Manuel Moreno: 'Sorkuntzea eta kultureaz gozetako gogoa ez dagoz krisian'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-04-22 12:30   Barriketan
Topaguneko kidea

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazinoarteko Egunean, Topagunea euskera alkarteen fedarazinoak Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainearen zazpigarren edizinoa ipiniko dau martxan. Aurten, ganera, inoiz baino herri gehiago batu ditue, 24a, hain zuzen be, tartean Bizkaiko zortzi udalerri. Euskerazko literaturea eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzea dira egitasmoaren helburu nagusiak. Manuel Moreno ekimenaren arduradunak hainbat zehastazun emon deutsoz Bizkaie!-ri.


1.- Zer da Irakurri, gozatu eta oparitu, zertan datza?

Euskerazko irakurzaletasuna sustatu nahi dauen egitasmoa da. Herrietako euskera alkarte, liburutegi publiko eta liburu-denden arteko lankidetzearen emoitzea da. Irakurtearen truke irakurten segiduteko abantailak eskaintzea, hori da gure proposamena. Liburuaren Nazinoarteko Egunean ipiniko dogu martxan, apirilaren 23an, eta bagilaren 30ean amaituko da.


2.- Eta zelan parte hartu geinke?

Prozedurea erraz-erraza da. Irakurlea Udal Liburutegira joan behar da, han, mailegu zerbitzua erabilita, euskeraz idatzitako edozein liburu hartu eta etxera eroan. Liburua patxada ederrean irakurri, eta gozau ostean, liburutegian fitxa sinple bat bete beharko dau. Itaun errazak dira: zer dan gehien gustau jatzuna, idazle beraren beste lanen bat leidu dozun, ia nonori gomendatzeko modukoa dan. Behin fitxea beteta, liburuzainak erosketa-txeke bat emongo deutso kanpaineagaz bat egin dauen liburu-dendan liburu bat erosi daian. Txekeagaz erosketearen % 25 ordainduko dau, ganerakoa diruz. Euskera alkarteko kidea izan ezkero, % 50 izango da.

3.- Kanpaineagaz bat egin daben euskera alkarteen herrietan bakarrik parte hartu daiteke?

Bai, baina Portugaleten, berbarako, gure lankidea Udala bera izan da. Antolatzaile gehienak euskera alkarteak dira, baina udalakaz be badaukagu hartu-emona. Aurten, ganera, inoizko herri kopuru handienak parte hartuko dau.


4.- Danetara, 24tan egongo da martxan, ezta
?

Halan da, bai, igaz baino 9 herri gehiagotan, hain zuzen be. Bizkaian ondoko herrietan egingo dabe: Derio, Ermua, Larrabetzu, Lezama, Mallabia, Portugalete, Sondika eta Zamudio. Araban (Aramaio, Arratzua Ubarrundia, Legutio, Urkabustaitz, Zigoitia eta Zuia), Gipuzkoan (Ataun, Beasain, Lazkao, Mutriku, Ordizia eta Zaldibia) eta Nafarroan (Gares, Lekunberri, Lizarra eta Ultzama) be parte hartuko dabe.

Poztekoa da krisi sasoi gogorrean inoz baino herri gehiago sartzea. Sorkuntzea eta kulturaz gozetako gogoa ez dagoz krisian, esango neuke krisi ekonomiko honetan bestelako aisialdiak hartuko dauela pisua, irakurzaletasunak, esaterako. Atsegina da, eta ez dauka diru kostu handirik. Egitasmo honek diruz txarto ibili ezkero, abantaila polita eskaintzen deutsu. Ganera, liburutegi publikoen dobako mailegu zerbitzua ezagutarazoten dau, sustatu egiten dau. Hori be bada-eta egitasmoaren helburua.


5.- Udal Liburutegiak ez doguz lar ondo ezagutzen, akaso?

Harritzekoa bada be, jente askok ez dau ezagutzen liburutegi publikoetako dobako mailegu zerbitzua. Jente gehienak badaki, baina badira horren barri ez daukienak be. Zerbitzu publikoen sustapena egin behar dala uste dot. Liburutegiak hor dagoz, funzino publiko ikaragarria beteten dabe. Dirurik ez badaukazu, aukera ederra da.


6.- Herri liburu-dendek be eskertuko ditue erosketa-txekeak.

Herri bakotxean diptiko bat atara dogu, eta han agiri da zein dendatan erosi daitekezan liburuak. Industrian be eragina dauka egitasmoak, jakina. Ekimen honetan derrigor inplikau behar dira alkarteak, liburutegiak eta dendak. Izan be, helburua bada be alkarlan hori gauzatzea, tresna oso garrantzitsua dala begitantzen jaku. Eta aukerea emoten dau irakurle txoko edo klubak, guraso alkarteak-eta dagozan herrietan bestelako jarduerak antolatzeko. Tokian tokiko alkarteen lana da hori, zer eta nori eskaini, zelan zabaldu...


7.- Alkarteek kanpainea aprobetxetan dabe irakurzaletasunaren inguruan saioak atontzeko, ezta?

Egitasmoa hilabete bi egongo da. Alkarte antolatzaileek kanpaineak dirauen tartean literatur jarduerak prestatzen ditue, parte-hartzea dinamizetako, irakurraldiak, liburu-aurkezpenak, barriketaldiak idazleekaz, herriko idazle eta persona ezagunen liburu-gomendioak, liburu-truke azokak eta abar. Holango ekimentxuak egiten dira, herrian dinamikea sortzen da.


8.- Zelan neurtzen dozue parte-hartzea? Igaz, esaterako, zenbat lagun batu zenduezan?


Kanpainearen eraginaren neurgailurik garrantzitsuena udal liburutegietako euskerazko liburuen mailegu datuak dira. Egitasmoa martxan egoin ez dan urte bateko denpora tarte hartzen dogu, euskerazko zenbat liburu hartu ziran begiratzen dogu, eta kanpainea abian egon dan sasoiagaz alderatzen da. Zorionez, esan geinke leku guzti-guztietan euskerazko liburuen maileguan igoera nabarmena izan dala beti, alde handia izaten da, onerako. Kontua da, Ermua moduko herrietan, hasieratik parte hartzen dabela kanpainan, eta daborduko urterik urte aldea ez dala handia, igon igoten dan arren.


9.- Salmentetan be igarriko dozue herriko liburu-dendetan, ezta?

Bai, bigarren erespidea salmentak dira; liburutegietan banatzen diran txekeetatik zenbat ailegetan dira dendetara. Igaz, uste dot, 600 liburu saldu zirala, baina txeke gehiago emon zituen, 900 inguru. Dan-danak ez ziran erabili, % 70 heldu zan dendetara


10.- Eta ze irakurle mueta izaten da, gazte edo heldu, emakume edo gizon...

Liburuzainak esango deutsu hori. Irakurleen perfila hauxe da: emakumea, 30 urtetik gorakoa. Hori da liburutegietako erabiltzailearen profila, eta gure kanpainakoa be bera da. Adin tarte guztietako parte-hartzaileak izaten dira. Akaso, 12-18 urteko adin-tartea da gatxena, eskolatik kanpo gitxi irakurten dabe. Eta 10 urte baino gitxiago dabenek eskolea edo gurasoen eraginez irakurten dabe. Gurasoek zeregin handia daukie, irakurteko ohiturea sortzen, irakurteko plazerra erakusten


11.- Bizkaian, herririk gehienak Txoerierrikoak dira.

Bai, Bizkaian bai beste lurraldeetan bere, egitasmoaren hedapenean eskualdea kontua hartzea erabagi genduan. Ez da kasualidadea Bizkaian Txorierrikoak izatea, eskualdea kontua hartu dogu-eta. Gipuzkoan arretea Goierrin ipini dogu, esaterako; Araban, Zuia ingurukoak dira gehienak. Egitasmoak komunikabideetan presentzia izan daian, eta alkarregarina sortarazoteko, ekimena eskualde edo bailara bereko herrietan martxan ipintea garantzitsua dala pentsau dogu.

Bakandutako ekimenek nekez lortzen dabe presentzia. Euskal kultureak eta euskerazko literatureak sustatzea behar dabe, ezagutarazotea, jenteak jakitea asko idatzi dala euskeraz, askotariko generotan, eta literatura ona, ganera. Oraindino badira euskerazko literaturearen ganeko uste okerrak, literaturara hurreratzea eragozten dabenak. Euskerazko literatureak sustapena behar dau.


12.- Ez dozue uribururik sartu, zelan ba?

Topaguneko kide diran alkarte guztietara bialtzen dogu proposamena. Prozesuak uriburuetan gatxak izan daiitekez. Liburu asko dago uriburuetan, zorionez, denda asko be bai. Hori danori koordinetea... Euskera alkarteak kultura eta euskera arloko eragileen laguntzea euki ezkero alkarlan polita izango litzateke.


13.- Eta Ipar Euskal Herrian?

Topagunean 95 alkarte dagoz, bakarra da Ipar Euskal Herriako, eta batez be hadabideen arloa lantzen dau, Hendaia eta Urruña aldean. Beste alkarte batzukaz hartu-emonak badaukaguz, Donapaleu eta Baigorri inguruan. Ez dira gure bazkideak, baina hori litzateke arazo izango. Kontua da euren ohiko jarduerea ez dala kanpaina honen arlokoa, beste gai batzuk lantzen ditue. Nik ez neuke baztertuko hurrengo edizino baten Ipar Euskal Herrirta zabaltzea egitasmoa. Ate guztiak zabalik ditue.


14.- Zazpi urtean ekimena hazten joan da, hemendik aurrera zeintzuk dira erronka nagusiak?

Hedapena, mailegu kopuru ugaltzea eta salmentak hobetzea. Horrek dira gure erronkak. Hedapena da gure ardura handiena, hedapenak dakar gure helburuak betetean euskal kulturea eta literaturea sustatzea. Horrezaz gan, liburu elektronikoa be hor dago, gure prozesuetan integrau behar dogu. Egunotan gai hori lantzen gabilz, moldatu beharko dogu. Irakurzaletasuna da gure helburua, formatua edozein dala, horretan egin beharko dogu ahalegina.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu