'Gernikatik Gure Arteara. Imajinario berriak suntsitu eta eraikitzea' erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2013-05-02 15:45   Kulturea

Bizkaiko Legebatzarrak Bilbon daukan egoitzako arte-bildumako artelanetako batzuk jarriko ditu ikusgai lehenengoz. Gernikatik Gure Arteara. Imajinario berriak suntsitu eta eraikitzea izeneko erakusketea 11 artelanez osotuta dago.

Bizkaiko Legebatzarrak Bilbon daukan egoitzako arte-bildumako artelanetako batzuk jarriko ditu ikusgai lehenengoz. Gernikatik Gure Arteara. Imajinario berriak suntsitu eta eraikitzea deitzen da erakusketea eta 11 artelanez osotuta dago. Erakusketeak gerrearen inguruko hausnarketea piztu gura dau, Gernikako bonbardaketearen 76. urteurrena bete danean hain zuzen be.

Bizkaiko Legebatzarrak Bilbon daukan egoitzako areto, bulego eta batzar-geletan daukazan artelanetariko batzuk Erakusketa-Gelara (Hurtado de Amezaga, 6. Bilbao) eroatea erabagi dau Gernikatik Gure Arteara. Imajinario berriak suntsitu eta eraikitzea deitutako erakusketea atontzeko. Erakusketea Enkarterrietako Museoagaz koordinauta eta euskal artean aditua dan Xabier Sáenz de Gorbearen ardurapean antolatu da, eta Batzar Nagusien arte-bildumako 11 artelanez dago osotuta. Bertan, bederatzi artistek Gernikako bonbardaketearen ondorio negargarriak eta iruditeria kolektiboaren beste alderdi batzuk erakusten ditue.

1937an, armada frankisteak Gernika bonbardeautakoan herritar zibilei egindako eraso krudeletik hasi —horren inguruan Jorge Oteizak (1908-2003) egin eban brontzezko eskultura bategaz— eta 1982. urtean Iñaki de la Fuentek Gure Artea saria jaso arteko sasoikoak dira erakusketarako aukeratu diran artelanak. Danetara, 11 artelan dira, Gernika suntsitu izanaren ondorioetan oinarritu eta beste euskal artista batzuk —esaterako Gabriel Ramos Uranga (1939- 1995), Mikel Díez Alaba (1947), Juan Luis Goenaga (1950), Daniel Tamayo (1951), Alfonso Gortázar (1955), Jesús Mari Lazkano (1960) eta Mari Puri Herrero (1942)— mende erdi horretan izandako bilakaerearen erakusgarri txikia izateko asmoz.

Gernikako suntsiketa fisikoa nabarmentzen da artelan batzuetan, erakusketearen arduradun dan Xabier Sáenz de Gorbearen esanetan, askatasunen amaierearen hasierea izan zana. Frankismoaren hilzori luzearen ondoren, ostera, euskal erakunde demokratikoak suspertu egin ziran, pausu galdua berreskuratu eta herriaren ordezkagarritasuna abiarazo eben. Erakusketako artelanek iraganaldia nahiz iruditeria barri eta subjektiboak eregiten dituan sormenaren errealidade ernabarria jorratzen dabe. Berrogeita hamar urteko tarte horretan, artea aldatu egin da eta helburuak be aldatu egin dira. Hasierako jarrerak danon identifikazinoagaz zerikusia daben gaiei aurre egiten deutse; geroago, ostera, sortzaileen nortasun berezia sortzen da.

Aurkezpenean, Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ana Madariagak, goraipatu egin dau Bizkaiko Legebatzarreko hasierako lehendakari izan zan Anton Aurre jaunaren sena, orain 30 urte martxan jarri ebalako Bizkaiko Batzar Nagusien arte-bildumarako artelanak erosteko programea. Orduan artista hasibarrien aldeko apostua egin zan, eta gaur egun be horixe egiten da, Arte Eder Fakultadeko Pintura Sailaren lankidetzearen bitartez, han ikasten dagozanen erakusketak antolatuz Bilboko egoitzako erakusketa-aretoan.

Madariaga andreak esan dau garaia heldu dala bizkaitarrei erakusteko artean eta kulturan egindako orduko inbersinoa, balio haundia hartu dauena urteakaz. Eta zer hoba horretarako Anton Aurre gogoratuta baino, hain zuzen be Gernikako bonbardaketearen lekukoetako bat izan zana.

Horrezaz gan, Madariagak gogorarazo dau 1937ko apirilaren 26 haretan neskatotxu bat jaio zala Gernikan, Maite Elorza, egoerarik txarrenetan be aurrera egiten dauen bizitzaren adibide. Suntsipen haretatik jaio ziran Gernikako Arbolearen inguruan, Bakearen eta Askatasunaren ikur barriak eta iruditeria barriak be eta erakusketa honi esker hobeto ulertuko doguz ganeratu dau Madariaga andreak.

Erakusketea zabalik egongo da maiatzean eta bagilean 9:00etatik 21:00etara eten barik astelenetik barikura eta 13:30ak arte zapatuetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu