Durangaldeak txiri-txiri... txispotsa!
2013-03-25 09:38 BertsolaritzeaDurangaldekoek irabazi dabe XXI. BBK Sariketea. 19 urtera artekoetan 7 puntugaitik gainetu jakezan Ipar Uribekoak, baina bueltea emon eutsien 25 urtera artekoetan. Azkenean, puntuak joan-etorrian ibili ostean, Durangaldeak 412 batu zituan eta Ipar Uribek 385.
Durangaldekoek irabazi dabe XXI. BBK Sariketea. 19 urtera artekoetan 7 puntugaitik gainetu jakezan Ipar Uribekoak, baina bueltea emon eutsien 25 urtera artekoetan. Azkenean, puntuak joan-etorrian ibili ostean, Durangaldeak 412 batu zituan eta Ipar Uribek 385. Danetan gazteenak eurak zirala, baina...
Txintxileria bako finala izan zan; taiuzko bertsoduna. Jente arloa batu zan Bilboko Kafe Antzokian eta sartu nintzanean ez, baina urtekeran... orduan, bai, komeriak: Kafe Antzokiaren ondoan dagoan San Vicente parrokiakoek kale guztia konodun buruakaz josita eukien.
19:07an hasi zan berbaz Bernar Mandaluniz. Goiko pisuan boligrafoakaz prest: Arkaitz Estiballes, Juanjo Respaldiza eta hirurok. Joserra Bilbao ingurua kontroletan egoan eta Ione Narbaiza transkripzinoakaz burua bota ahalean hasteko. Aitor Gonzalez Kintana, barriz, erretratuak patxadaz ataraten.
Bernarren lehenengo berbak BBK Sariketearentzako izan ziran: urteak aurrerra joan arren, fresko mantentzen dala esanda. Segidu antzean, 19 urtera artekoak deitu zituan. Durangaldetik: Garoa Angiozar, Iruri Altzerreka eta Txaber Altube; Ipar Uribetik: Unai Mendiburu, Aitzol Muruaga eta Paule Loizaga.
Honezkero ezaguna egingo jatzue Unai Mendiburu. Bere bertso pare bat eskribidu dodaz azkenengo artikulu bietan eta gaur baten faltan, bi ipiniko deutsuedaz. Oinakaz bertso elegantea osotu eban, eta zortziko handian, Garoagaz batera, indar handiko bertsoak kantau zituan.
Aspaldidanik daukat
zuganako grina.
Horren begi ederrak
eta gorputz fina...
Kaletik zoaz eta,
ze neska arina!
Nirea izango zara;
hori da jakina.
Gaia: Neba-arrebak zarie. Zu, Garoa, gurasoak etxetik noz joango egoten zara. Unai, ostera, bakarrik geratzen zarienetan etxea giltzaz itxi eta artega egoten zara. Gurasoek afaria daukiela eta, etxetik urten dabe oraintxe. Bakarrik zagoze.
Garoak nebeari afaria prestetako agindu ostean, hurrengoa bota eutson Unaik:
Txiki-txikitan gure zaindari
dira aita eta ama.
Bada, Garoa, presta ezazu
zure edari ta jana.
Gaur lapurren bat sartuko ote da,
a zelako panorama!
Ni lasai nago eskuan daukat
aitatxoren suzko arma.
Durangaldetik Garoak eta Irurik be ederto bete eben euren beharra. Halanda be, Aitzol Muruagari egingo deutsat lekua. BBK Sariketan aurten kantau dau lehenengoz eta aurreko saioan baino konfiantza handiagoagaz igarri neban barikuko finalean. Oinak emonda bertso ederra kantau eban.
Euskal Herria dugu
euskaldun habia.
Situazio txarra dauka
hori da egia,
baina bidea eginda
piztu da argia!
Independentzia da guk
nahi dugun saria.
Durangaldekoen tertzioa ailegau da. Ezaguna da Txaber Altubek bertsotan egiteko daukan abilidadea eta bere bakarreko beharreko hiru bertsoetan erakutsi eban: puntu-erantzunean, azkena emonda osotutako bertsoan eta gaiari kantaukeran.
Korrika helduko da
etzi Baionara,
zapatillak jantzita
indarrak atara.
Gorde etxean lotsa
ta gorde ikara,
euskera hartu eta
goazen bertara.
Trikitixa bat, bals bat astiro,
pasodoble ta konpleto...
edo Benito apur bat gure
doinu ederrak hartzeko.
Eskuak batu, buruak gora
ta gorputzak hurbiltzeko,
doinu guztiak dira ederrak
zugaz dantzan egiteko.
Gaia: Parrandan urten dozu lagunakaz. Goizaldean gurasoak bila etorri behar jatzuzan. Ordu-erdi daroazu eurei itxaroten.
Jaietara urteteko
euki dot, bai, nire lana.
Amak aitzaki horrekin
ia kendu dosta plana:
gazteegia zara zu
ene Txabertxu laztana...
ordu bat ta erdietan
joango naz zuregana.
Baina oin ze pozik nauen
kenduta gainetik zama,
zenbat maite zaitudan nik
hau da gustetan jatana!
Txostenara noa barriz
ta eskerrik asko, ama.
Gazteenetan Durangaldeak 168 puntu batu zituan eta Ipar Uribek, barriz, 175.
25 urtera artekoetan Durangaldetik: Aitor Bizkarra, Ander Gerrikaetxebarria eta Ane Alegria; Ipar Uribetik: Inaxio Vidal, Peio Arondo eta Imanol Uria. Durangaldeko nagusiek ebatzi eben aurtengo finala. Oraindino 18 urtera artekoetan kantau leikien arren, Aitorrek, Anderrek eta Anek ondo ekin eutsien fase barriari. Zorionak danei.
Zortziko nagusian Inaxiok seguru kantau eban eta Aitorrek sano bertso ona bota be bai bien arteko ofizioan. Aitor, gaztea izan arren, lehengo asteko Hitzetik Hortzerako saioan ikusi genduan Durangoko bertso-korrikan Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Miren Amurizagaz batera.
Ofizio osoena Ander Gerrikaetxebarria eta Peio Arondoren zortziko txikerrekoa izan zan. Aitatu beharrekoa da euren beharra.
Gaia: Athleticzaleak zarie biok, eta azkenaldian nahiko etsita zabize. Halanda be, zuk, Ander, San Mamesera joaten jarraitzen dozu; Peio joan be ez da egiten.
Peio (bere lehenengoa)
Nahiz ta beti kanpora
doazen geziak,
Ez nau ni amorratzen
puntu eskasiak.
Pozik nago ikusten
partidu itsusiak,
baina jo gaitu gogor
zaleoi krisiak!
Ander (bere bigarrena)
Krisia Athleticentzat
ez da izaten traba,
baina zu etxean zaude
sofa hortan, hara.
Momentu txarrenetan
gogorrenak gara...
zu ez zara lehoia,
zu katua zara!
Peio
Baina lehoien grina
daukat barrenean,
nahiz ta orain nagoen
ezin egonean.
San Mamesera joango
naiz, baina lanean...
nik kamiseta janzten
dudan egunean!
Ander
Arondo, uste duzu
naizela tontoa...
Futbolean jolasten
zarenez astoa,
ez dozu inoz jantziko
ta hor dau, ba, gakoa:
ez zara, bada, izango
Errealekoa!
Bakarreko beharrean, Ane Alegriak polito eutsi eutsan Imanol Uriari. Hurrengo bertsoa, sano ona.
Gaia: Behar duzun guztia motxilan sartu eta prest zagoz bideari ekiteko.
Ane Alegria
Faxista danak Gernikan dauz ta
egiten dabe aurrera...
Ondokoa be ez dogu maite,
salbau behar da norbera.
Armak hartuta joan edo ez,
hori da nire galdera,
baina banoa, joan egin behar dot,
jada egin dot aukera:
motxila hartu, fusila hartu
eta banoa frontera.
25 urtera artekoetan Durangaldeak 244 puntu batu zituan eta Ipar Uribek 210.
Finalistarik gazteenaren saria hamabi urteko Iruri Altzerrekarentzat izan zan eta bizkaiera egokienarena Irati Astondoarentzat. Bai urrean, datorren urtean atzera batuko gara BBK Sariketan. Bernar Mandalunizek berak be, saioaren akabuan, eskerrak emon eutsozan Joserra Bilbaori Sariketearen alde egiten dauen ahaleginagaitik. Ni neu pribilegiatua naz holango bertsolariak epaitu ahal izanda Arkaitz eta Juanjogaz batera.
Ondo segidu,
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!