Berreginen Museoak modu interaktiboan erakutsiko ditu bere lanak, Museoen Nazinoarteko Egunagaz bat eginik

Bizkaie! 2013-05-14 12:40   Kulturea

Museoen Nazinoarteko Eguna maiatzaren 18an, ospatuko da Memoria+Sormena= Gizarte Aldaketa lelopean. Museoa="Zu" Zeu izenburua daroan ekimenaren bitartez, Museoa beste modu batera bisitetako proposamena egiten da, bildumea ezagutzeko eta bildumeagaz alkarrekintzan ibilteko bost era desbardinen bitartez.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Bilboko Berreginen Museoak zenbait jarduera berezi programau ditu, bisitariakaz batera Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko. Museoen Nazinoarteko Eguna datorren zapatuan, maiatzaren 18an, ospatuko da Memoria+Sormena= Gizarte Aldaketa lelopean. Museoa="Zu" Zeu izenburua daroan ekimenaren bitartez, Berreginen Museoa beste modu batera bisitetako proposamena egiten da, bildumea ezagutzeko eta bildumeagaz alkarrekintzan ibilteko bost era desbardinen bitartez.

Bisita gidatua… baina ez ohikoa, Friso interaktiboa, Deskubritu, kontatu, azaldu…, Marraztea klasikoa da eta Egipto Zaharrean Margotzea dira egun horretan, doban, eta jente guztiari zuzenduta, egin ahal izango diran jarduera berezien izenburuak.

Lehenengo jarduerea Pergamoko Zeusen Aldareko Frisoari egingo jakon bisita gidatu desbardina izango da. Horretarako berenberegi egindako bideo baten laguntzinoagaz egin ahal izango da.

Museoaren lehen pisuan, barriz, Panateneaseko frisoagaz alkarrekintzan ibilteko aukerea izango da. Lan hori Akropolis. Mito Biziak aldi baterako erakusketearen parte da. Tecnaliagaz alkarlanean egindako aplikazinoari esker, denporearen eraginez dagoeneko existiduten ez diran edo hondatuta dagozan aldeak ikusi ahal izango dira. Horrezaz gan, jatorrizko polikromia modua erakusten dau, arkeologiak markautako jarraibideei jarraituz. Gainera, sistemeak, Atenea, Hefesto eta Poseidon irudikatzen dituan frisoaren parte bategaz alkarrekintzan ibilteko aukerea emoten dau.

Deskubritu, kontatu, azaldu… izeneko jarduereari jagokonez, Museotik oinez ibilteko proposamena egiten dau, artelan jakin batek bisitariaren atentzinoa emoten dauen arte. Berreginen Museoko eskulturek kontetako istorio asko eta asko ditue. Batzuek jazoera historikoak, erlijinozkoak edo mitologikoak kontetan ditue. Moisesek Biblia azalduko deusku, Zeusen aldareak jainkoen eta erraldoien arteko burrukea kontetan deuskun bitartean. Helburua, bisitariak ikusten dauena eta bere ustez jazo dana deskribidutea da.

Berreginen Museoko Bildumea marrazteko baliabide bikaina da, eta, holan erabili izan da 80 urte baino gehiagotan. Marraztea klasikoa da jarduerea, artelanetan inspirautako marrazkiak egitean oinarritzen da. Jarduera horretan marrazkiak sor daitekez, bisitan zehar gehien gustau jakuzan irudiakaz.

Azkenik, Egipto Zaharrean Margotzea jarduereak, Bastet jainko egiptoarraren berregin bat margotzeko proposamena egiten deusku. Museoko tailerrean bisitariek materialak izango ditue irudiak apaintzeko. Berregin horreek, Museoak 1936an Pariseko Louvreko tailerrei erositako piezakaz dagoz eginda. Museoko bilduman dagoan piezeak 40 zentimetroko altuerea dauka, eta Bastet jainko egiptoarra irudikatzen dau.


Abesbatzen musikea

Museoaren Nazinoarteko Egunaren ospakizunari amaierea emoteko, arratsaldeko 20:00etan, San Antongo Orfeoiak, Urretxindorra Abesbatzak eta Sanfran Koruek euren emonaldia eskainiko dabe.


- Berreginen Museoa
Mariaren Bihotzaren eleizea
San Frantzisko, 14 Bilbo

- Museoaren ordutegia:
Martitzenetik zapatura: goizeko 10:00etatik 13:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.
Domekatan: goizeko 10:00etatik 14:00etara.
Zarratuta: astelehenetan eta jaiegunetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu