Lore Jokoak Baztango Iruritan

Bizkaie! 2013-04-05 11:40   Kulturea

Lore Jokoen helburua Euskal kontzientzia piztea zan, euskereari espazio publikoa emotea. Hori dala eta, Lore jokoen egitarauaren barruan mezea, pilota partiduak, bertsolariak… baegozan be, pisu handiena literatureak eukan, poesiak batez be.

Lore Jokoak Urruñan 1853. urtean antolatu ziran lehenengo aldiz. Lore jokoen sortzaile eta bultzatzailea Anton Abbadia dogu, sortzez dublindarra baina aita euskalduna ebana. Joko horreen helburua Euskal kontzientzia piztea zan, euskereari espazio publikoa emotea. Hori dala eta, Lore jokoen egitarauaren barruan mezea, pilota partiduak, bertsolariak… baegozan be, pisu handiena literatureak eukan, poesiak batez be.

Joko horreek 7 euskal herrietan ospatu baziran be, Hego Euskal Herriko lehenengoa Elizondon egin zan 1879an. Hegoaldera pasetearen arrazoia, hiru urte lehenago foruak kendu izanak eragin eban. 1876an Foruen deuseztapenaren ondorioz euskal kultureak bizi eban egoera gogorrari aurre egiteko, Anton Abbadiak Lore Jokoak Hego Euskal Herrira ekarteko erabagia hartu eban.

Garai haretan Hego Euskal Herriak bizi eban egoera politikoa zein zan argi eta garbi erakusten dau Elizondon 1879an ospatu ziran Lore Jokoetan jazotakoak. Sari bi egozan: bata Abbdiak jarten eban, eta bestea honegaz batera ospakizuna antolatu eban Nafarroako Euskal Alkargoak. Abbadiak emondako saria Ramon Artola donostiarrarentzako izan zan eta Nafarroako Alkargoarena, Felipe Arrese Beitiarentzako Ama euskeriari azken agurra poemarengaitik. Arrese Beitiari isilpean emon eutsien saria erabili eban gaiagaitik: foruen ezabaketea eta euskerearen heriotzea lotzea.

Elizondoko Lore Jokoen bezperan, Duvoisin kapitainak Bonaparteri adierazo eutson, bere eretxiz, ez zala egokia Elizondoko Lore Jokoetan lehenengo saria Ama euskeriari azken agurrak olerkiari emotea, hegoaldeko egoera politikoa kontuan hartuta. Holan dakar Duvoisinek bialdutako gutunak: Comme le Pays Basque-espagnol est sous le regime de l`etat de siége, nous n´avons pas jugé á propos de publier que M. de Arrese est premier lauréat au concours d´Elizondo, (de peur de faire interdire ces concours á l´avenir), mais on lui fera porvenir le Prix.

Euskal Herri-española setio egoeran danez ez dogu egoki ikusi M de Arrese Elizondoko lehiaketan irabazlea izan dala argitaratzea (etorkizunean txapelketa honeek debekatuak izateko bildurrez) baina saria helarazoko jako.

Bi mende geroago, Arrese Beitiaren Ama euskeriari azken agurra zorionez ez da gauzatu. Bi mende geroago, eskuarak batzen jarraitzen dauelakoz, euskal kontzientzia bizirik nahi dogulakoz, eta euskereak espazio guztiak bete daizan nahi dogulakoz…


Lore Jokoak

Baztangoa dan edozein lagunek parte hartu leike. Kategoria bi izaten dira. Batetik, Poesia/olerkiari jagokona, eta bestetik, Ipuinari jagokona. Bi alderdiok baloretako orduan, honako jarraibide honeek kontuan hartuko dira: 1. Edadea: A Maila (6 -12 urte bitartekoak), B Maila (12-18 urte bitartekoak), C Maila (18 urtetik goitikoak). 2. Gaia: Euskaldunen gauzarik maiteena. 3. Epea: Martiaren 22ra arte. 4. Neurria: Poesia /olerkia: librea; Ipuina: A maila: orrialde 1; B maila: 1-4 orrialde bitartean; C maila: Librea. Orrialdeak: DIN A4koak. 5. Zelan aurkeztu: Arial 12 letra tipoa erabilita; 1,5 eko lerrotartea erabilita. Idazlanagaz batera, gutun azal zarratu baten barruan egilearen datuak aurkeztu beharko dira (izena, abizenak, edadea eta herria). Euskeraz idatzitakoak, originalak eta beste inon saritu bakoak izan beharko dabe. Ordenagailuz edo makinaz idatziak egon beharko dira. Lanak entregetako lekua: Baztango Kultur Etxean (Arizkunenea, Urrutia kalea 17, 31700 Elizondo). Lana gutunazal handi batean sartu eta bertan ondoko datuak agertuko dira: lanaren izenburua, egilearen ezizena eta jagokozan kategoria eta modalidadea. Honegaz batera, gutunazal txiki eta zarratu batean, hurrengo datuak agertuko dira: kanpoaldean, lanaren izenburua eta egilearen ezizena; barrualdean, barriz, egilearen benetako datuak (izen-abizenak, maila eta taldea). Sariak emon ondoren, gutunazal txikia zabaldu eta sarituen izen-abizenak ezagutarazoko dira. Epaimahaia: Baztandarren Biltzarreko kideak. Saria: Modalidade bakotxean, liburuak erosi ahal izateko 50€ko bonoa. Sariak apirilaren 21ean banatuko dira.


Iruritako Lore Jokoen egitaraua

- Apirilaren 8tik 21era, egunero 18:00etatik 20:00etara Lore jokoen inguruko erakusketea Iruritako Jauregian (Anton Abbadia Juaregitik ekarritako afixak eta 1879an sarituak izan ziran poemak ikusi ahal izango dira).

- Apirilaren 12an, 19:00etan, Iruritako Jauregian, Rosa Miren Pagolaren berbaldia: Elizondoko Lore Jokoetan gizon haundi bat: Bruno Etxenike.

- Apirilaren 21an, 11:00etan erreboteko plazan Laxoa partidua: Irurita A - Arraioz B (Laxoari buruzko erakusketea gizarte bilgunean egongo da).
11:00etatik 13:00era eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara Jauregia zabalik egongo da.
12:30ean, herriko plazan, euskal jantzak Iruritako jantzariakaz.
17:00etan, poema errezitaldia musikeagaz alaituta Jauregiko lorategian, 1879ko olerki sarituakaz eta 2013ko literatura lehiaketako irabazleen lanakaz.
18:00etan, bertso-saioa: Andoni Egaña eta Uxue Alberdi (Gai-jartzailea: Fernando Anbustegi).

Eguraldi txarragaz goizeko ekitaldiak herriko frontoian egingo dira eta arratsaldekoak gizarte bilgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu