Deu Txakartegi: 'Elektro gitxiago eta house eta psikodelia gehiago dago disko barrian'

Koldo Isusi Zuazo 2013-04-02 10:19   Barriketan
We Are Standard taldeko abeslaria

Apirilaren 2an ikusiko dau argia We Are Standard getxotarren Day (Mushroom Pillow) disko barriak; Jon Aguirrezabalagaren eta Xabier Eguiaren ardurea izan da produkzinoa baina Eric Brouceken (LCD Soundsystem, Hercules & Love Affair, The Juan Maclean, Free Energy) lana be ezinbestekoa izan da. Kolaborazinoen artean, Emmanuel Lundgrenena nabarmendu daiteke. Diskoaren azalean, Joseph Wrighten Vesuvius in eruption agiri da, Londreseko Tate Modernek Mushroom Pillow zigiluari itxitakoa.

2002. urtean, Getxon sortutako taldeak 10 urtetik gorako ibilbidea egin dau eta egun Deu Txakartegi abeslariagaz batera, Jon Aguirrezabalaga, Willy eta Juan Escribano dira taldekideak. Hasieran taldeak Standard izena izan eban, baina 2008tik aurrera We are Standard deitzen dira.

2004an, taldeak Golden section lana argitaratu eban, 3 kantuz osotutako EPa. Hurrengo urtean FIB musika jaialdian aurkeztu eta bertako demo proiektuan irabazi egin eben. Horrezaz gan, Mondosonoro aldizkariak maketa onenaren saria emon eutsen.

Taldearen lehenengo diskoa 3.000 V 40.000 W izenburukoa 2006an etorri zan eta jasotako erantzunaren erakusgarri aurkezpen kontzertuak 150etik gora izan ziran. Diskoa Frantzian eta AEBetan argitaratu zan eta sariak eta autortzak bata bestearen atzetik etozan. The Impossible Mixes (2007) etorri zan gero, aurrerago We Are Standard (2008) eta nahasketen diskoa (2010) eta bien bitartean zuzenekoak ugari, baita Europan be.

2011ren amaieran Great State plazaratu eban taldeak eta barriro entzuleen eta kritikearen onespena jaso eban; zuzenekoak bereziak izan ziran haize-sekzinoagaz eta gospel koruakaz batera.


1.- Aurreko lana Londresen grabau ostean, Day Bilbon grabau dozue zeuon Zorrotzaurreko El Tigre estudioan eta ez hori bakarrik konposizino lana be tarteka hor egin dozue. Prozesua zelakoa izan da?

Erraza. Etxean, geure estudioan lan egitea ederra izan da. Epeen presino barik igazko zezeilean edo hasi eta irailean edo urrian amaitu genduan grabazinoa, gero nahasketakaz ibili gara eta, beraz, urtebete inguru egon gara beharrean. Patxada handiagaz egin doguz aldaketak, esperimentuak, grabazino eta birgrabazinoak... Obsesiboak gara beharrean eta lehenengo ekinaldian asmetako nahikoa talenturik ez daukagunez, gauzei buelta asko emoten deutseguz; azkenean 9 kantu sartu doguz diskoan, sano landutako 9 kantu.


2.- Sormen prozesuan zer izaten da lehenengo doinua, melodia ala berbak?

Batzuetan harmoniagaz hasten gara eta beste batzuetan bateria erritmoagaz. The way of gold kantua, berbarako, Jonek eukan erritmo bategaz hasi zan. Nik baxua sartu neutson, Willyk teklatua eta Juanek gitarrea eta hor geunkan kantu bat. Normalean gure kantuen oinarrian ez dira berbak egoten, gure burua ez daukagu poetatzat nahiz eta egin izan dogun holakorik, Mikel Laboaren Gure bazterrak testuagaz edota Hertzainak taldearen Aitormena kantuagaz.


3.- Beste talde batzuen eraginak baztertu eta melodia, ahots eta soinu berezia topetan ibili zarie lan barri honetan. Zer topau dozue?

Bide horri aurreko diskoan ekin geuntson eta oraingoan aurrera pausu handiak emon doguzala esango neuke. Ahotsa eta melodia oso garrantzitsuak dira gure lanetan eta gero eta argiago ikusten dogu hori; aurreko lanean, Londresen Andygaz grabau genduanean jaubetu ginan horrezaz; Andyren beste irudi bat geunkan, punkyagoa, gordinagoa izango zalakoan gengozan baina beragaz egun batzuk pasau eta Rolling Stonesen jarraitzaile sutsua zala esan euskunean, ezuste handia hartu genduan eta uste dot popari bildurra kentzen erakutsi euskula. Orduantxe hasi ginan melodia, ahotsa eta koruak lantzen eta gaur egun mimo handiz lantzen dogun atala da ze kantuak aberatsago, jantziago geratzen dira.


4.- Getxotarrak izanda ingelesez kantatzea zelan erabagi zenduen? Euskeraz kantetea ez dozue aurreikusi? Oraindino gogoan daukaguz Lovin Gaztea bildumarako egin zenduen Hertzainak taldearen Aitormena klasikoaren bersinoa eta Mikel Laboaren omenezkoa...

Ibili nazen talde guztietan kantau izan dot ingelesez eta arrazoia izan daiteke gustoko dodazan taldeek ingelesez kantetan dabela. Ez da nire ama-hizkuntzea baina gustora eta eroso sentiduten naz adierazo nahi dodazanak adierazoteko, urtebete egin neban AEBetan eta uda bat baino gehiago egin dodaz Inglaterran. Kantuetako berbak jagotea garrantzitsua da, tresna garrantzitsua da berbak baina guk ez dogu sermoirik edo mezu potolorik botaten, gu ez gara Bob Dylan, kantuetako berbak ez dira garrantzitsuena guretzako.

Bestetik, euskeraz be kantau izan dogu, badaukagu horretarako gaitasuna baina beti kantau dot ingelesez, plazerragaitik hasi nintzan eta ez dogu sekula hizkuntzeagazko holako eztabaidarik izan.


5.- Pop, indie, dance-rock, house, pop melodiko eta bestelako etiketak jaso dituan taldeak gero eta gustokoago dauka psikodelia... Baina guztiaren gainetik jantzarako musika aproposa da egiten dozuena. Aurreko galderan aitatutako etiketa guzti horreetatik zeinegaz sentiduten zara gustorago?

Beharrezkoak dira etiketak batez be idazteko orduan baina pentsaizu nahikoa gauza personala dala hori, etiketak oso potoloak dira eta sarritan ez dago definizino zehatzik, normalean musika taldeok estilo bat baino gehiago nahasten doguzalako. Oro har, popa egiten dogula esango neuke baina house eta musika elektronikoaren eragin handiakaz. Egia da azken disko honek psikodelia kutsu handia daukala, rock psikodelikoa progresiboa izatera pasau zan momentu horretako eragina, oso indartsu sartzen diran atal erritmikoz josita dago eta entzuleak mobiduarazoteko asmoa dago oinarrian.

Entzuten dozuna, gustetan jatzuna eta eragiten zaituana jaso eta horren ondoriozko emoitzea da norberaren musika estiloa eta beti be disko perfektua izango litzatekenaren ahalik eta hurren geratzea gura izaten dogu sortzaileok; esangura horretan, zeozelako aldaketea dakar Day disko barri honek, bigarren diskotik aurrera konturatu ginan, gure kantuak nahikoa antzekoak zirala, jantzarako pentsautakoak zirala gehienbat eta jaubetu ginan lana aberatsagoa izateko danetariko kantuak behar genduzala, jantzarako zein martitzen arratsalde baten sofan jesarrita entzutekoak. Beraz, aitatu izenburu hori aukeratzeko arrazoia be argia da zeozelako ziklo aldaketea iragarteko ze biziaren zikloa, egunaren zikloa da. Esan leike erritmoak apur bat moteldu egin doguzala baina aukerak zabaldu egin jakuz, melodiak, akordeak, ahotsak beste patxada bategaz lantzeko eta oro har, elektro gitxiago eta house gehiago topauko dau entzuleak disko barrian. Lehen erritmoa zan gure ardura nagusia, bateria bigaz joten genduan esperimentazinoaren bidean baina orain beste zeozeren bila gabiz, esan lei lehen adrenalinearen bila genbilzala eta orain, barriz, loria da gura doguna.


6.- Eric Broucek (LCD Soundsystem, Hercules & Love Affair, The Juan Maclean, Free Energy) eta Emmanuel Lundgren dira diskoan kolaborau daben izen handiak. Zelan lortu dozue euren inplikazinoa eta ze ekarpen egin dabela pentsetan dozu?

EMI da gure argitaratzailea eta I'm from Barcelonako Emmanuel Lundgrenena be bai eta hor bada persona bat EMIko artisten arteko kolaborazinoak bideratzeko ardurea dauena. Kontua da ze gure diskoa entzun eta gustau jakola Emmanueli eta, beraz, amaitu barik geunkan doinu bat bialdu geuntsan azken ikutua emoteko; Bilbotik Suediara eta Suediatik Bilbora lau bat ostera egin zituan kantu horrek eta azkenean polito geratu da.

Eric Brouceken kasuan, diskoaren nahasketa eta masterizazinorako, postprodukzinorako produktore baten bila genbilzan eta hor agertu zan Eric, oraintsu Los Angelesen estudioa zabaldu dauena. Egokia begitandu jakun eta Skype bidez alkarrizketa luze eta sakonaren ondoren, Manchester soinuaren zalea eta Orange Juice taldearen fan amorratua zala be autortu euskun eta orduan argi ikusi genduan kolaborazinoa; maketak bialdu geuntsozan eta berak, batez be, nahasketak egin ditu baina prozesua polita izan da eta makinatxu bat aholku eta aldaketa proponidu euskuzan. Kontua da ze Eric beharrean hasten zanean hemen arratsaldeko zazpiak zirala eta, beraz, gautxori izan gara luzaroan...


7.- Zuzeneko taldea da We Are Standard, lehenengo akordeak entzuteaz bat jentea mobiduarazoten dauena, tensinoa eta estresa nagusi diran momentuan, lasaitasunaren planetara eroaten zaituana... Emon dozuezan ehundaka kontzertu horreetatik bateren bat daukazu gogoan. Zergaitik?

Ez da erraza, asko dira bereziak baina ez daukat faboritorik; akaso, lehenengoa daukat gogoan, Bilborock-en Bilbo Hiria Maketa Lehiaketan, horixe izan zan gura lehenengo zuzenekoa, jenteari gustau jakon eta geuk be aurrera egitea erabagi genduan, horixe izan zana abiapuntua. Gure ibilbideko bigarren kontzertua, Madrilen izan zan, Heineken aretoan, Demo proiektuaren finala zan eta joten lehenengoak izan ziran eta irabazi egin genduan. Hurrengo egunean, hirugarren kontzertua telebistan emon genduan, Radio 3erako kontzertuetarako.


8.- Day diskoaren aurkezpen biran, Euskadiko lehenengo hitzordua maiatzaren 3an, MAZ Basaurin izango da, Social Antzokian. Zuon kontzertuak ez dira ba jesarrita entzutekoak...

Apirilaren 12an Tuteran joko dogu Noboo aretoan eta 13an, Bartzelonan baina bai etxean, Basaurin, maiatzaren 3an izango da diskoaren aurkezpena. Social Antzokia barriztauta dago eta holako kontzertuetarako jarlekuak kendu eta jantzarako aukera polita ei dago. Edozelan be, bateren baten jo izan dogu jarlekuakaz hornidutako aretoetan baina azkenerako jentea zutundu eta jantzan hasten da. Gure kontzertuak jesarrita entzuteak ez dauka zentzurik, bueno oraingo psikodelia kutsu horregaz, akaso apur bat gehiago. Dana dala, diskoko kanturik lasaienak oraingoz ez doguz zuzenean joko. Kontzertu luzeak ez jakuz larregi gustetan baina ordubete eta erdiko kontzertuetan, barriz, normala izango da kantu lasaigaoei be tartea egitea.


9.- Basaurikoaren aurretik, Tuteran, apirilaren 12an; Bartzelonako Razzmatazzen, 13an; Gasteizen, Jimmy Jazzen, apirilaren 19an; Madrileko Penelope aretoan, apirilaren 26an; eta Donostiako TBCn joko dozue, apirilaren 27an. Beste kontzertu batzuen ostean, garagarrilaren 13an, Bilboko BBKLive Jaialdian. Atzerrian joko al dozue? Zelako kontzertuak izango dira? Zeozer berezia prestau dozue?

Bai, aitatu dozuzan horreez gan, Logroño, Burgos, Alacant, Valentzia, Iruñea eta Burrianan be izango gara. Zuzenekoei jagokenez, ez dogu gauza berezirik pentsau baina kantu barriak eurak dira sano bereziak eta jenteak aldea igarriko dau aurrekoakaz konparauta. Lokalean lan handia egin dogu eta gogo handiagaz gagoz zuzenekokaz hasteko. Zuzenean Jorge Fuentesek eta Jaime Nietok be joko dabe geugaz.

Great state lanean 5 kantu ziran, etereoak, happy estilo horretakoak eta orain, barriz, badagoz kantu batzuk ostia txarragaz, zuzenekoetarako jarrera hori berreskuratu dogula uste dot baina jantzarako jokerea baztertu barik. Lehen jantza intensoagoak ahalbidetzen genduzan eta orain, barriz, jantza espiritualagoak izango diralakoan nago.


10.- Internet eta deskargak tarteko dirala, musikearen industriak bizi dauen gainbehereak nora eroango gaitu? Non ikusten dozu zeure burua 10 urte barru?

Galdera potoloa. Ez dago jakiterik, gauzak egun batetik bestera aldatzen dira baina Internetek musikearen industrian eragindako iraultzea geldialdian dagoala esango neuke eta orain egoera horretatik etekina atarateko momentua dala. Alde nagatiboa argia da, deskargak, disko gitxiago saltzea eta abar; diskoetxeak hasi dira pausuak emoten eta sortzaileon kalterako, izan be, kontzertuen portzentaje bat kentzen deuskue. Managerrak ez eze, diskoetxeentzako partida bat be gorde behar da. Zorionez, Mushroom Pillow gure zigiluak ez deusku holakorik baldintzarik ezarri.

Kontuak kontu, alde positiboagaz geratuko nintzateke; orain urte batzuk baino informazino zabalagoa daukagu eta informazino hori oso azkar jasoten dogu. Lehen korronte handi bat baino ez egoan eta gaur egun zenbat gura korronte daukaguz eskura, klik egin eta momentuan entzun geinke munduko beste muturreko talde bat edo ezagutzen ez genduan jokera edo estilo bat ezagutu; egungo kultura musikalak ez dauka zerikusirik orain urte batzuetakoagaz; gusto eta estiloak ugaldu egin dira eta hori positiboa da musikarako eta musikariontzako. Azken finean, zaleakazko hartu-emonak estutu, crowfoundinga edo finanziazino kolektiboa suspertu, bitartekariak baztertu eta zuzenekoetan dana emon, horixe da bidea.

Hamar urte barru musika munduan jarraitu gura neuke, kantuak sortzen, kontzertuak emoten... Hasierako ilusinoagaz, lehenengo diskoa amesa zan, musikatik bizitea atara kontuak eta, beraz, hor jarraitu gura neuke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu