Euskerearen aldatza leuntzeko asmoz egingo dabe maiatzaren 26an Ibilaldia Portugaleten
2013-05-16 14:59 Euskerea berbagaiAsti Leku ikastoleak antolatu dau 2013ko Ibilaldia eta Itsasadarraren Ezkerraldeko ezaugarri nagusi biak batuko dituan ibilbidea preparau dabe: Itsasadarra bera eta industria buztartuko ditu 7,5 kilometroko zirkuituak. Industriaren munduan euskerea sartzeko lan egin dabenei egingo deutsie omenaldia aurten.
Asti Leku ikastoleak antolatu dau 2013ko Ibilaldia eta Itsasadarraren Ezkerraldeko ezaugarri nagusi biak batuko dituan ibilbidea preparau dabe: Itsasadarra bera eta industria buztartuko ditu 7,5 kilometroko zirkuituak. Industriaren munduan euskerea sartzeko lan egin dabenei egingo deutsie omenaldia aurten.
Asti Leku ikastolea Portugaleten dago, baina Ezkerralde osoko ikasleak joaten dira. Horregaitik, Txus Bilbao zuzendariak azpimarratu nahi izan dau, alboko herriek be parte hartu dabela antolakuntzan. Holan, zirkuituko bost guneetatik bat, Sestaon egongo da eta, beste bat, Santurtzin. 7,5 kilometroko ibilibidea preparau dabe, luzea dirudi baina ez da nekeza izango, iragarri dau Ibilaldiko koordinatzaile dabilen Kristinak. Ibilbide osoan eta bost guneetan era guztietako jarduerak egongo dira, kontzertu lasaiak, zaratatsuagoak be bai eta edade guztientzako ekintzak. Lehenengo gunea, zirkuituaren hasierea, Asti Lekun egongo da, aurten 50 urte beteko dituan ikastolan.
Ezkerraldea eskualde aldapatsua da eta hortik dator aurtengo Ibilaldiaren leloa, Aldapak leunduz. Txus Bilbao zuzendariak azaldu dauenez, aldatzak zentzu metaforikoan erabilten doguz, ekonomiaren aldatza igon behar dauelako gure eskualdeak eta, batez be, euskerearen aldatza igoten lagundu nahi dogulako. Asti Lekuren moduko ikastolei esker, Ezkerraldean euskaldun gehiago dagoz orain, baina aldatza dagoala ez da ahaztu behar, euskaldun kopuruak gora egin dau, baina erabilerea eskasa da oraindino, itxaroten dogu Ibilaldiak erabilereari bultzadea emotea, euskerearen aldatza leuntzea. Euskereari lagundu ez eze, ikastolearen beharrizanak be ase gura ditue Ibilaldiagaz, Txus Bilbaok esan dauenez, azpiegitura batzuk barrizteko erabiliko dabe, batik bat, batutako dirua, dirua batzea inportantea da, baina ez inportanteena, lehentasuna euskereak dauka.
Zirkuituko zatirik bereziena, 636 metroko tunela izango da, Txus Bilbaok azaldu dauenez: XIX. mendeko tunela da, meatzeetatik itsasadarreko kargalekuetara minerala eroateko trenak erabilten ebana; bertan behera itxita dago, baina guk, Ibilaldirako, atondu eta argiztatu egin dogu eta, egun batez, erabilgarri egongo da. Portugaletek badaukaz alderdi bi, itsasadar dotorea eta, atzean, alderdi industriala, tunelak biak batzen ditu, Portugaleteren paisaje biek bat egiten dabe tunelaren alde banatan.
Ezkerraldea industriagaz horren lotuta dagoanez, aurten, euskerea industria girora eroan dabenak omenduko ditue. Bizkaiko Ikastolen Alkarteko Juan Carlos Gomezek azaldu dauenez, ez da erraza izan omenaldia bideratzea, euskereak leku txikia izan dau Bizkaiko industrian. UZEI (egin dauen terminologia lanagaitik), Euskalit eta Kontseilua (industrian euskerearen ziurtagiriak banatzen ditualako) eta Elai enpresea (euskeraz funtzionetan aintzindari izan dalako) izango dira gorazarrea jasoko dabenak.
Elai Alai kultura alkarteak be zeresana dauka aurtengo Ibilaldian. Asti Leku ikastolea bultzatu eben taldeetako bat izan zan eta, orain, Ibilaldiaren antolakuntzan ibili da. Ganera, Folklore Azokearen 8. ekitaldia Ibilaldiagaz batera, maiatzaren 25 eta 26an, egitea erabagi dabe, jarduera biak batu nahi izan doguz, baina Ibilaldia izango da protagonista nagusia, azaldu dau Gaizka Benguria Elai Alaikoak. Folklorearen adierazpide guztiak batuko ditue azokan, tresnak, jantziak, artisauen lana, jantzak eta abar egongo dira, Merkatu Plazan. Musika tresnen erakusketea eta Kataluniako Casteller-en erakustaldia be iragarri ditue. Portugalete, euskerearen, folklorearen eta kulturearen uriburu bihurtu nahi dogu, dino Benguriak.
Bost gune, 7,5 kilometrotan banatuta, horixe izango da aurtengo Ibilaldia. Betiko legez, egun osoan egongo dira jarduerak: eskualdeko arraun taldeek antolatutako ekintzak, Portugaleteko Musika Bandearen emonaldia, Irrien Lagunak, umeentzako olgetak, kirol alternatiboen gunea eta abar. Makina bat kontzertu be egongo dira: Xabi Aburruzaga herriko trikitilariak disko barria aurkeztuko dau, Ibilaldiaren kantua egin dauen Kherau hantxe egongo da eta baita Gatibu, Zarama, Hesian, Trikizio eta abar be. Antolatzaileek garraio publikoan joateko deia egin dabe. Portugaleteren ezaugarriak dirala-eta, ez da erraza autoz joatea (aparkaleku batzuk atonduko dituen arren); metroak, autobusak eta trenak, barriz, zirkuituaren bihotzeraino heltzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!