Udabarria bertsoz beteta dator Santutxura
2013-04-30 14:57 BertsolaritzeaSaioak maiatzaren 4an, 11n eta 18an izango dira. Ganera, hilaren 23an, Oskar Estangak gidatuta, Bat-batean izeneko ikuskizuna eskainiko dau, bertsoak eta munduko musika tradizionalak batzen dituana.
Urtero legez, aurtengo maiatzeko zapatuetan, Udabarriko Bertso Saioak izango dira Bilboko Santutxu auzoan, Udalak eta auzoko bertsozale alkarteak antolatuta. Oraingoan be, bertsolaririk ezagunenek kantauko dabe, tartean Bizkaiko eta Iparraldeko txapeldun Arkaitz Estiballesek eta Amets Arzallusek. Euskal Herriko txapeldun izandako Andoni Egaña eta Nafarroako txapela janztea zer dan badakien Julio Soto be egongo dira, besteak beste. Saioak maiatzaren 4an, 11n eta 18an izango dira. Ganera, hilaren 23an, Oskar Estangak gidatuta, Bat-batean izeneko ikuskizuna eskainiko dau, bertsoak eta munduko musika tradizionalak batzen dituana.
Aurten, 29. aldiz helduko da Santutxura Udabarriko Bertso Saioak programea. Ibilbide luzea, ohiturea bihurtu dan hitzordua, Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko kultura zuzendariaren esanetan: Urtero bertsolaririk onenak etorten dira eta entzuleek ondo erantzuten dabe, Karmelo plazea beti egoten da beteta, baita euria danean be. Euskaltzaleen topaleku izateko asmoz antolatzen dabe egitaraua maiatz guztietan eta, Lopez Agiletaren arabera, Santutxuko Bertsozale Elkarteari egiten dauen lanaren errekonozimendua be egin nahi deutsagu. Kontuan hartu behar da, bertsozale talde horrek ibilbide luzea egin dauela eta Santutxun bertsolaritzea bultzatzeko lan handia egin dauela. Udabarriko Bertso Saioetan, gai-jartzaile izaten dira bertako kideak.
Aurten, hiru saio egongo dira Karmelo plazako eszenatokian, danak eguerdiko 13:00ean hasita. Maiatzaren 4an, Miren Amuriza Bizkaiko finalistea, Jon Maia eta Unai Iturriaga Euskal Herriko finalean sarritan parte hartutakoak eta Julio Soto Nafarroako txapeldun ohia batuko dira. Maiatzaren 11n, honakoak eroango ditue: Arkaitz Estiballes Bizkaiko gaur egungo txapelduna, Amets Arzallus Ipar Euskal Herriko Xilaba txapelketako irabazlea eta baita Odei Barroso eta Uxue Alberdi be, Iparraldeko eta Gipuzkoako finalistea, hurranez hurran. Maiatzaren 18an, bestetik, Andoni Egaña Euskal Herriko txapeldun handia izandakoa, Fredi Paia eta Jone Uria Bizkaiko finalistak eta Alaia Martin Gipuzkoako finalistea egongo dira Santutxun.
Aurtengo zikloa amaitzeko, proposamen berezia dakarre Udabarriko Bertso Saioetara. Maiatzaren 23an, eguena, 19:30ean hasita, Bat-batean izeneko ikuskizun barria aurkeztuko dau Oskar Estangak, Etxahun Lekuegaz batera. Estanga musikaria eta bertsolaria da eta ikuskizunak, hain zuzen, horreek alor biak batzen ditu. Munduko musika tradizionaletatik (sanba, son, tangoa,...) abiatu eta bertsotarako doinu barriak, erritmo handikoak sortzen ditue ikuskizunean eta bertsotan egiten dabe. Ikuskizun barria da, emonaldi gitxi egin doguz orain arte, baina aspaldi lantzen hasitako ideia da, ni musikaria eta bertsolaria naz eta modu naturalean sortu dot, azaldu dau Oskar Estangak. Iñaki Lopez Agiletak ganeratu dauenez, bertsolaritzea eta beste arte batzuk buztartuta, bertsozaleei jarduera barritzaileak eskaini gura deutseguz. Begoñako Udaltegian izango da saio berezi hori, doban, leku guztiak bete arte. Beste aportazino bat egin nahi izan deutsegu musikeari eta bertsolaritzeari, azpimarratu dau Estangak, Euskal Herria aldatzen doan moduan, bertsolaritzearen mundua be ezin da geldirik egon. Ikusentzuleek arratsalde pasa polita izango dabela ziurtatu dau, batzuetan, doinu batzuen erritmoari jarraitzea nekagarria da, batez be bertsolariontzat, baina oso dibertigarria da, ondo pasetan dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!