Oihane Perea bertsolari gasteiztarrak jantzi dau Arabako txapela

Bizkaie! 2013-03-18 10:26   Bertsolaritzea

Oihane Perea izan zan nagusi zapatuan Arabako Bertsolari Txapelketako finalean, Gasteizko Principal Antzokian. Bertsolari gasteiztarra ederto ibili zan bai bakarkako bai ofizioko lanetan. Manex Agirre aurreko txapelduna bigarren izan zan. Perea eta Agirre Euskal Herriko Txapelketa Nagusian izango dira.

Oihane Perea izan zan nagusi zapatuan Arabako Bertsolari Txapelketako finalean, Gasteizko Principal Antzokian. Bertsolari gasteiztarra ederto ibili zan bai bakarkako bai ofizioko lanetan. Manex Agirre aurreko txapelduna bigarren izan zan. Perea eta Agirre Euskal Herriko Txapelketa Nagusian izango dira.

Antzokia bete-betea egoan zapatuan, 700 bat lagun hurreratu ziran Arabako Bertsolari Txapelketa finalera. Oihane Pereak 616 puntu lortu zituan; 606 puntu, Manex Agirrek. Euren atzetik Iñaki Viñaspre (411 puntu), Asier Otamendi (410,5 puntu), Ruben Sanchez (371 puntu) eta Jagoba Apaolaza (341 puntu).

Zortziko handian down sindromedun seme-alaba dauen gurasoen papela egokitu jaken Agirre eta Otamendiri. Sanchez eta Apaolaza gehiegizko droga konsumoa dala-eta lagunaren osasunagaitik arduratuta dagozan adiskideak izan ziran. Halan be, ofiziorik osoena Pereak eta Viñasprek egin eben eskolara gonea jantzita joan gura dauen semearen gurasoen azaletik. Pereak Aita Santuak ipintzen badu ateook zergatik ez esanez hasi eban bertsoaldia. Viñasprek ondo eutsi eutson guraso kezkatuaren papelari: Hankak airean eraman nahian bera da agertu dena, Baina lehenago aireatu behar genuke gizarte dena!.

Zortziko txikiko lanetan txaloek gora egin eben. Viñasprek eta Agirrek eskolako zuzendariaren bulegoan egin eben topo, dutxetan zelatatzen ibilteagaitik. Viñasprek penea eukala autortu eban: Baina hala ere dago gauza bat krudela/ goizegi harrapatu egin gintuztela. Agirrek anatomia ikasgairako praktiketan ebilzala aitatuz erantzun eutson. Jagoba Apaolazak lehenengo finala eban arren, oholtzan badakiela ondo defendatzen erskutsi eban puntu erantzunetan berbarako. Ruben Sanchezen ideia fresko eta ateraldiek be txalo zaparrada piloa jaso eben.

Hamarreko txikian Asier Otamendi eta Oihane Perearen lana izan zen biribilena. Ezkontzeko dagozan lagun bi ziran, streaper ikuskizunaren aurrean bildurtu eta komunean ostondu diranak. Otamendik Egingo al diogu elkarri streapteasa esanez hasi eban ofizioa. Oihanek gerria mobitzeko kapaza ia izango ete zan itaundu eutson. Eta, Otamendik, saltsa jantzatuz erantzun. Otamendik aurrez bederatzi txapel irabazi izanaren jakitun txapelen bat izango duzu ba patrikan?! esanez amaitu eban bertsoaldia.

Bakarkakoetan ale politak itxi zituen danek. Nabarmentzekoak dira Otamendi eta Viñaspreren bersoak. Otamendiri alzheimerra daukan aitak ez dauela ezagutu egokitu jakon gaitzat. Ederto jardun eban; lehenengo bertsoan sentsazinoak azaldu zituan: Zu nitaz igual etzara oroitze ta ni enaiz zutaz ahaztu!. Bigarrenean, barriz, bihotza biluztu eban: Aizu nor zara galdetu arren nahiz bihurtu erdi ero/Seme berri bat izango duzu egunero egunero!. Viñaspreri holan ipini eutson gaia Maialen Kortabarriak: Atzo zure azkeneko lan eguna izan zen. Gaur egunero bezala 06:30ean altxatu zara. Gosaldu ondoren mahaian geratu zara, pentsakor.

Viñasprek puntuz puntu oso ondo josi eban bakarkako lana:

Iratzargailua itzali
Ohetik jaiki aurrena,
Ohi bezala pasatu naiz
Ostean dutxan barrena,
Esnea berotu eta
Bertan busti madalena,
Gustora gosaldu egin dut
Aitortzen ez dut problema,
Baina zazpirak dira ta
Igual hori da onena,
Ezer ez dut egiteko
Eta buruan dut dena,
Igual ez da hain ederra
Jubilazioarena!

Baina emaztea jaiki
Egin da halako baten,
Ta esan dit denboratik
Soberan gabiltza aurten,
Egun dena elkarrekin
Ia ezin digu hau inork ken,
Nobio garaian bezela
Parkean, bankuan egoten,
Edo inserso bidaiak
Aukera hor da izaten,
Ahateei jaten eman
Edota obrak ikusten
Ea nere ondorengoek
Ea aukera hori duten!

Epaileek Manex Agirre eta Oihane Perea aukeratu zituen buruz-burukorako. Seiko motzean ederra eta piztia bilakatu ziran, denporeagaz izaera aldatzea erabagi nahi dabenak. Ale politak utzi zituen, eta bertsozaleek ederto pasau eben.

Kartzelakoan irabazi eban Oihane Pereak txapela. Hankak dardarka ate aurrean sartu edo korrika alde egin zalantzan dabilen personearen narruan jarri zituen bertsolariak. Perea presoei bertsoak abesteagaitik Auzitegi Nazionalera deitu daben bertsolaria izan zan, kultureak aske izan behar dauela nabarmendu eban

Arabako bertso-eskolen sortzaile Abel Enbeitak jantzi eutson Oihane Perea txapeldunari. Lautadako bertso-eskoleari eskaini eutson bertsolariak garaipena. Holan, Oihane Perea eta Manex Agirre Euskal Herriko Txapelketa Nagusian izango dira, Arabako ordezkari.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu