Edu Murumendiaraz: 'Jantzen mundua baztertuta dago'
2013-04-29 11:36 BarriketanBergaran jaio eta Donostian bizi da 1997an Aukeran konpainia sortu eta pasinoa ogibide bihurtu eban jantzaria. Ordutik tradizinozko jantza lenguaia barriak sortzen dihardu; bere arau asko desegituratu eta koreografietan garaiko atalak erantsiz, euskal tradizinoko jantzen aberastasuna erakutsi guran, hizkuntza berri eta gaurkoago bat lortuz.
Euskadiko Gipuzkoar Aurresku txapelketak (1994-1995-1996) eta Dantza Sueltoko txapelketak (1994-1995-1996) irabazi izan ditu eta, besteak beste, Kepa Junkera, Oreka Tx, Gozategi eta Pier Paul Berzaitzegaz kolaborau dau. Zinema munduan be Carlos Sauraren Iberia filma parte hartu eban.
Jantza tradizionalaz eta garaikideaz, Jantzearen Nazinoarteko Egunaz eta Aukeran konpainiaren jardunaz, hona hemen Edu Murumendiaraezek kontau deuskuzanak:
1.- Apirilaren 29an ospatzen dan Jantzearen Nazinoarteko Eguna eta antzeko egun berezi horreek positiboak al dira?
Bai, positiboak dira, urtean behin baino ez bada be, jantzea eta jantzearen inguruko kontuak protagonista izaten diralako. Jantzen mundua baztertuta dago eta egun horretan jantzeagaz loturarik ez dauenak be zeozertxu entzuten dau eta konturatzen da hemen, gurean badagozala jantzariak eta lan handia egiten dogula. Gala bereziak be egiten dira eta komunikabideetan lekua hartzen dau jantzeak. Holako egunak mesedegarriak dira duda barik.
2.- Euskal jantza tradizionalak eta garaikideak edo modernoak buztartzen denporatxua daroazu 1997an Aukeran konpainia sortu zenduanetik. Hori al da bidea jantza tradizionalak galdu ez daitezan?
Ez dakit jantza tradizionalaren galbideari aurre egiteko bidea hori dan ala ez, nik neuk hartutako bidea da hori. 1997an, Aukeran konpainia sortu eta esperimentazinoaren bidea urratzen hasi nintzan. Jantza tradizionaletik nentorren, arlo horretan hazi eta hezi nintzan eta Donostiara biziten joan nintzanetik beste mundu bat ezagutzen hasi nintzan, jantza garaikidearen mundua, hain zuzen be. Hor momentuan begitandu jatan, nahasketea, tradizinoaren edota klasikoaren eta garaikidearen arteko fusinoa positiboa izango zala bai jantza tradizionalerako eta bai garaikiderako be. Urteak pasau ostean, gero eta argiago daukat jenteak pozik, gustora hartzen dituala holako buztarketak eta horixe da jokera nagusia.
3.- Euskal jantza tradizionalak galbidean ete dagoz?
Ez dakit persona egokiena nazen horri erantzuteko. Baina ez dot uste galbidean dagozanik, mundu tradizionala hor dago, talde asko dago bazterretan eta lehen esandakoaren haritik, jente gaztea erakarteko edo, talde asko hasita dagoz tradizionala eta garaikidea buztartzen. Tradizioari uko egin barik, gazteak gehiago engantxetan dira gauza barriagaz, musikak aldatuta, koreografia barriakaz eta abar eta hor badago bide bat. Baina ez dot uste jantza tradizionalak galduko diranik.
4.- Euskadiko Gipuzkoar Aurresku txapelketak (1994-1995-1996) eta Dantza Sueltoko txapelketak (1994-1995-1996) irabazi izan dozuz, tradizino handikoak gurean. Edozelan be, azken urteotan parte-hartzeari jagokonez eta igarri da gorabeherarik?
Bai, jakina. Nire azkenengo urtea, oso oker ez banago 2003-04 edo izan zan eta gaur egungo txapelketakaz alderatuta, bikotxa edo hirukotxa ginan orduan. Aitatu txapelketek indarra galdu dabe eta gero eta jente gitxiago azaltzen da bai Seguran eta bai Pasaiako txapelketetan. Txapelketetatik harago badagoala beste mundu bat deskubridu neban nik orain urteak eta uste dot lan handia dagoala hor egiteko, jenteari ezagutarazoteko jantzearen kontzeptua oso zabala dala eta tradizionala eta garaikidea buztartzea aberasgarria dala.
5.- Kepa Junkera, Oreka Tx, Gozategi, Pier Paul Berzaitz eta beste musikari batzuekaz kolaborau izan dozu. Nahitaezko buztarketea musikearen eta jantzen artekoa...
Bai. Jantzan egiteko musikea behar dogu eta musikariek eurek be gero eta gehiago jantza edo koreografiak sartzen ditue euren ikuskizunetan. Esperientzia oso ederra izan da guretzako eta jenteak be holako kolaborazinoak ondo hartzen dituala uste dot. Ateak zabaldu eta beste mundu bat ezagutzea beti dago ondo eta danantzako da aberasgarria.
6.- Jantza garaikideak badauka indarra gurean (Kukai, Aukeran, Ertza...) eta izen handiko jantzari euskaldunak dabiz munduan, besteak beste, Itziar Mendizabal, Lucia Lakarra, Igor Yebra... Ze gogoeta eragiten deutsue datuok?
Bai, urteak daroaguz beharrean eta gustora. Munduko onenen artean dabilzan horreek aitatu dozuz eta Euskal Herrian be bagagoz batzuk beharrean, gu ez gara futbol jokalariak ezta kirolari ospetsu be, jantzariak baino ez gara, sektorean gure ekarpentxua egiten gagozana. Baina hemengo potentziala ez da larregi baloretan eta kanpora urten behar izaten da zeozelako autorpena lortzeko. Guk hemendik, barrutik jarraituko dogu lanean.
7.- Gaur egun Aukeran konpainiako koreografoa eta zuendaria izateaz gan, jantza irakaslea be bazara. Zelan buztartzen doduz lan biak?
Orain errazago, jantzarik ez dodalako egiten, lehen gatxagoa zan, nekosoagoa. Zuzendaritzan eta eskolak emoten nabil orain eta errazago heltzen naz egiteko guztietara. Ganera, badakizu gustoko lanean ez dagoala aldatzik.
8.- Maiatzaren 17an, Burnia lana eskainiko dozue Zornotzan, Unai Elorriagak idatzitako gidoiagaz, euskal jantza tradizionala abiapuntu hartuta, Bilboren eta Bizkaiaren azken zortzi hamarkadetako historiaren erretratua. Aurreko lanakaz alderatuta, zertan da berezia Burnia?
Berezia da batetik, Unaigaz lan egin dogulako, lehenego aldiz idatzi dau gidoi bat jantza ikuskizun baterako eta, bestetik, musikea be nabarmenduko neuke, Fernando Velazquezek sortutakoa; zinemarako soinu-banda entzutetsuak idatzi dituan musikaria da, besteak beste, El orfanato filmarena.
Bilbo eta Bizkaiaren burdinezko bihotza da protagonista Burnia lanean, euskal jantza tradizionala abiapuntu hartuta, uriaren eta lurraldearen azken zortzi hamarkadetako historiaren erretratu personala. Burnia obreak Aukeran konpainiaren espirituari eusten deutso eta oso pozik geratu naz emoitzeagaz.
9.- Gaur egun ze proiektu edo ze ideia darabilzu bueltaka buruan?
Gauza asko. Datorren bagilean Aukeran konpainiak El Caserio zarzuelan parte hartuko dau Arriagan; Arriaga Antzokiaren eta Oviedoko Campoamor Antzokiaren arteko koprodukzinoan, Pablo Viarren eszena zuzendaritzeagaz eta Miguel Roa musiak zuzendariagaz, Ainhoa Arteta, Jose Luis Sola eta eta Javier Francogaz ikuskizun berezia atontzen dabilz eta hor be parte hartuko dogu korepgrafiaren ardureagaz; danetara, sei saio izango dira eta hamabost bat egun egingo doguz Bilbon. Hortik aurrera, uda sasoiari begira apur bat lasaitzea espero dot.
Datorren urtean estrainatzeko, barriz, ikuskizun barria zehazten hasiko gara. Ideatxu bat badaukat baina landu barik dago eta oraindino goizegi da zehaztasunak emoteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!