Bost mila eta bostehun berbalagun
2013-05-02 11:36 Euskerea berbagai5.500 berbalagun edo mintzalagun dagoz Euskal Herri osoan. 5.500 herritar, euskaldunon komunidadeko kide aktibo izateko prest. Nork esango eutsen Donostiako Bagera euskaltzaleen alkarteko kideei, orain 20 urte martxan jarri eben egitasmo apal hori hainbesteraino zabalduko zanik?
Astean behin, auzoko taberna batean sartu eta bost laguneko taldetxua egoten da bertan. Ez dabe hutsik egiten, eta ez dago dudarik: berbalagunak dira. Belarria jarri neban lehen aldian jaubetu nintzan.
Freskagarri bat eskatu, eta ondoan jesarten naz batzuetan. Astegoienari buruz berba egiten dabe, gizarte arazoei buruz, Athletic-i buruz… berba egitea baita euren helburu nagusia, euskeraz berba egitea. Estimatzekoa da egiten daben esfortzua, gozagarria daukien ilusinoa, eta azpimarratzekoa danen konpromisoa.
Boskote hori, ostera, ez da kasu isolatu bat. Urte hasiereagaz batera, datu batzea egin dogu Euskaltzaleen Topagunean, eta hara! 5.500 berbalagun edo mintzalagun dagoz Euskal Herri osoan. 5.500 herritar, euskaldunon komunidadeko kide aktibo izateko prest. Nork esango eutsen Donostiako Bagera euskaltzaleen alkarteko kideei, orain 20 urte martxan jarri eben egitasmo apal hori hainbesteraino zabalduko zanik?
Euskeraz berba egiteko ohiturea dabenak, ohiturarik ez dabenakaz alkartzen ditu mintzapraktika programeak. Euskaldunen alkarteen mobimentuak, euskaltegiek eta zenbait udalek apustu sendoa egin eben aspaldi, eta ordutik etenbarik doaz mintzalagun taldeak bikoizten. Iruñerrian, esaterako, 550 mintzakide batzen dira; eta Gasteizen, beste 640. Erraz esaten doguz zenbakiak, baina irudikatu ezkero, harrigarria irudituko jako bati baino gehiagori. Ni behintzat harrituta gelditu nintzan Topagunean lanean hasi eta dimensinoa ezagutu nebanean.
Mintzalagunek euskerara hurreratzeko egiten daben ahalegina goraipatzen dogu askotan, baina zer egin geinke freskagarria hartuta inguruan jesarten garen euskaldunok? Erronka handi bat daukagu. Euskaldunon alkarteek, bertako bazkideek zein euskaldun guztiok, talde txikietan sortzen ari dan dinamika hori zabaltzeko eginkizuna daukagula uste dogu Topagunean.
Mintzalagunen eginahala gizarteratu behar dogu. Kalera urten genduan, eben, baina orain administrazinora, dendetara, bulegoetara zein merkatura urten behar dogu. Astero ordubetez egiten daben ahalegina egunerokora zabaldu behar dogu, hizkuntza ohituretan eragin, eta euskerearentzako eta euskaldunontzako gune barriak irabazi behar doguz. Algortako tabernan zein Bergarako parkean batzen diran boskote horreen lana islatu daigun.
Ezin dogu ardura guztia euskaltegien esku itxi, honeek lana ederto eginda be. Herritarra komunidadean parte hartzeko gogoz dago, eta euskaldun guztion funtzinoa da kide barriei ateak zabaltzea. Mintzalagunen taldeek ez dabe zentzurik, talde horreetatik kanpo euskerearen erabilerea bultzatzen ez badogu. Irabazi daiguzan gune barriak, eta lagundu deiotsegun geugaz batera euskeraz egin gura daben horreei, euskaldunon komunidadeak kide barriak izan daizan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!