Gorka Ganso: 'Pailazo berbea oso kutsatuta dago'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-03-25 11:05   Barriketan

Topaklown-eko arduraduna

Topaklown Durangoko I. Clown Topaketeak Euskal Herriko eta estadu espainiarreko makinatxu bat aktore, antzerkigile eta zale batuko ditu martiaren 28tik 31ra bitartean, San Agustin kulturgunearen inguruan. Goizez ikastaroak egingo ditue, arrastiz, barriz, heldu zein umeentzako ikuskizunak.

Benetako topaketak izango dira, Ganso & Cia konpainiako Gorka Ganso jardunaldien arduraduranak esan deuskunez, eskolak izango dira-eta ardatza. Pozarren dago topaketeak euki dauen harrereagaz, izan be asteak dira ikastaroetan lekurik ez dagoena.


1.- Topaklown topaketen lehenengo edizinoa dozue, baina uste dot lehendik be zeozetan ibili zariela Ganso & Cia taldekoak, ezta?

Orain bost bat urte hasi ginan clownaren inguruko ikastaro trinkoak noizean behin antolatzen. Igaz Aste Santuko sasoia aukeratu genduan, eta ikastaro bakarra barik, bi eskaini ziran. Oso ondo atera zan, harrera benetan ona izan eban. Iluntzetan emonaldiak antolatu genduzan ikasleentzako. Jente piloa etorri zan, bai Euskal Herritik bai Kataluniatik eta Madrildik bere.

Lehendik geunkan buruan bueltaka topaketa batzuk egiteko ideia, igazko arrakastea ikusita, aurrera egitea pentsau genduan. Pruebak egiten ibili gara orain arte, Topaklown jarraipena da. Estadu espainiarrean badira ikuskizunak ardatz dituen topaketak, gurean, ostera, clown arloko ikastaroak dira oinarria, eta horren menpe dago ganerako egitarau osoa.


2.- Edonork parte hartu ahal dau ikastaroetan, ala oso bereziak dira?

Guztientzako ikastaroak dira. Gehienetan clown ikastaroak nahiko zabalak izaten dira. Nik beti esaten dot profesionalok asko ikasten dogula holango topeketetan ezer ez dakien jentearengandik. Sarritan izaten da nonor ikastaroetan, lehen aldia izan arren, sekulako gauzak erakusten dituana. Clown ikastaroek oso ondo hartzen dabe edozein maila dauen jentea.

Halanda be, Topaklownen danetariko eskaintzea dago. Berbarako, Luisa Gaillardek sorkuntzara bideratutako ikastaroa emongo dau, ikasleek aurretixik sortutako ikuskizun laburrak eroan behar ditue eta bertan landu, beraz, zeozelan clown mundua ezagutu behar dabe. Oihulari Clown taldeko Virginia Imazek, barriz, hastapen eskolea emongo dau. Topaklownek benetako topeketea izateko jaio da, lekua izango dabe profesionalek, zaleek, hasibarriek...


3.- Zelan doa izen-emotea? Jente asko etorriko da Durangora?

Ba, orain dala aste batzutatik ez dago lekurik. Dana dago beteta. Azkenean, lau ikastaro barik sei izango dira, irakasle bik txanda bi emongo ditue eta. Honek erakusten dau krisi aro honetan jenteak ikasteko, gauzak egiteko, barre egiteko eta ondo pasetako gogoa daukala. Topaklownek arraskata handia izan dau estaduan; Bartzelona, Madril, Galizia, Gaztela eta beste hainbat lekutako ikasleak etorriko dira. Badagoz aukerak kulturea, antzerkia eta clownaren inguruan mobimentua eragiteko.


4.- Halanda be, clowna ez da ezaguna oraindino, ez dauka presentzia handirik.

Mendeak dira gizartearen zati garala, baina oso ezezagunak gara. Clownaren inguruan, ganera, nahaste handia dago. Umeekaz lotzen da clowna, sur gorriagaz umeentzako umorezko ikuskizunak egiten. Ez da holan, umeentzako zein helduentzako emonaldiak sortzen doguz. Topaklownen, esaterako, ikuskizun gehienak publiko helduarentzat dira. Urte asko dira clownak zirkua itxi ebanetik, daborduko sartu da zineman, antzerkian, telebisinoan... leku guztietan.


5.- Clowna ala pailazoa, zer gurago?

Gauza bardina dira, baina guk berba anglosaxoia erabilten dogu, pailazo berbea oso kutsatuta dago. Azkenaldian clown esaten da, baina gauza bera dira. Pailazo esaten dogunen telebisinoko irudi hori etorten jaku burura, baina gehienok ez dogu erabilten beste alde folkloriko hori, koloreak, sur gorria, zapatatzarrak... Ikuskizun batzuetan sur gorria be ez dogu ipinten.


6.- Eta zelangoak dira ba clownak?

Clowna hizkuntza bat da, eszenan egoteko modu bat. Clowna ez dago gizarte honetako arauen menpe, horregaitik sarri umeen, zoroen edo animalien joerak izaten ditu. Clownak gure eguneroko bizimodua zulotxu batetik ikusi dau, zeozer badaki, baina ahalegintzen danean gu lez funzionetan ez dau egundo asmetan. Ez dauka informazino nahikorik, jakina. Gauza handiak erraz egiten ditu, jostailu bat, esaterako, baina zapatak lotzea moduko gauza txikiak egiteko egun osoa behar dau.

Umorea osogai garrantzitsua da, ikusleak hor ikusten dau bere islea, askatu egiten dau. Horregaitik egiten dogu barre. Pailazoen jardunean topetan dogu guk behar dogun askatasuna, izan beharko genduana.


7.- Goizeko ikastaroen ostean, iluntzetan ikuskizun bi izango dira egunero San Agustin kulturgunean. Ze erespidegaz egin dozue aukeraketea?

Lan gehienetako antzezleak ikastaroetako ikasleak dira, batzuk profesionalak, eta beste batzuk ez. Danak datoz euren lanak erakustera. Aukera ederra da hemen zein kanpoan egiten dana ezagutzeko. Ganera emonaldi gehienak doban dira, hiru besterik ez dira ordaindu behar, 7 euro.


8.- Euskal Herrian berenberegi clowna jorratzen dauen zenbat talde zarie?

Nire lagun eta irakasle dan Virginia Imazel Oihulari Clown taldekoak 25 urte daroaz baharrean, gu geuk be, Ganso & Cia-k, urte batzuk badaukaguz. Eta badagoz hasi barri diran talde batzuk bere. Clowna euren lanen osogai lez erabilten dabenak badira, baina nik uste dot clowna berez Oihulari Clown eta Ganso & Cia-k lantzen dogula.


9.- Hemendik kanpo, ostera, egoerea bestelakoa da, ezta?

Frantzian sekulako tradizinoa dago. Akaso Frantzia da erreferente nagusia Europan, baina Suitzan, Herberehetan eta Britainia Handian pailazo oso onak dagoz.


10.- Euskal Herriari asko falta jako Frantziaren mailara ailegetako?

Antzerkian, kulturan... 50 urteko atzerapena daukagu, oso atzean gabilz. Beste kultura bat daukie, politikariek, ikusleek... danek. Jentea beste begi batzuekaz hurreratzen da ikuskizunetara, kultureari deutsoen estimua beste maila batekoa dala uste dot. Hemen urte askoan kultura antzerkia bultzatu da, jaialdi ugari sortu dira. Horri esker jenteak beste begirada hori izatea lortu daiteke. Espero dot krisialdi honegaz, hainbeste festibal desagertzen dabilzan sasoi honetan, ohiturea hartu dauen jente horrek segidutea, ez daitela atzerapausua izan.


11.- Krisialdia, BEZaren igoerea... Egoerea ez da erraza.

Egoerea nahiko larria da. Orain ia hogei urte hasi nintzan antzerki munduan, betiko galderea da ia antzerkia krisian dagoan. Beti dago krisi berbea antzerkiaren inguruan orbitan. Horren ganetik egon behar dogula erexten deutsat, gure sormen ahalmenagaz, gure lanekaz. Politikariek azkenean ikusiko dabe hau beharrezkoa dala jentearentzat.


12.- Ganso & Cia-gaz Babia lana zabilzie antzezten. Apirilean Berangon izango zarie, ezta?

Bai, apirilaren 13an. Zemendian estreinau genduan Durangon. Areto barruko gure lehenengo ikuskizuna da, bai. Oso pozik gagoz emoitzeagaz, lan hunkigarri eta dibertigarria da, familia osoarentzako, ez da beharrezkoa umeekaz joatea, helduek be ondo pasetan dabe.


13.- Kalean ala areto barruan, zein gurago?

Orain arte kalean egon gara, eta udan kalera bueltauko gara. Babia-gaz egiten gabilzan ostereagaz sano gustura gagoz. Alde handia dago kalea eta aretoaren artean, guztiz desbardina da. Sentsazinoak, kontetako modua... dana da desbardina. Barruan bitarteko gehiago daukazuz, argia, soinua.

Aretoetan jentea jesarrita dago, sarrera ordaindu dau, isiltasuna dago; kalean, barriz... kalean gauza asko pasetan dira, kamioi asko, txakurrak bere bai, gauza asko. Kaleko ikusleek ez dabe ordaindu, nahi dauenak ospa egiten dau, geratzen danari benetan gusteta jako ikuskizuna. Nik kalea asko maite dot, batzuek bigarren mailako lez euki arren. Antzerkia mueta guztiz desbardinak dira, biek ditue gauza zoragarriak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu