Mikel Gorosabel 'Norton': 'Hirukote lez grabaukeran soinu garbiagoa atara dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2013-04-15 11:16   Barriketan
EH Sukarra taldeko burua

1989an, Eibarren, Mikel Gorosabel Norton-ek sortu eban EH Sukarra. Euskadi Gazteako maketa leihaketea irabazteak zabaldu eutsozan Esan Ozenki Records zigiluaren ateak, eta diskoetxe horretan zein geroagoko Metak-en argitaratu zituan lehenengo sei diskoak. Rock-punk melodikoa, hardcore ikutu batzuk eta balada zoragarriak dira talde honen errepertorioaren muina.

24 urteko ibilbidearen ondoren eta Zuzenean diskoa argitaratu ebenetik 5 urte pasau diranean, 8. diskoa dakar EH Sukarrak, Uhinak izenburukoa.


1.- 2008an Zuzenean diskoa kaleratu zenduenetik 5 urte joan dira Uhinak lan barriak argia ikusi arte. 96tik 99ra arteko lehenengo etenaren ostean, taldearen ibilbidean bigarren eten potoloaren ostean dator diskoa. 90. hamarkadan taldea ezagutu genduanontzat pozgarria izan da zuon itzulerea baina nondik nora ibili zara honeetan urte guztietan?

Etenak hor dagoz baina guk ez dogu sekula taldea bertan behera itxi, gorabeherak izan dira bai, erritmoa apaldu eta beste gauza batzuk egiten ibili gara, taldekideen joan-etorria be egon da baina dinotsudan lez, gure historia besteek idatzi dabe, guk ez dogu sekula agurrik esan. Entseguetan eta ibili gara eta urtean kontzreturen bat edo beste be emon izan dogu.

Lehenengo hiru diskoen kasuan, urtero atara genduan barria EH Sukarra (1992), Irtenbide bakarra (1993) eta Garaien laberintoan (1994); hortik aurrera apur bat tartea luzatzen hasi ginan baina badinotsut eten ofizialik ez dogula egin.


2.- Hemen gaude da disko barriaren aurrerapen kantua, Bagatoz berriro ere espazio eta denboraren lanbro itsura dinozue kantuan... Zerk eraginda erabagi dozu taldea abiarazotea?

Azken urteotako gorabeherak tarteko, aita be izan naz eta abar, horrenbeste urteren ondoren, kanta bilduma handia neukan eta kantu horreek erditzeko momentua zala sentidu neban. Kantuen konpositore edo sortzaile moduan buruan bueltaka ebilzan kantuak erditzeko beharra neukan, erditze naturala izan da eta holan sortu da diskoa, disko landua, mimo handiz egindako hamar kantuz osotutakoa. Zama bat neukan barruan eta orain libre sentiduten naz.

Hemen gaude kantuari jagokonez, EH Sukarra estilokoa da bete-betean, identidade hori emon gura izan deutsagu diskoko aurrerapen kantuari jenteari adierazoteko hemen gagozala eta berbak polito geratu dirala uste dot ze gure lehenengo sei diskoen izenburuak aitatzen dira: irtenbide bakarrak eraman gintuen garaien laberintora... ura sutan jarrita gure barneko pizti mamu beltzen sua urtzeko...


3.- Kantuetako berba guztiak Asier Serranorenak dira. Oro har nahikoa poetiko geratu jatzue diskoa...

Bai. Asierregaz urteak daroadaz musikagintzan eta oso lotura handia daukagu, alkar oso ondo ezagutzen eta ulertzen gara eta ez dogu berba larregi egin beharrik oinarrizko ideatatik kantuetarako salto horretan. Poeta, idazle ona da Asier eta kantuetan sentimendu, egoera eta ideiak ezin hobeto islatzen ditu.

Danetarik dago diskoan, Kondenatuak, kantu sakona, iluna da, maitasuna eta maitasun ezaren gaia jorratzen dauena; Gure lorategian, balada zoragarria da, sortu barri dodan familian inspirautakoa; Uhin urdinak kantuan eta diskoaren izenburuan be gauzea zabal itxi gura izan dogu jenteak interpretau daian, uhinak diralako ekintza baten osteko ondorio ikustezinak, uhin urdinak, koloretakoak, itsasoko uhinak, gitarren uhinak...

Disko barriko kantuekaz jarraituz, Zure etxeko leihoak kantuan, barriz, egun Euskal Herriak bizi dauen egoera politikoa edo aztertzen dogu. Gorde izeneko kantuak be ikutu politikoa dauka baina alde batera edo bestera jo beharrean, gogoetarako galdera batzuk jaurti doguz entzuleei buruari buelta batzuk emon arazoteko.

Diskoko lehenengo kantuan, Azken biztanleak horretan, mundua zelan ikusten dogun adierazoten da, Atlantidako azken biztanleak izango bagina bezela.


4. Taldearen nortasunari eutsiz zure ahotsaren eta gitarren indarra dira nagusi disko barrian eta erritmo biziak eta doinu lasaiagoak sartu dozuez baina erritmoetan eta taldearen lehenengo pasusuetako sukarra apur bat hotzitu dala emoten dau... Zein da zure eretxia?

Izan leike. Orain ia 25 urteko sukarra eta egungoa ezin igualak izan, edadeagaz gauzak aldatzen doaz, gazteagoak ginaneko bizitasun eta freskureari ezin deutsegu eutsi baina gauza normala da hori, eboluzino naturala; ganera, bizitzan lez, aldatzen goaz eta gauza batzuetan hobetu eta beste gauza batzuetan okerrera egiten dogu. Seinale ona da bizitzan holako aldaketak izatea.

Musikan, erritmoetan aldaketarik ete dagoan, motelago ete gabilzan... ez dakit, EH Sukarrak kantu asko egin ditu martxan hasi zanetik, era guztietakoak esan gura dot, baita gure etiketa edo gure identidadetik kanpokoak be. Atzera eginda, esango neuke gure diskorik arraroena edo bigarrena izan zala, jenteak gitxien ulertu eban diskoa. Lehenengoaren boom edo zaparradearen ostean, disko personalagoa izan zan, kantu luzeakaz eta, berezia izan zan eta jentea apur bat despistau egin zala pentsetan dot. Hortik aurrera, hirugarrenagaz hasi ginan lehenengo diskoko kantuen estilokoak, baladak eta buztartzen. Genero desbardinak beti jorratu doguz nahiz eta geure punk-rock melodiko identidadeari eutsiz.


5.- Oso oker ez bagagoz lehenengoz grabazu dozue disko bat hirukote lez...

Bai, holan da. Taldea hirukote lez hasi zan baina hirukote lez lehenengoz grabau dogu orain. Mikel Artieda baxuak, Heloy Galan bateriak eta neuk, ahotsa, gitarra eta teklatuakaz, grabau dogu Uhinak eta esan behar dot ganera hirukote lez grabaukeran soinu garbiagoa atara dogula aurreko lanakaz konparauta. Oso gustora geratu gara.


6.- Egungo egoeran diskoa ataratea ez da erraza baina urteetan Esan Ozenki eta Metak diskoetxeen babesa izan ostean, Oihukagaz atara dozue diskoa eta Haritz Harreguyren Higain estudioan egin dozue grabazinoa. Zelako esperientzia izan da?

Ederra izan da. Metak eta Esan Ozenki zarratu zituenean, sortzaileok hutsune handia igarri genduan eta hortik aurrera, autoekoizpenaren bidea jorratzen hasi ginan; 2008an, Zuzenean diskoa, berbarako, neuk sortutako Barnerecords zigiluagaz atara genduan.

Orain, barriz, soinu aldetik eta kalidade oneko diskoa atara gura neban eta laguntza eske Elkar-Oihukara jotea otu jatan; erantzuna positiboa izan zan eta dana joan da ondo. Haritz Harreguyk egin dauen beharragaz oso pozik geratu naz eta azken emoitzeagaz, diskoagaz oso pozik nago.


7.- 1991n Euskadi Gazteako maketa lehiaketea irabazita erantzuna berez etorri zan. Gaur egun, barriz, orduko zaleez gan, zale edo entzule barriak erakarri beharra sentiduten dozu?

Lehengo jarraitzaileak non ete dagoz... Ez, normala danez, gaur egun gehien jarraitzen gaituenak gazteak dira baina gure belaunaldiko lagunak, geure edadeko jarraitzaileak be badagoz banaka batzuk baino ez badira be; edozelan be, edade horretako lagunek segurutik ez dabe gure ibilbide osoa jarraitu, ez azken aldikoa behintzat baina gauza normala da hori ze gazteek ez dabe segurutik taldearen lehenengo urteetako gorabeherarik ezagutuko. Kontuak kontu, danak be, gazte zein gure edadekoek disko barri hau gustora hartuko dabela pentsetan dot.

Bestetik, urteetan gora goazen arren, arpegian, tximurrak, uhinak daukaguzan arren, heldutasun puntu onean gagoz eta rock munduan dana emoteko prest.


8.- Kontzertu partidea daukazuez datozen asteotan. Taula gainean nortzuk ibiliko zarie eta ze errepertorio preparau dozue?

Bai, pozik gagoz, dozena erdi kontzertu daukaguz berbatuta oraingoz eta gehiago izatea espero dogu. Hilaren 27an, Zaratamoko Arkotxa auzoan aurkeztuko dogu lan barria, Gazte egunean. Maiatzaren 3an, Berriatuan izango gara; bagilaren 15ean, Igorren; 16an, Donostian, Victori Eugenia Antzokian; bagilaren 28an, Mungian Su Ta Gar taldeagaz batera; eta abuztuaren 23an, Laudion.

Hirukotea izango gara kontzertuotan, diskoaren grabazinoan izan garen Mikel Artieda eta neu, eta baterian Loiola, grabazinoan parte hartu dauen Heloy Galanen lekua hartuko dauena.

Kontzertuotan disko barri osoa eskainiko dogu eta tarteka gure klasikoak diran beste batzuk be joko doguz, Kasko gorriak, Argi ibili, Fraka laburren unibertsoa, Sentipenen bihotza eta abar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu