Maiatzeko ihintza, urrea
2013-04-30 10:58 BertsolaritzeaHile aberasgarria izan da apirila. Maiatza be ez da edozein modutakoa izango eta, gura izan ezkero, Bizkaiko Eskolartekoan batutakoak leidu ahal izango dozuez Bizkaie!-n.
Hile aberasgarria izan da apirila. Bertso-bazkari, bertso-afari eta plazako edo antzokietako bertso-saioez ganera, makina bat sariketa eta txapelketa egon dira: Bertsomoviedako txapeldunak ezagutu doguz, Taldekako Bertsu Xanpiona, Bertso-Afari Txapelketea, Osinalde Sariketea eta Orixe Sariketea, Kataxulo Txapelketea edo Plazatik Gaztetxera, esate baterako.
Maiatza be ez da edozein modutakoa izango eta, gura izan ezkero, Bizkaiko Eskolartekoan batutakoak leidu ahal izango dozuez Bizkaie!-n. Ez bakarrik finaleko bertsoak, ze beherago ikusiko dozuen moduan, bertsoaldi osoenak ez dira finalean edo finalaurrekoetan bakarrik entzuten. Urtero lez, ondo gustura eta zuhur segiduko dodaz Euskal Herri osoko bertsolari gazteenak.
Aspaldi trankskribidu neban hurrengo ofizioa. Orduan egin nebana inon topau ez, eta atzera entzun eta eskribidu dodaz bertsook. Ofizio patxadazkoa osotu eben Gorka Lazkanok eta Joseba Artzak Sopelan, 2012ko Bizkaiko Txapelketako laugarren kanporaketan. Biek be elegante kantau arren, nire eretxian, bietatik batek sarritan entzuten ez dan ofizioa egin eban: bertso bakotxean berbaldi ederra ibiliaz, euskerea be aberatsa, bertsoa goitik behera josita eta ondokoari behar dan moduan erantzunda. Egia esan behar badot, hiru bertsotan ezin da askoz gehiago esan.
Gaia: Gurasoak zarie. Hilabete da zuen umea eskolan hasi zala. Gaur be negarrez itxi dozue.
Gorka Lazkano
Opor ostean haur-eskolara
tokatu oi dan bezala.
Urtebeteko umea negarrez,
nik oilo ipurdiz azala.
Hantxe ixten dot, aizu, laztana,
ta ez da momentu makala!
Baina bera be ohartuko da
beren onerako dala.
Joseba Artza
Lo gutxirekin haur-eskolara
hortxe goaz tirri-tarra:
gure animo ahulak dauka
hari-muturra meharra.
Hura negarrez utzi ondoren,
zure begian negarra...
Parkatu, Gorka, larregitxo da
biak aguantau beharra!
Gorka
Haren etxeko mosu ta laztan,
haren etxeko lausengu...
Gero eskolara eroan eta
besoetatik ezin kendu!
Neure negarrik ezin aguantau,
aproban jarten goazen gu:
zeu be antzera zengokez, lagun,
zeuk eroango bazendu!
Joseba
Arrazoibide dohakabea,
arrazoibide lizuna...
Dudatan ezin jarri daiteke
aita baten maitasuna!
Baina zergatik hartzen duzu zuk
halako esturasuna...
umeak negar egin behar du:
horixe da osasuna!
Gorka
Kurtso haserak emon daust behar
ez nebazen beste trago,
ta hilabetez beti negarra...
nik neuk ezin dot gehiago!
Nahiz ta eskolara eroatea
genduan biok gurago...
aitita eta amamagana
eroatekotan nago.
Joseba
Halan umea deskarrilatu
egingo da azkenean...
heziketa bat ezin luzatu
amonaren magalean.
Gaur kezkatuta nengoke, Gorka,
ni zure aldamenean,
umeak negar egingo balu
etxera datorrenean.
Oraindino barruntau ez arren, urrietan hasiko dan Euskal Herriko Txapelketa Nagusia txiri-txiri bajatorku. Epaile-taldeak be asteak daroaz horixe preparetan eta gogotsu gagoz danok be. Ordura arte, badakizue: maiatzean Bizkaiko Eskolartekoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!