Basque Fest euskal kulturearen eta abangoardiaren jaialdia ospatuko da Bilbon martiaren 28tik 31ra

Bizkaie! 2013-03-21 10:09

Tradizinoa, nortasuna, barrikuntzea, talentua eta sormena dira jaialdiaren osogaiak. Bilboko Udalak antolatutako ekimena urteroko topaketa bihurtzeko jaio da eta, egungo krisi ekonomikoan, uria dinamizetako proposamena izan nahi dau, hau da, hurreko merkatua erakarteko eta kultura-turismoaren gorakadea sustatzeko.

Basque Fest euskal kulturearen eta abangoardiaren lehenengo jaialdia egingo da Bilbon martiaren 28tik 31ra bitartean. Tradizinoa, nortasuna, barrikuntzea, talentua eta sormena dira jaialdiaren osogaiak. Bilboko Udalak antolatutako ekimena urteroko topaketa bihurtzeko jaio da eta, egungo krisi ekonomikoan, uria dinamizetako proposamena izan nahi dau, hau da, hurreko merkatua erakarteko eta kultura-turismoaren gorakadea sustatzeko.

Topaketearen helburu nagusiak sormena enpresen zerbitzura sustatzea eta kulturea bereizteko, nabarmentzeko eta ospea lortzeko elementu lez balioestea dira. Jaialdia hausnarketa-prozesu baten ondorioz sortu da, bere egiazkotasunagaitik eta tradizinoagaitik ondo balorautako kultura baten indarra aldarrikatzearen aldeko apustua egiteko, eta etorkizun propioa eregiteko nahiagaz osotuko da, bere izaerarik abangoardistena aztertuz, antolatzaileek azaldu dabenez.

Basque Fest jaialdiak adierazpen kultural guztiak esangurarik zabalenean hartzen dituan topalekua izango da. Artea, erakusketak, jantzak, kale antzerkia, umeentzako animazinoa, artisautzea, kontzertuak, euskal diseinuen erakusketak eta salmentea, gastronomia eta hainbat kirol.

Lauburua izango da jaialdiaren markearen protagonista, eta koherentzia emongo deutse Basque Fest osotzen daben edukiei. Topaketeak bost atal ditu, eta kolore desbardinetako lauburu baten irudiak lotzen ditu.


Eremuak eta jarduerak

Jaialdiak presentzia izango dau uri osoan, eta jarduerak egingo dira Alondigan, Erriberako Merkatuan, Plaza Barrian, Zazpi Kaleetan, Arenalean, Itsasadarrean, Arte Eder Museoan, Euskal Museoan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, Arkeologia Museoan, Athletic Club Museoan eta Bizkaia eta Esperanza frontoian.

Erriberako Merkatuak hedapen-eremua estreinauko dau euskal diseinuko marken erakusketeagaz eta salmenteagaz. Bada, martiaren 28tik 30era, 11:00etatik 20:00etara, hainbat marka ezagun batuko ditu, besteak beste, J+G, Skunkfunk, Alicia Rueda, Poupée Chic, Ian Mosh, Ambrosía Pitigüil, Manderlay, Batela, Mónica Lavandera, River William, Nerea Lurgain, Laga, Onddo ta Punto, Cállate la Boca, KOT, Hunccha, Lymber, Tako eta DigiPen. Gainera, DJ batek bisita eta erosketak alaituko ditu.

Alondigan, barriz, martiaren 28an, 29an eta 30ean, 21:00etatik 23:00etara, Belako, Maderacore, Joseba Irazoki eta MobyDick-en kontzertuak izango dira. Iñaki Plazak, ostera, martiaren 30ean joko dau, 19:00etan, Plaza Barrian. Bestalde, jantza tradizionalak ikusi ahal izango dira bertan, martiaren 28an eta 29an, 19:00etan, Patxi Perezen eta Erdizka Lauetanen ikuskizunakaz.

Jaialdiaren espiritua ostalaritzan eta dendetan be igarriko da, Zazpi Kaleetako, Abandoko eta Indautxuko kalerik ezagunenetan. Euskal produktu eta oroigarrien saltokiek, dendek, jatetxeek eta tabernek lau egunez jantziko dabe jaialdiaren ikurra.


Lankidetzea

Esperientzia hau lankidetza publiko-pribatuari eta proiektu barri honetan parte hartu daben erakunde, alkarte, eragile eta persona guztiei esker antolatu ahal izan da. Ekimenak bide luzea egin beharko dau bere ospea, izen ona eta etorkizuna finkatu ahal izateko. Basque Fest ekimenak harrera ona izan dau hasieratik urian artearen, diseinuaren, musikearen, sorkuntzearen, kirolaren eta gastronomiaren arloetan. Sektore horreen ahalegina eta babesa erabagigarriak izan dira danon lanari eta sormenaren alde eta artearen eta kulturearen alde egin dan apustuari esker jaio dan topaketa hau abian jarteko.

Jaialdiaren egitarauan euskal kultureagaz lotutako jarduerak be sartu dira, besteak beste, Basque Design Today, Eskutartie, Nestor Basterretxearen Forma eta Unibertsoa erakusketea eta Bizkaiko Dantza Tradizionalak, Itxasturiak. Itsasoko jendea, Euskal Herria: Tarteko Lurra eta San Mamés 1913-2013 erakusketak.

Basque Fest jaialdiak ondo zehaztutako publiko potentziala dauka, hau da, bilbotarrak, eremu metropolitarreko biztanleak eta aldameneko lurralde eta erkidegoetakoak. Gainera, Aste Santuan uria bisitauko daben turistei be zuzenduta dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu