal izango da Ertibil, izan be, hantxe amaituko dau bere ibilbidea, 2014ko urtarrilaren 12an.

Ertibil Bizkaia arte erakusketa ibiltariak hogeita hamaikagarren urtea dau aurten. Erakusketea 1983an sortu zan, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta Ortuella, Lekeitio, Barakaldo, Basauri, Santurtzi, Arrigorriaga, Ermua eta Gernika-Lumoko udalerriak laguntzaile zirala; helburua zan lurraldean sortzen diran artistak laguntzea eta sustatzea, bai eta beste autonomia erkidego batzuetatik eta Europako herrialdeetatik etorrita be euren sorlana Bizkaian garatzen daben artistak laguntzea eta sustatzea be. Bizkaiko eta Euskal Herriko arte garaikidea sustatzea, egile gazteak nazinoarteko erakusketa-zirkuituetan sartzea eta Lurralde Historikoan jarduera artistikoa sortzea dira Bizkaian sortutako Kultur Hedapeneko Plan honen ardatzak.

Aurtengo lehiaketan, 163 lan aurkeztu dira, espezialidade guztietako 115 artistarenak. Aurkeztutako lanen artean, Ertibil Bizkaia 2013 erakusketea osotzen daben 20 lanak hautatu dira. Epaimahaia ondoko profesionalek osotu dabe: Petra Joos (Guggenheim Bilbao Museoko Museo Jardueren zuzendaria), Ana Salaverria (Donostiako Koldo Mitxelena Erakustaretoko zuzendaria), Alicia Fernández (Bilboko Rekalde Erakustaretoko zuzendaria), Ismael Manterola (UPV/EHUko Artearen Historiako irakaslea) eta Jaime Cuenca (arte kritikaria eta Deustuko Unibersidadeko irakaslea).

Sariei jagokenez, lehiaketako saridunek sari honeek jasoko ditue: 5.000 euro lehenengoak, 4.000 bigarrenak eta 3.000 hirugarrenak. Hautatutako ganerako artistek 2.000 euro eskuratuko ditue.

Saritutako hiru artistak Patrick Grijalvo, Amaia Gracia Azketa eta Jose David Romero Martin dira, eta hautatutako ganerako hamazazpiak, ostera, ondokoa: Julen Agirre Egibar, María Andrés Sanz, Saray Blades, Juana García-Pozuelo, Inés García, Rakel Gómez Vázquez, Edurne González Ibáñez, Eduardo Hurtado, Miriam Isasi, Edurne Martínez Arroyo, Saray Pérez, Sarah Rasines, Ana Riaño, Javier Rodríguez Pérez-Curiel, Laurita Siles, Christian Villavicencio eta Diego Vivanco.


Artista sarituak

Patrick Grijalvo (Bilbo, 1984) izan da lehen sariaren irabazlea, Interbellum izeneko argazki-lanagaz. Jaime Cuencak azaldu dauenez, bere irudien autonomia taiutzeko modua aurkitu dau, egiazko erreferenteagaz dauen loturea ahulduz -galdu barik- eta bere objektu izaerea aldarrikatuz. Artistak irudiei ez deutse inponiduten hiru dimensinoko edozein forma, azalera fotografikoak berezkoak dituan ezaugarriak abiapuntutzat hartuz eratzen dau forma hori.

Grijalvok, 2011n, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Rekalde bekea irabazi eban, Rotterdamgo Het Wilde Weten (HWW) zentro artistikoan egoitza bat egiteko. Bilbon bizi da eta Bilbon egiten dau lan, eta bertan egin dau bere prestakuntza artistikoa be, Leioako Arte Eder Fakultadean, UPV/EHUn; hain zuzen be, Irudia, Ikus-entzunezkoak eta Argazkigintza espezialidadea ikasi dau.

Bekadun egoiliarra izan da Bilbao Arte Fundazinoan 2010ean, eta urte horretan bertan, egoitza-bekea lortu eban Austriako Kunsthaus Bregenz museoan. Hainbatetan aintzatetsi izan ditue haren argazkiak aitamenakaz Lucie Foundationeko International Photography Awards sarietan.

Amaia Gracia Azquetak (Iruñea, 1985) irabazi dau bigarren saria, Guía-Montaña izeneko pieza eskultorikoagaz. Obra horretan, medailoi bat txertatu dau, eta medailoiaren barruan, mendizale baten irudia ikusten da, bizkarrez, Caspar David Friedrich margolari alemaniarraren Ibiltaria hodeizko itsasoaren gainean ospetsuko irudiaren erreplika moduan. Medailoia mahai baltz, soil eta estu baten gainean ipinia dago, doluminen liburuei eusteko balio dabenen antzeko batean. Hartzaileak beira baten bidez bakarrik begiratu leike, denporea etenik gelditu dan kutxa batean bezela.

Jose David Romero Martín (Loja, Granada, 1988) da hirugarren saritua Ertibil Bizkaia lehiaketa honetan, The martyr is not present obreagaz. Lan horretan, neurri batean, Atarax (ansiolitiko bat, gaur egun gero eta gehiago konsumiduten dana) kaxa egiazkoaren tratamendu grafikoa erreproduziduten dau.


Rekalde aretoko hurrengo erakusketak

- Bagilak 4: Manu Uranga.

- Garagarrilak 11: Cristina Lucas.

- Garagarrilak 23: Silvia Olabarria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu