Karmele Rotaetxe Amusategi hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da
2013-05-03 12:26 Euskerea berbagaiAtzo, maiatzak 2, hil zan Karmele Rotaetxe Amusategi hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina, 81 urte zituala. 2008ko maiatzaren 10ean, Mendebalde Kultura Alkarteak omenaldia egin eutson, euskal hizkuntzalaritzan aitzindari eta bidegile izateagaitik.
Atzo, maiatzak 2, hil zan Karmele Rotaetxe Amusategi hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina, 81 urte zituala. 2008ko maiatzaren 10ean, Mendebalde Kultura Alkarteak omenaldia egin eutson, euskal hizkuntzalaritzan aitzindari eta bidegile izateagaitik.
Karmele Rotaetxe Amusategi Bilbon jaio zan, 1932ko urtarrilaren 17an. Umea zala, eta Espainiako Gerrearen ondorioz, Frantziara alde egin eban familiak. Frantzian ikasi eban Batxilergoa. 1967an, Filosofia eta Letretan lizentziau zan, Deustuko Unibersidadean. Hamar urte geroago, Estudio estructural del euskera en Ondarroa izeneko tesiari esker -Koldo Mitxelenak zuzenduta- lortu eban Doktoretzea, Salamancako Unibersidadean.
1977tik aurrera, euskera eskolak emon zituan, Bilboko Unibersidade Autonomoan. Ostean, Leioako Kazetaritza Fakultadean behar egin eban, euskera eskoletako koordinatzaile moduan. 1978an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultadea martxan hasi zan, eta bertan jardun eban Rotaetxek, Frantses eta Hizkuntzalaritza Sailaren arduradun. 1986An, Hizkuntzalaritza Orokorreko katedrea eskuratu eban.
1994-1995 ikaskurtean, Sorbona Unibersidadeko (Paris V – René Descartes) irakasle konbidau lez ibili zan, eta 1997an, EHUko Kazetaritza Fakultadera bueltau zan. Ibilbide luzea egin eban euskerearen morfologia eta sintaxia aztertzen. Europako hizkuntzen egoerea be aztertu eban. 2001 urtean, Euskal Herriko Unibersidadeko irakasle emeritu izentau eben.
New York Academy of Sciencesko kidea izan zan, Hizkuntzalaritza Sailan. 1 Eurotyp, Europako Hizkuntzen Tipologia Ikertzeko Programako kide iraunkorra be izan zan. Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Saileko idazkaria izan zan 1987an, eta saileko presidentea 1987tik 1994ra.
1979ko abenduaren 23an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban, eta 2004n, euskaltzain ohorezko. Akademiako Gramatika batzordekidea zan, hasiera-hasieratik.
Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan makina bat artikulu idatzi zituan. 2008an Mendebalde Kultura Alkarteak omendu eban.
Hemen, argitaratutako lan nagusiak:
-Estudio estructural del euskera en Ondarroa (1978)
-Sur un point de morphologie nominale du basque. Fontes Linguae Vasconum (1971)
- L’accent Basque: Obsevations et hipothésis (1978)
- Cultura oficial y lenguas minoritarias (1980)
- Lingüístca lógica: la construcción ergativa vasca (1978)
- Numeral eta aditzen arteko konkordantziaz (1979)
- Pluraleko ergatibo-adierazleari buruz (1978)
- Sociolingüística (1988)
- Soziolinguistika: hizkuntza eta gizartea Euskadin (1986)
- Tipología lingüística: dativo y datividad (1999)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!