Basque Culinary Center-ek gastronomia udalekuak abiarazo ditu Bizkaia, Gipuzkoa, Katalunia eta Andaluzian
2013-04-08 11:59 Jan edanakHamar egunetan, danetara 80 gaztek Basque Culinary Center-eko irakasle eta chef baten eta bi begiraleren laguntzinoa izango dabe gastronomiaren sekretuak ezagutzeko aukeraz gozetako, horreen gidaritzapean hurreratuko dira sukaldaritzearen mundura, haregaz lotutako ikastaro praktikoen, irteeren eta bisiten bidez.
Basque Culinary Center-ek Sukaldaritza eta Gastronomia Udalekuen aurtengo edizinoa abiarazo dau BCulinary Udan; Espainian bakarra dan udaleku mota hau, aurten, Euskaditik kanpoko beste bi lekutan be antolatuko da. Sukaldean jardutea atsegin daben 14 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Aurten, udalekuak -HAZI-ren, landa eta itsas ingurunearen garapena sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Korporazinoaren laguntza dauenak- ez dira Gipuzkoan bakarrik antolatuko, Bizkaian, Andaluzian eta Katalunian be eskainiko dira, sukaldaritza eta gastronomia mundu guztiari hurreratzeko.
Programea egonaldi osoko segidako hamar egunetan garatuko da, -leku bakotxean egutegi desbardina izanik- eta egonaldian parte hartuko daben gazteek sukaldaritzearen sekretuak modu praktiko eta atseginean ezagutzeaz gan, sukaldean erabilten diran produktuen inguruko alor guztiak ezagutzeko aukerea be izango dabe, esaterako, arrantza-ontzi batean ibili edo entsalada dibertigarri bat egiteko urazak jasoko ditue, beste hainbat ekintzen artean.
Holan, hamar egunetan, danetara 80 gaztek Basque Culinary Center-eko irakasle eta chef baten eta bi begiraleren laguntzinoa izango dabe gastronomiaren sekretuak ezagutzeko aukeraz gozetako, horreen gidaritzapean hurreratuko dira sukaldaritzearen mundura, haregaz lotutako ikastaro praktikoen, irteeren eta bisiten bidez. Eguneroko jardueren artean, chef konbidatuen eskutik errezeta tradizionalak prestau, sukaldaritza barritzailearen teknikak ezagutu, sukaldari entzutetsuen ondoan jardun, sukaldean erabiliko dituen produktu nagusien elaborazino prozesuak ezagutu, eta irteera eta bisita interesgarriak egingo ditue -jatetxeak, merkatuak, produktoreak, etab.-, tutoretzapeko beste hainbat astialdiko irteeren artean, horreen artean, ugerlekua, hondartza, ur-kirolak, ginkana gastronomikoak, etab.
Ondokoak dira programa barruko ikastaroak: lekaleak eta zerealak, okelea eta parrillea, ogia eta pizza, pasta eta arroza, frutak eta barazkiak, esnekiak, arraina, sormenezko sukaldaritzea, txokolatea eta postreak, udalekuaren eskualdeko sukaldaritza tradizionala, nazinoarteko sukaldaritzea eta ahosabaia trebatzen ikasteko dastaketea. Horrezaz gain, elikadura osasungarriaren inguruko, otorduetarako lehen laguntzei jagokezan eta plateren apainketeari buruzko aholku batzuk be eskainiko dira.
Udalekuz udaleku
Bizkaiko udalekua Derio herrian (Derioko Nekazaritza Eskolan) egingo da, Bizkaiko kostatik hur, bagilaren 28tik garagarrilaren 7ra. Bizkaiko udalekua aukeratzen dabenek, 14.000 metro koadroko landa eskolaz gozauko dabe, bertan, erresidentziaz, egonlekuez, eta ikastaroetarako espazioaz gan, baratzezaintzarako ustiategiak, fruta-arbola desbardinak, mahasti bat eta aire zabaleko inguruneak dagoz. Basque Culinary Center-era eta Ondarroako porturako bisitak egingo dira, beste hainbat lekuren artean.
Gipuzkoaren bihotzean, Villabona herrian dagoan baserri eskolea izango da Gipuzkoako udalekuetako egoitzea, garagarrilaren 19tik 28era. Fraisoro Nekazaritza Eskolan egingo da, eta irteeren artean, sagardotegi bat, alkarte gastronomiko bat, Donostia eta Getariako arrantza-portua bisitauko dira.
Andaluziako udalekua CIO MIJAS Zentruan egingo da, garagarrilaren 12tik 21era bitartean, eta udaleku hau aukeratzen dabenek eta Jerezeko ardandegi bat bisitauko ditue.
Azkenik, Kataluniako udalekua Bartzelonan antolatuko da, garagarrilaren 12tik 21era bitartean, Mura herrian be egingo da eta gazteek Penedes, Montsant eta Priorateko ardaoakaz, cavakaz, butifarrakaz edota Kataluniako nekazari bati erositako ogiakaz zerikusia daben jarduerak egingo ditue.
Udalekuen prezioa 590 eurokoa da, eta barnean hartzen ditu mantenu osoa, ikastaroetarako materiala (mantala eta dokumentazinoa), aurreikusitako irteerak, istripuetarako asegurua eta gertuen dagoan uritik udalekuen kokalekurainoko joan-etorria.
Plazak izena emoteko ordena berean esleituko dira, baina gastronomia ikasketetarako motibazinoa be balioetsiko da, horretarako www.bculinary.com webguneko izen emote orria bete eta club@bculinary.com helbidera bialdu beharko da. Dudak argitzeko, interesdunek 902 540 866 telefono zenbakira deitu edota mezu bat bialdu leikie goian aitatutako helbidera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!