'Nafarkaria' gehigarriaren zenbaki guztiak Euskaltzaindiaren webgunean dagoz eskura

Bizkaie! 2013-04-22 11:17

Euskaltzaindiak bere webgunean jarri ditu, danon eskura, Nafarkaria gehigarriaren 547 zenbakiak, sistematizau eta digitalizau ondoren. 1991ko abenduaren 6an kaleratu zan lehenengoz Nafarkaria, Euskaldunon Egunkariaren Nafarroako gehigarria, eta ordutik barikuro ikusi eban argia, harik eta 2002ko garagarrilaren 26an, larritasun ekonomikoak itota, desagertu zan arte.

Euskaltzaindiak bere webgunean jarri ditu, danon eskura, Nafarkaria gehigarriaren 547 zenbakiak, sistematizau eta digitalizau ondoren. 1991ko abenduaren 6an kaleratu zan lehenengoz Nafarkaria, Euskaldunon Egunkariaren Nafarroako gehigarria, eta ordutik barikuro ikusi eban argia, harik eta 2002ko garagarrilaren 26an, larritasun ekonomikoak itota, desagertu zan arte.

Akademiak jakinarazo dauenez, lana Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker egin da. Izan be, 2011rako sinatu eben hitzarmenean, Akademiak eta Gobernuak Nafarkaria digitalizetea eta interneten konsultagai jartea adostu eben.

Nafarkaria gehigarria 11 urtetan zehar argitaratu zan. Gaur publikoaren eskura jarri dan atalean, gehigarriak urte horreetan guztietan argitaratu zituan 547 zenbakiak konsultau eta deskargetako aukerea dago. Edukiak hiru modu desbardinetan sailkatuta dagoz: egile, alkarrizketatu eta urteen arabera.

Bestalde, zenbaki bakotxak fitxa bat dauka, eta bertan zehazten da, orriz orri, eduki osoa. Artikulu bakotxari be fitxa bat jagoko, ondoko datuak jasoten dituana: izenburua, egilea, sinadurea, alkarrizketatua edota orrialdea. Gehigarriaren zenbaki guztiak PDF formatuko dokumentuetan dagoz ordenatuta, eta urtez urte eta zenbakiz zenbaki konsulta daitekez. Holan, papelezko gehigarriak eukan etxura beragaz ikusten dira.

2002ko garagarrilaren 26an kaleratu zan Nafarkariaren azken zenbakia. Zenbaki horretako zazpigarren orrialdean, 547.ean, agur izenburupean, gehigarriak agur esan eutsen irakurle guztiei. Asier Azpilikueta azken koordinatzaileak idatzi ebanez, hasieratik, Nafarroako hurreko informazino zuzena emotea izan eban helburu Nafarkariak, eta helburu hori beterik zendu da.

Gainera, eta holan azpimarratzen eban Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak, Nafarkaria kazetarien, kolaboratzaileen, zutabegileen eta idazleen trebalekua be izan da. Gehigarri honetan idatzi dabe, besteak beste, Joxemiel Bidador, Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Estitxu Arozena, Pako Aristi, Patxi Zabaleta, Juan Carlos Etxegoien Xamar eta Hur Gorostiagak. Alberto Barandiaran kazetari eta idazlea Nafarkaria gehigarriaren lehen koordinatzailea izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu