Ana Lopez Asensio: 'Kalidadea eta aniztasuna dira gure ikurrak'

Koldo Isusi Zuazo 2013-05-13 11:55   Barriketan
Leioako Umore Azokako zuzendaria

Leioa kale artearen uriburu bihurtuko da datozen egunotan. Leioako XIV. Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokeak 54 ikuskizun, tarteko behin betiko 13 estreinaldi, eta danetara 120 agerraldi eskainiko ditu maiatzaren 16tik 19ra; 40.000 lagun inguru espero ditue antolatzaileek. 2013ko edizinoan egoteko 300 eskakizunetik gora jaso badira be, azkenean 53 konpainia izango dira Leioan atondu diran 13 gune eta 28 agertokietan euren proposamenak eskaintzeko.

Hona hemen, Leioako Umore Azokako eta Leioako Udaleko Kultura arloaren zuzendariagaz egin dogun barriketaldia.


1.- 1995ean, Leioako Udaleko Kultur Arloak Umore Jaialdia antolatzeko abentureari ekin eutson. Hasiera horretan, areto barruko ikuskizunak izan ziran. Zelan gogoratzen dozuz hareek momentuak?

Ilusinoagaz eta gogoagaz hasi ginan baina ez geunkan inondik inora gaur egun daukagun azpiegitura eta aurrekonturik; datu lez baino ez bada be, aurten 250.000 euroko aurrekontua daukagu. Hasieran, kalean barik barruan, Kiroldegian egiten genduzan ekitaldi guztiak eta astegoienean, pare bat egunetan eskaintzen genduzan; parte-hartzaileak oso gitxi izaten ziran. Apurka-apurka joan ginan ikusten gero eta kaleko antzezpen gehiago eta publiko gehiago egoala eta pausu bat aurrera egin behar zala.


2.- Bost urte geroago, Umore Azokea Kaleko Artisten Azoka bihurtu zan. Zergaitik kalean? Zergaitik azoka?

Ordurako ohikoa zan kaleko ikuskizunak edozein herritako jaietan ikustea eta, esangura horretan, buruari buelta lar emon barik hartu genduan erabagia. Gaur egun kale arteetan industria sendoa dago eta luzaroan beharrean dabilzan konpainiak danok ezagutzen doguz, besteak beste, Hortzmuga, Gaitzerdi eta Trapu Zaharra; kasu batzuetan, 25 urtetik gora daroez arte eszenikoetan beharrean.

Azokearen ideia, barriz, alkarlanaren ondorioz etorri zan, guk ezagutzen genduzan taldeetako ordezkariakaz izandako ideia eta asmo trukaketearen ondorioz, hain zuzen be. Helburu bi buztartu behar zirala ikusi genduan, batetik, ikusleentzako ahalik eta eskaintza onena atontzea eta, bestetik, kaleko arte eszenikoen industria kulturala suspertzea. Holan etorri zan azokea antolatzeko erabagia.


3.- Zeintzuk dira Kaleko Artisten Azokearen helburuak?

Artea kalera atara eta ikusleakazko komunikazino zuzenari esker, jentearen interesa ernearazotea ez da gitxi. Areto zarratuetatik kanpo, kalean gatxagoa da publikoaren atentzinoa erakartea, komunikazinorako kodeak desbardinak dira, kalean keinuak, soinua eta musikea, umorea eta mobimentua erabilten dira baina publikoa honezkero ohituta dago holako bizigarrietara.

Ganerakoan, kalidadea da gure ikurra, gure azokara datozen konpainiek ekarten dituen lanen kalidadea; zorrotz jagoten dogu hori, kaleko arteetan eredu da Leioako hitzordua eta hori ondo dakie taldeek, izan be, Leioan parte hartzeko aukeratua izatea berez da mesedegarria eurentzat.

Era berean, Kaleko arteen industria-garapenari laguntzea eta azokearen ikuspegi komertziala azpimarratzea be helburu garrantzitsuak dira. Sektoreko profesionalen artean hartu-emonak sortzeko eta ideiak, informazioa eta esperientziak alkartrukatzeko foroak sortzen laguntzea be oso garrantzitsua da guretzako.


4.- 2001ean, Leioa sortu zaneko 475. urteurrena izan zan, eta urte horretatik aurrera azokeak beste dimensino bat hartu eban. Ganera, urte batzuk geroago dimensino hori sendotu egin zan, Kultur Leioa zentroaren inaugurazinoagaz batera...

Bai. 2001. urtea erabagiorra izan zan eta aitatu urteurrenagaz batera, Kultur Leioaren inaugurazinoa izan genduan, azpiegitura garrantzitsua da hori eta kultur egitarau potoloa antolatzeko aukerea zabaldu jakun. Horri esker Umore Azokeak be aparteko indarra hartu eban.


5.- Umore Azokeak sorkuntzeagaz konpromiso sendoa dauka eta Leioa estreinaldirako aukeratzen daben ikuskizunen produkzinoetan alkarlanean ibilten da. Aurten, berbarako, 14 estreinaldi izango dira Leioan, 8 euskal konpainien eskutik. Ze obra da aurten alkarlanaren ondorio?

Alkarlana ez da hitzarmen kontua bakarrik, konpainiakaz bat egin eta zeozelako jarraipen bat egitea gustetan jaku, bai obrena eta bai konpainiena be. Gehiago esango deutsut, sarritan ikuskizunen lehenengo ideiaren inguruan be kolaboretan dogu, taldeen prozesu artistikoan parte hartzen dogu gure aholku eta ekarpenakaz. Umore Azokeak sorkuntzeagaz konpromiso sendoa dauka eta aurten hitzarmen finkorik egin ez badogu be konpainia askok erabilten ditue gure baliabide eta azpiegiturak. Ganera, konpainia hasibarriei be gure laguntzino eta aholkularitzea eskaintzen deutsegu eta bidea alkarregaz egiten dogu.


6.- Aurten 53 konpainia batuko dira Leioan 54 ikuskizun eskaintzeko, Estaduko autonomia-erkidegoetako konpainiez gan Erresuma Batua, Frantzia, Holanda, Israel, Italia, Polonia, Turkia, Errusia eta Errumaniako artistak batzen dituen taldeak izango dira...

Bai, horreek dira datuak baina izan doguzan eskaintzak 300etik gora izan dira, munduko bazter guztietatik jasotakoak. Era guztietako proposamenak izan dira, neurriari jagokonez, eszenografiari jagokonez, artisten kopuruari jagokonez zein arte diziplinari jagokonez be. Aukeratzeko orduan, kontzeptu subjektiboa izan arren, kalidadeari begiratzen deutsagu ezer baino lehen eta gero joaten gara puzlea osotzen. Aniztasunaren alde be egiten dogu, danetariko ikuskizunak egon daitezan Kaleko Artisten Azokan, antzerkia, zirkua, musikea, jantzea, mimoa, parte hartzea sustatzen dabenak, instalazinoa...


7.- Izena emondako profesionalak ia berrehun izango dira, horreetako hainbat atzerrikoak. Speed meeting-ak, ADDEren topaketea, VII. Argazki Rallya, COFAEren zirkuitua eta abar izango dira...

Bai. Leioa erakusleiho garrantzitsuan da, profesionalen topaleku interesgarria. Kultur programatzaileak zehatz-mehatz ibilten dira Leioan aurkezten diran obrak ikusten eta aztertzen eta azkenean kontratazinoak izaten dira. Eta ez hori bakarrik, izan be, profesionalen artean ideiak trukatzeko, egungo egoerea aztertzeko zein urtenbideak edota kolaborazinoak zehazteko be sano aproposak izaten dira azokako egunak.

Azoka egunetan bestelako ekitaldi baztuk be izango dira, berbarako, Sareak, Euskadiko Antzoki Sareak, Batzar Nagusia egingo dau azokako lehenengo egunean, hilaren 16an; ADDE Euskal Herriko Dantza profesionalen Alkarteak, jantzearen zabalkunderako, sektorearen kohesinorako eta profesionalen lan baldintzak hobetzeko martxan dabilen alkarteak, topaketea antolatu dau jantzea hezkuntza arloan zelan zabaldu daitekeen lantzeko.


8.- Umore Azokeak 28 espazio eszeniko izango ditu aurten, kale eta parkeak gehienak, eta horreetatik hiru barriak dira egitarauan: Elexaldeko Errotea, Skate Park eta Pinosolo parkea...

Bai. Ezohiko bi leku daukaguz aurten, Skate Parka eta Pinosolo Parkea. Leku oso erabiliak dira herrian eta oso egokiak ikuskizun batzuk eskaintzeko; berbarako Skate Parka arte kaletarra, hip-hop, break dance jantza eta holakoetarako oso aproposa da. Pinosoloko Parkea da aurten barrikuntza handiena; parkearen barruan bost eszenatoki atonduko doguz eta hor eskainiko doguzan ekitaldiak sano bereziak izango dira, batez be, jentearen parte-hartzea eskatzen dabenak.

Ikuskizun bakotxerako leku aproposenaren bila ibilten gara eta berezietan berezia da Elexaldeko Errotea orain hiru urte erabili genduana; aurten be ekitaldiak izango dira han.


9.- Aurten be Umore Azoka Sariak banatuko dozuez...

Ez dira sari ekonomikoak izaten baina ondo gogoan hartzen ditue konpainiek ze prestigio handikoak dira. Sari bi izaten dira, Kaleko Ikuskizun Onena eta Euskadiko Ikuskizun Onena. Horrezaz gan, urtero ohorezko saria emoten dogu, kaleko arteetan nabarmendutako persona edo erakundeak saritzeko.


10.- Igaz 40.000 lagun inguru hurreratu ziran Leioara. Aurten marka hori gainditzea da helburua?

Kontuan hartu Leioako erroldan 30.000 lagun inguru dagozala eta nik beti esaten dot azoka egunetan ez dozula inor etxean topauko. Eta kanpotik, inguruetatik eta kanpotik datozenak be ugari izaten dira; asko dira ganerako autonomi erkidegoetatik asteburupasa etorten diranak be.

Kaleko arteen azokeak berpiztu egiten dau Leioa, Leioako ekonomia eta egungo egoerearen aurrean, herri osoa inpliketan da baita dendariak eta ostalaritza sektorea be.

Azken buruan, esan gura dot danak zagozela konbidauta, Leioa ezagutzen ez badozue ondo hartuko zaituegula eta danontzako eskaintzea dagoanez, txiki zein handientzako gustoko lanak topauko dozuezala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu