Oier Guillan: 'Poesia inoiz baino presenteago dago'

Koldo Isusi Zuazo 2013-03-18 10:25   Barriketan
Idazlea

Artikulugile moduan eta Hitzen Uberanen Imanol Ubedagaz batera egiten dauen beharraz gan, poesia gehienbat baina azken aldion antzerkia be landu izan dau Oir Guillan oreretarrak. Saltsa askotan gustora dabilen sortzailea da, Literaturia eta Oreretako antzerki jardunaldien antolakuntzan, bai, Metrokoadroka Sormen Laborategiagaz beharrean, Mikelazulon, oraintsu estreinautako Poza, zergatik dantzatzen dute bosniarrek lanagaz, irakurketa dramatizatuakaz...


1.- Udabarriagaz eta hilaren 21ean ospatuko dan poesiaren nazinoarteko egunagaz bat, laster plazaratuko dozu poesia liburua Susa argitaletxearen eskutik. Hura ez da lekua ikuskizuna ardatz hartuta etorri zan igaz disko-liburua Txalapartagaz baina kontaiguzu lan barria zelakoa izango dan, ze gai jorratuko dozun...

Azken urteotan, Eskuen sustraiak (2009) poesia lana kaleratu nebanetik hona literaturan eta antzerkiaren arloan egin dodazan proiektuen isla diran poemakaz osotu dot lan barria. Beraz, antzerkitik hartutako kontzeptu edo ideiak dira, inspirazino iturriak, batez be, hiru ardatzetan kokatuko neukezanak; batetik, teatroak piztu izan deustan gogoeta bat da norbanakoa eta taldearen arteko topekadea, zehatzago esateko bien arteko hartu-emonak, izan be, sortzeko orduan teatroan idazle batek ezin dau bere ego hutsetik sortu, taldean sortu behar dau eta horrek gogoeta interesgarriak piztu izan deustaz, berbarako hori gizarte mailara eroan daitekela; bigarren ardatz moduan, testuak partitura izateko nahia nabarmenduko neuke; teatroan testuak era askotakoak izan daitekez, ez bakarrik istorio narratiboak islatzeko, baita performatiboak be eta liburu honetan saiatu naz testuak partitura izan daitezan, hau da, hartzaileak zeozelako interpretazinoa egin daian; azken buruan, hirugarren ardatz horretan, antzerkitik irudi jakin batzuk hartu dodaz, pailazoarena, bufoiarena, bufoiaren estetikea, manikiak, panpinak eta abar.

Kontuak kontu, poesia lana da baina antzerkiagaz hartu-emon estuak ditu lan barriak.

Poesiaren egunaren harian, holakoetan ez dot sinistuten, ezta sarietan be, azken finean eguneroko bizitzan dagoalako poesia irakurtea, bizitea, egitea eta transmitidutea. Ni horretan saiatzen naz.


2.- Poesia lan gitxi argitaratzen da irakurle gitxi dagoalako ala beste arrazoiren bat aitatuko zeunke...

Ez dot uste poesia lan gitxi argitaratzen danik. Egia da poesia lan gitxi saltzen dala, segurutik poesiak aparteko ahalegina eskatzen deutsolako irakurleari, irakurritakoak interpretau egin behar ditualako. Halan da be, poesia inoiz baino presenteago eta gero eta leku gehiagotan dagoala esango neuke, Eako Poesia Egunak, Literaturia, poesia jardunaldiak, errezitaldiak; poesia gero eta presenteago dago antzerki dramaturgietan, kantagintzan... Erosi, akaso, ez dogu erosten poesia baina poesia konsumoa gero eta handiagoa dala uste dot.

Poesia generoa ez da idazleak idazle etiketea izatera eroaten dituana baina horrexegaitik iruditzen jat oso interesgarria poesiaren mundua, benetan hor mobiduten diralako esperimentazinoak, funtsezko oinarri estetikoak idazle askoren ibilbideetan eta poetika sena bereganatzen dabenean narratibea be errazago sortuko dalako.


3.- Irakurle aktiboen sareak indarra hartu dau azken boladan. Zerk eraginda?

Irakurle sareak ez eze, ikusleenak be indartu dira; hartzailea modu aktiboan bizitera eroaten dauen korronte horrek indar handia hartu dau azken urteotan. Arrazoiak ugari dira, nire sentsazinoa da teknologia barriek eta internetek zerikusi handia dabela, teknologia horreek gure egunerokotasunean txertatzean gauzak biziteko eta parte hartzeko beste ideologia edo jarrera bat zabaldu dabelako. Gero eta ohituago gagoz eretxia emoten eta parte hartzen. Orain arteko kultura ereduak agortu dirala ikusi izan da, krisi ekonomikoak berak erakutsi dau bakotasun handiak dagozala, izan be, inoiz baino areto gehiago daukaguz baina inoiz baino hutsago dagoz. Horrek guztiorrek ekarri dau pentsamendu eta jarrera aldaketea, hau da, badala garaia kulturea beste modu baten biziteko, parte hartzeko.


4.- Emoten ez badau be, poesia arloan bada mobimentua; hor dagoz, besteak beste, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ainara Maia Urroz, Castillo Suarez, Hedoi Etxarte...

Bai. Beti egon dira izen asko poesiaren inguruan. Aitatu dozuzan izen horreetako askok ez dabe lehen liburua, aspalditik dabilz beharrean eta Rikardo Arregi eta Castillo Suarezen kasuetan ia-ia poesiagintzan baino ez dabilz. Beraz, beti egon da mobimentua belaunaldi desbardinen artean eta gaur egun interesgarria iruditzen jat poesia eredu desbardinak egotea; poesian euskeraz argitaratzen dan ia guztia irakurten dot eta aitatu dozuzan horreen artean, Rikardo Arregirena zein Hedoi Etxarterena sano interesgarriak begitandu jataz; dana dala, badira, horrenbeste ezagutzen ez doguzanak, berbarako, Iparralden argitaratzen diran liburuak eta Eric Dicharryren Hormatik hormaraino nabarmenduko neuke.


5.- Egun gehienbat narratiban dabilen arren, Atxagak esan izan dau bere lanean garrantzirik handiena poesiak dauela. Egia esan badira batzuk poesiak idatzi ostean, ospea eta izena narratiban lortu dabenak, Atxaga bera, Joseba Sarrionaindia, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe...

Nire arloa antzerkiaren eta poesiaren artean dagoan arren, poesiatik nabarratibarako salto hori ez dala hain arraroa pentsetan dot; beste hizkuntza batzuetan be nahikoa normala da, Roberto Bolañok poetatzat eukan bere burua nahiz eta haren bizitzaren azken etapako nobelek emon eutsien sona edo ospea. Beraz, niri ez jat harrigarria edo arraroa egiten aldaketa hori eta aitatu dozuzan kasu horreen artean, aspaldi poesia idatzi ez arren, berbarako, Sarrionaindiaren kasuan, sano eredugarria da obra poetiko hori gaur egun idazten dogunongan.


6.- Zu zeu kide zaren Metrokoadroka Sormen Laborategiaren azken emoitzea Poza da, musikea, poesia eta antzerkia diziplina artistikoak buztartzen dituana eta oraintsu estreinautakoa. Nondik nora sortu zan lan hau?

Artisten sarea da Metrokoadroka, taldeka egiten dogu lan eta aitatu lanaren jatorrian, nik proiektu bat eta antzerkirako pentsautako eta poesiatik oso hur egozan testu batzuk aurkeztu neutsozan taldeari. Estetika garaikidean antzerkia eta poesia oso hur dagozala uste dot. Testuotan neuk bizitako sentsazinoak ziran nagusi; lagun bosniar batzuekaz gau bateko pasadizoak gogoan, afaltzen, bizitza ospatzen, jantzan, mozkortzen ikusi nituan eta horixe izan zan abiapuntua. Taldekideek bere egin zituen testuok eta dinamika kolektiboan, testu asko baztertu egin genduzan eta barriak be idatzi zituan Asier Sarasolak.


7.- 2008tik zabizie beharrean Metrokoadroka kolektiboan. Zein izan zan sorrerarako akulu? Zeintzuk dira helburuak?

Mikelazulok urte luzez egindako ibilbidean, aspaldi ezagututako lagunak gabilz taldean. Metrokoadroka kolektiboa 2008an sortu zan Oarsoaldean, diziplina desbardinetako artistek osotua, antzerkilariak, aktoreak, argazkilariak, musikariak, pintoreak eta eskultoreak gagoz taldean. Haren helburuen artean dago arte diziplinen arteko hartu-emonak eta alkarlana ikertzea oholtza gaineko lanetan; esangura horretan, Metrokoadrokak harreman artistikoen sareetan oinarrituta sortzen ditu bere lanak. Kulturearen arloan egun atzemoten doguzan hutsuneak eta erronkak asetu ahal izateko sortu genduan Metrokoadroka: sormen arlo desbardinetako proiektuen autogestinorako tresnea.


8.- Saltsa askotan zabilz, antolakuntzan, idazle, artikulugile, kazetari lanetan Hitzen Uberan euskal literaturearen eta sormenaren atarian Imanol Ubedagaz batera, Eskuorri galdua eta Gora birika! blogak be badaukazuz... Zeure burua zer daukazu gehiago idazletzat, poetatzat, antzergigiletzat...

Etiketak jartea gatxa da eta are gehiago norberak bere buruari; gure egoa dogu lehengai lan egiteko baina era berean bildurra daukotsagu egoari. Dana dala, idazletzat daukat neure burua, idazletzaren kontzeptu zabala kontuan hartuta; lehen esan deutsudan lez, esangura kolektiboan ulertzen dot nire jarduna eta batez be poesian eta teatroan kokatzen dot neure burua. Artikuluak idaztea be idaztea da eta normalean idazten dodazan artikuluak interesa pizten deustien gaien ganekoak izaten dira. Beraz, nahiz eta saltsa askotan ibili, horreek danak ez dagoz alkarren artean hain urrun eta holan ulertzen dodaz. Nik uste dot sortzaile batek ezin dauela bere burbuilan bizi, kanpora begiratu behar dau eta nire kasuan alkarlanaren bitartez egiten dot hori baina baita kultur eragiletzaren bitartez be. Sortzaileoi publikoak asko emoten deusku eta zeozelan bueltatu egin behar deutsagu eta ez bakarik sormenaren bitartez ze saltsa bat baino gehiagotan gabilzan neurrian, aukerea daukagulako beste zirkulu batzuetan egoteko eta hartzaileak heltzen ez diran puntu batzuetara heltzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu