Nestor Basterretxeak Bermeon dituan artelanak ikusteko bisita gidatuak izango dira

Bizkaie! 2013-03-18 11:59   Kulturea

Bermeoko Udaleko Turismo Bulegoak Nestor Basterretxea artisteak bere jaioterrian dituan artelanak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu, eta holan, Euskal kosmogonia, Hilargi Amandrearen Mamuak, Hilarriak, Olatua eta Benito Barruetaren omenezko monumentua ikusi ahal izango dira dobako bisita gidatuetan.

Bermeoko Udaleko Turismo Bulegoak Nestor Basterretxea artisteak bere jaioterrian dituan artelanak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu, eta holan, Euskal kosmogonia, Hilargi Amandrearen Mamuak, Hilarriak, Olatua eta Benito Barruetaren omenezko monumentua ikusi ahal izango dira dobako bisita gidatuetan.

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak eta Bego Gangoiti Turismo Bulegoko teknikariak aurkeztu dabe egitasmoa Frantziskotarren komentuan eskainitako prentsaurrekoan, komentuaren klaustroan artista bermeotarraren hilarriak kokatuta baitagoz. Bermeok artista bermeotarraren nahikotxo artelan hartzen ditu eta, gure ustez, oso interesgarria da horreek ikusteko eta ezagutzeko bisitak eskaintzea bai bermeotarrei eta baita kanpotik datozen bisitariei be. Izan be, altxor bat daukagu Bermeon eta nahi daben guztiei erakutsi nahi deutsegu, adierazo dau Bidegurenek.

Bisita gidatuak euskeraz edo gaztelaniaz izango dira, honako egun honeetan: martxoaren 19an (gaztelaniaz), 23an (euskeraz) eta 28an (gaztelaniaz); apirilaren 2an (euskeraz), 9an (gaztelaniaz), 13an (euskeraz), 16an (euskeraz) eta 20an (gaztelaniaz). Martitzenetako eta eguenetako bisitak 12:30ean hasiko dira, eta zapatuetakoak, 13:00ean. Olatua eta Benito Barruetaren omenezko monumentua martitzen eta eguenetako bisita gidatuetan ikusi ahal izango dira.

Informazino gehiago jasoteko edo erreserbak egiteko Bermeoko Turismo bulegora deitu behar da, 94 617 91 54 telefonora, edo bestela, turismoa@bermeo.org posta elektronikora idatzi.


Artelanak

Nestor Basterretxeak Bermeon dituan artelanei jagokenez, Euskal Kosmogonia 2007. urtetik Lameran dagoan 18 eskulturako multzoa da. Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoan oinarritzen da eta bertan nahastauta atzemoten dira eragin kristinau zein paganoak. Jose Migel Barandiaranek egindako ikerketa mitologikoetan inspirauta dagoz.

Bestalde, Erreten parkean Hilargi Amandrearen Mamuak brontzezko hiru erliebeak dagoz. Kasu honetan, bisita gidatua Frantziskotarren klaustrora be helduko da, hemen bost hilarri dagozalako, 2006. urtean inaugurautakoak.

Martitzen eta eguenetako bisita gidatuak Olatua eskulturara eta Benito Barruetaren omenezko monumentura be helduko dira. Olatua Bermeoko Portuan dago, zortzi metroko altuerea eta 44 tonako pisua ditu, eta corten altzairuz egina dago. 2006an inaugurau zan eta bost atalek osotzen dabe. Bere oinarrian honakoa irakurri daiteke: Bermeo nire herri maitea, zu zara olatu erraldoi baten irudi zoragarria.

Benito Barruetaren omenezko monumentua Talako parketxuan kokatzen da. Paisajeari irudian agertzen dan zulotik begiratzen bajako, Izaro uhartea ikusten da. Monumentuaren oinetan eskaintza hau ikusten da: Al pintor Benito Barrueta Asteinza Bermeo 1873-1953. El Ayuntamiento de Bermeo. Homenaje Septiembre 1973.

Idurre Bidegurenen esanetan, Nestor Basterretxearen artelanak ondare garrantzitsua dira Bermeorentzat, balioan jarri beharrekoak, eta nahi daben persona guztiei erakustekoak. Uste dogu bisita gidatuak helburu hau lortzeko modu egoki bat dirala eta horregaitik jarri doguz martxan, nabarmendu dau.

Bermeoko Udalak bisita gidatu honeek ezagutzera emoteko esku-orriak banatu ditu Turismo Bulegoan eta Bilboko Arte Eder Museoan, izan be, maiatzaren 13ra arte artista bermeotarraren erakusketea dago museo bilbotarrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu