Igon Olaguenaga: 'Denporea emotearren hasi ginan, gure asmoa ez zan honaino heltzea'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-05-06 12:34   Barriketan
Mandoilek taldeko abeslaria

Rumbea, cumbia, patxangea, reaggaea, ska... makina bat musika estilo topauko doguz Mandoilek talde amurrioarren lehenengo diskoan. Orain urtebete emon eben lehenengo kontzertua, eta ordutik parau bari dabilz. Lokalean, denporapasa lez, hasi zana disko bihurtu dabe, ia gureztala. Jai giroa, jantzan egiteko gogoa, bizitzearen alde positiboa eta argitsua dakarre, eurek dinoen lez, dana ez dira balada melankolikoak izango, ezta?. Igon Olaguenaga abeslariak bandearen eta diskoaren gorabeherak kontau deuskuz.


1.- Asier eta zeu, bateria eta trikitia. Holan hasi zan Mandoilek.

2011-2012ko neguan hasi ginan, denporea emotarren. Beharretik urten eta joteko geratzen ginan. Talde ezagunen kantak-eta ziran, tontoarena egiten. Baina, ekin eta ekin, atzenean geure melodiak sortu genduzan. Holan hasi ginan, ia konturatu barik. Gure asmoa ez zan honainoa heltzea, pentsau bez.


2.- Ba, lagun baten tabernan lehenengo kontzertua emon ostean, parau barik zabilzie.

Errepertorio bat osotu genduan eta jentaurrean aurkezteko gogoa geunkan, jenteak zer egiten gabilzan ikusteko. Data bat ipini zuzenekoa egiteko, eta halan hasi zan dana. Kontzertuak bata bestearen atzetik etorri ziran, ez genduan pentsau hainbeste izango ziranik. Ez zan gure asmoa, denporapasea zan guretzat. Ondo pasetako baino ez ziran. Igaz, atzenean, 40 kontzertu emon genduzan. Horrek gauzak beste modu batera ikustera eroaten zaitu, ondo pasetako ez dira hainbeste zuzeneko emon behar.


3.- Izandako arrakasteak eroan zaitue diskoa grabetera?

Atzenean, erabagi bat hartu behar dozu; ondo pasetan segidu, eta trankilago hartu, edo aukerea aprobetxau, eta aurrera egin. Diskoa aterateko abesti bildumea prestau, eta behar dan moduan grabetea pentsau genduan. Musikea gitxi gorabehera eginda egoan, bajua eta gitarrea, eta Unairen testuak sartukeran, taldea egituratu egin zan.

Estudioan azkenengo momentuko gauzaren bat sartu zan, zeozer aldatu. Dabid Nanclares egon zan produkzinoan, berak lagundu euskun abestiak biribiltzen. Dana arineketan izan danez, kanpoko nonoren ikuspuntua behar genduan estudioan.


4.- Jentea bizitzearen alde argitsura daroazuela esan eban Elkarreko Anjel Valdesek aurkezpenean. Ez da gitxi gaur egun!

Gure musika estiloak alaitasuna dakar, letrek eta melodiek nostalgia puntu bat emon ahal dabe, baina erritmoak beti eroaten zaitu giro alai eta jantzagarrira


5.- Zuen kantak entzunda, argi dago jentea jantzan ipini gura dozuela.

Euskal Herrian kontzertuak ikustera zoaz, estilo horretako musika da nagusi, talde gitxik lortzen dabe jantzan eginarazotea. Musika oso ona daukagu hemen, baina ikusteko eta entzuteko besterik ez da.


6.- Erraza da euskaldunak jantzan ipintea? Zenbat kanta behar dozuez zuek?

Hasieratik egoten da jentea jantzan, baina Kataluniakoaren aldean, esaterako, hemengo publikoa desbardina da. Katalunian jentea hasiera-hasieratik sartzen da kontzertuan buru-belarri jantzan. Euskal Herrian asko albo baten geratzen dira, begira.


7.- Akaso hemen garagardo gehiago behar doguz jantzan hasteko...

Kar, kar, kar, bai, hori izango da.


8.- Katalunian ibili zarie, hango taldeen eraginik jaso dozue?

Bai, eragina izan dogu, batez be La Troba Kung Fu taldearena. Hasiera batean gure musika mexikarragoa zan, korridoak-eta egiten genduzan, baina banda honek rumba kutsua emon euskun. Reggaea eta beste erritmo batzuk nahastau daitekezela erakutsi euskuen, ska, rumbea eta abar.

Musika estilo asko nahasten doguz, baina danak dira jantzagarriak, danak daukie alaitasun kutsu argia. Erritmo desbardina daukie, baina ez da alderik igarten. Lehenengo kantea saltsea da eta bigarrena reggaea, baina entzuterakoan ez dau emoten desbarinak diranik, ondo entzun daitekez, hari bat segiduten dabe.


9.- Kanten berbak Unai Mendibilek eta biok idatzi dozuez, ezta?

Askotan neuk eroaten neban ideia, eta Unaik, bertsolariak izanda, garatu egiten eban. Nik baino abilidade handiagoa dauka, horregaitik deitu geuntson. Kanta guztiak idazteko denporea behar da, eta abilidadea, zer hobeto bertsolari bat baino?


10.- Ba, bai bertsolaria bai abeslaria gautxoriak dirala pentsauko dau baten batek... Espuela kantan, Etxetik ateratzen gara baina bueltatzea ez da erreza dinozue, berbarako.

Abestietan gure esperientziak dagoz, batzuk parrandeagaz zerikusia daukie. Gautxoriak gara, edo izan gara, gure sentsazinoak azaldu gura izan doguz.


11.- Eta beste baten, Bilbi izenekoan, han edozer gertatu daiteke kantetan dozu.

Bilbon egiten genduzan parranda potenteen sasoian beti amaitzen genduan Bilbin, sekulako giroa egoten zan goizeko ordu txikiak arte. Azkenaldian, antza, gauzak asko aldatu dira, nahikoa hutsik dabil. Abestia Billbiri keinu egiteko idatzi zan, hortik dator.


12.- Halanda be, bestelako kantak be badaukaz Mandoilekek, Be quiet! edo Urrutitik kantu. Dana be ez ez da parrandea.

Urrutitik kantu zuzenekoetan joten izan dogu, azkenengo momentura arte ez genduan jakin diskoan sartu ala ez. Polito geratu da, kolaborazinoakaz eta. Halan da, bai, dana ez da parrandea eta jai giroa, gure inguruagaz konpromisoa be badaukagu. Badagoz gauza batzuk ez diranak ahaztu behar.


13.- Araba Euskaraz jaiaren kantea zeuk egin dozue, Mihian kili kili. Zelango esperientzia izan da?

Amurrioko Aresketa Ikastoleak proposatu euskun, herriko jenteak egitea gura eben eta holan ekin geuntson. Musikea neuk konposau dot osorik; kantea garatzeko lagun batzuk egondira, gitarrea eta programazinoak sartzen. Jente ezagunaren ahotsak be sartu doguz, Zuriñe Hidalgo, Mikel Markez, Imanol Ubeda, Naroa Gaintza, Txiki (Canteca de Macao), Unai Mendibil, Iñaki Viñaspre... Ahots ezagunak egotea garrantzitsua da.

Esperientzia benetan polita izan da. Ganera, diskoagaz be orduan genbilzan topera... Norbere herria izanda, presinoa handiagoa da. Laudioko Araba Euskaraz jairako kantea be egin neban, baina norbere herriarentzako egin beharra beste ardura bat da. Diskoa be tartean egoan, ez nekien dana egiteko denporea eukiko ete neban.


14.- Bagilaren 16an, beraz, Araba Euskarazen joko dozue.

Bai, bertan joko dogu. Herrian jotea oso ondo dago, ohituta gagoz.


15. Eta zein da hemendik aurrera Mandoileken erronkea?

Udan zuzenekoak emotea, hori da gure asmo nagusia. Abuztuan Kataluniara joatekotan gagoz. Eta udagoinean zeozer barria landu beharko dogu, pentsetan hasi beharko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu