Bilboko Errekalde auzoak Umorezko I. Antzerki Erakustaldia jasoko dau apirilean
2013-04-03 11:18 KultureaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren lehen edizinoa inaugurauko dau bariku honetan. Erakustaldia apirileko bariku guztietan egingo da, Errekaldeko Udaltegian.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren lehen edizinoa inaugurauko dau bariku honetan. Erakustaldia apirileko bariku guztietan egingo da, Errekaldeko Udaltegian. Jaialdiak familia osoari eskainitako lau proposamen eszeniko jasoko ditu, apirilaren 5ean, 12an, 19an eta 26an, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrerea librea izango da.
Programazinoa datorren barikuan, hilaren 5ean, zabalduko da, helduei zuzendutako Lalulú Teatro taldearen Tipos de Tipas ikuskizunagaz. Protagonistak Maribel Salas, Gemma Martínez eta Sol Maguna antzezleak dira. Antzezlana sei sketch-etan antolatzen da. Umorezko sketch horreetan ikus-entzuleei hainbat pertsonaia aurkeztuko jakez.
Apirilaren 12an eskainiko dan bigarren saioa Kolektibo Monstrenkoren eskutik etorriko da, Tenemos que hablar ikuskizunagaz. Txubio Fernández de Jáuregui, Ion Elola, Andrés Bezares eta Jasón Guerra antzezleen lehenengo lana da. Absurdoa eta sano barregarria dan umorearen bitartez, Tenemos que hablar lanak komunikazino falta intimoena eta egunerokoena dau ardatz. Ikus-entzulea bera be eszenografiaren parte bilakatzen da.
Apirilaren 19an, Jon Urraza eta Jon Zubiaga Osoron helduko dira Errekaldeko eszenatokira, Morrison eta Gartzia: kultoko antzezlana lanagaz. Helduei zuzenduta dagoan eta testua eta zuzenean interpretautako musika nahasten dituan komedia da. Morritson eta Gartzia bi galtzaile dira, hogeita hamar urte luze dituen bi ameslari; beste batzuen eretxiz, artista alper eta lotsabako bi baino ez dira. Bizitza osoan lagun izan ondoren, barriro be alkartu egingo dira, euren bizitzei esanahia emongo deutsen lan apurtzailea sortzeko. Harreman horrek hainbat gai sakontzeko aukerea emongo deutse, beti be umorearen eta ironiaren bitartez, alkarbizitza, talde lana, bikote harremanak, adiskidetasuna, sexua, maitasuna, etxebizitzaren arazoa… Lan horrek Formatu Txikiko Antzerki Gidoien Café Bilbao Saria irabazi eban; lanaren estreinaldia 2011n izan zan.
Umorezko Antzerki Erakustaldia apirilaren 26an amaituko da, Luciano Federicoren Loko Tidiano ikuskizunagaz, umorean oinarritutako egungo gizartearen kritikea. Uriko biztanle batek bizitza filosofia barria asmetan dau, bere ingurunean bizirauteko, positibismoaren filosofia. Ikuskizun komikoa, ekologikoa da, ikus-entzuleei gogoetea eragiten deutsena, eta ikus-entzuleak kontzientziatzen dituana. Pentsamendu positibo dosiari, sarkasmo ironiko-ziztatzaileari eta poesia ikutuei esker, bizitza beste modu batera ikusteko konbita egiten deusku.
Informazino gehiago www.kulturabarrutik.net helbidean.
Egitaraua
- Apirilaren 5ean, Tipos de tipas, Lalulu teatroren eskutik.
- Apirilaren 12an, Tenemos que hablar, Kolektibo Monstrenkoren eskutik.
- Apirilaren 19an, Morritson eta Gartzia: kultoko antzezlana, Jon Urraza eta Jon Zubiagaren eskutik.
- Apirilaren 26an, Loko Tidiano, Luciano Federicoren eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!