Euskaltzaleak aktibau eta antolatzeko apustua berretsi dau Euskaltzaleen Topaguneak

Bizkaie! 2013-03-25 11:20   Euskerea berbagai

Gizarte mobimentu modura egituratzen jarraitzeko kohesinoan eta gizarte eraginean lehentasunak jartea erabagi dabe Topaguneko kideek astegoienean, Durangon, egindako Batzar Nagusian.

Gizarte mobimentu modura egituratzen jarraitzeko kohesinoan eta gizarte eraginean lehentasunak jartea erabagi dabe Topaguneko kideek astegoienean, Durangon, egindako Batzar Nagusian. Holan, beste hainbat neurriren artean, federazinoaren izena bera aldatzea erabagi da; aurrerantzean Euskaltzaleen Topagunea izena izango dau Euskal Herriko euskaltzaleak batzen dituan mobimentuak. Topaguneak bere jarduerearen muinean jarri dau euskaltzaleak aktibetea eta gizarte mobimentuan antolatzeko eginkizuna.

Izan be, 2012 urtean hiru urteko hausnarketaldia amaitu dabe Topagunea osotzen dabenek. Azken urteotako gogoeteagaz hasitako eraldaketan sakontzen jarraitzeko urtea izaten ari da 2013 urtea, Topaguneko ordezkarien berbetan, eta batzarrari aurkeztutako Kudeaketa Planak kohesinoan, transmisinoan, gizarte eraginean eta motibazinoaren lanketan jasoten ditu erronka nagusiak.


Oinarri sendoak, erronka barriak

Urtearen balorazinoa egiterakoan, 2012ko zemendian Bilbon egindako Topagunearen Bigarren Kongresua azpimarratu dau Mikel Irizar presidenteak; Federaziotik Mugimendura izenburupean egindako Kongresuagaz gogoeta garaia zarratu eta ekintzetan sakontzeko garaiari ekitea ekarri dauela nabarmendu dau. Urteak, edozelan, gogoetatik harantzago be asko emon dau: Topagunearen ekimenez euskerazko tokiko hedabideek osotzen daben TOKIKOMen sorrera, batetik, eta mobimentuaren kohesinoan sakontzeko urtean zehar martxan jarri diran ekimenak, bestetik. Sentsibilizazinoaren arloan azken urteetan Topaguneak izan dauen jarduerearen garapena be nabarmendu egin da.

Era berean, 2013. urteko Kudeaketa Planean jasotako helburu eta jarduera nagusiak aurkeztu ditue Topaguneko ordezkariek eta batzarrak onartu egin ditu. Holan, 2012an garatutako lan arloez gan, euskaltzaleen ekimen eta eragina handitu, mobimentuaren transmisino eta barruko formazinoan inbertidu eta Topaguneak abian dituan jarduerei eutsiz, bere eragina areagotzea izango dira mobimentuaren urteko erronka nagusiak. Horrezaz gan, erakundearen erronkea izango da aitatutako apustu guztiei heldu ahal izatea, egoera ekonomikoaren zailtasunak gaindituz. Testuinguru ekonomiko ezegonkor honetan, gizarte ekimenaren garrantzia inoiz baino handiagoa dala nabarmendu da batzarrean eta babesa areagotzeko deia egin deutse mobimentuak herritar eta erakundeei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu