Urtzi Urrutikoetxea da Euskal PENeko ordezkaria Bakearen Aldeko Idazleen Batzordean Eslovenian
2013-05-09 14:04Esloveniako PEN Zentruak antolatuta, Bakearen Aldeko Idazleen 45. bilerea dagoz egiten Bled urian. Euskal PEN alkartearen izenean Urtzi Urrutikoetxea dago parte hartzen. Literatur sormena: Periferiatik Zentrura. Idazlea bidaiari – bakea sortzen hedabide barrien erronken aurrean izenburu luzea dauka aurtengo ekitaldiak.

Esloveniako PEN Zentruak antolatuta, Bakearen Aldeko Idazleen 45. bilerea dagoz egiten Bled urian. Euskal PEN alkartearen izenean Urtzi Urrutikoetxea dago parte hartzen. Literatur sormena: Periferiatik Zentrura. Idazlea bidaiari — bakea sortzen hedabide barrien erronken aurrean izenburu luzea dauka aurtengo ekitaldiak. Mundu osoko hainbat egilegaz batera bakearen aldeko aldarrikapena egingo dabe. Era berean, Poesia Jaialdian parte hartuko dau Urtzi Urrutikoetxeak.
Europako hainbat idazle batu dira esloveniarrakaz batera: Hungaria, Suitza, Austria, Kroazia, Alemania, Frantzia, Okzitania, Irlanda, Eslovakia, Estonia... baita Euskal PEN be. Keniatik, Kanadatik, Argentina, Korea eta Palestinatik be etorri dira idazleak.
Literatureagaz batera, munduko hainbat gai izango dira berbagai. Palestina eta Israel PEN zentruetako kideak dira, baita Txinatik erbesteratutako uigurrak be. Kurdistango egoeraz eta kurduerearen debeku eta zapalkuntzaz be berba egingo dabe. Euskal PENek gure herriko egoerearen barri emon dau orain arte hainbat bileratan. Eta holan egingo dau aurten be. Bruselatik Aieteko Adierazpenera, Euskal Herriko bake-prozesuaren aldeko erabateko babesa lortu dau Euskal PENek azken urteotan. Ezin ahaztu, adierazpen askatasunak oraindino be hainbat traba daukazala. Kazetarien kontrako atentadu mehatxua desagertu bada be, oraintsu webguneak zarratzea zein kazetarien kontrako polizia-gehiegikeriak izan dira. Nafarroan ETB eta Euskalerria Irratiagaz gertatzen dagoana be adierazpen askatasunaren kontrakoa da eta ezin ahaztu kartzelan dagozala Egin egunkariko kideak be.
Periferiatik idaztea izango da lehen gaia Bledeko Topaketako lehen gaia. Hungariako erromaniak, Afrikako ahotsak eta Okzitaniako trobadoreak izango dira berbagai, besteak beste. Bigarrenak, bidaian ardaztuta, interneten, sormena, zabalpena eta askatasun digitala izango dau ardatz.
Euskal PEN 2004an sortu zan; aurretik beste bitan jaio ondoren (1950 eta 1988an), lehen hamarkadea betetzear da. Urteotan, munduko kulturakaz partekatu dogu geurea eta Bakearen Aldeko Batzordean, Idazle Espetxeratuen Batzordean (datorren astean Krakovian izango da talde horretako bilerea), Emakume Idazleen Batzordean eta Hizkuntz Eskubideenean be parte hartuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!