'Siete psicópatas'

Karolina Almagia 2013-03-12 10:13   Zinema kritikak

Tarantinoren alkarrizketak eta estiloa kopiatzen ditu lotsa barik, eta lar igarten jako. Tiroketa odoltsuak, hilketa ustez dibertigarriak... Eta iragarritako umore baltzak be huts egiten dau. Gehiago esango dot, barre eragiteko pentsautako pelikulea izateko ez da barrerik entzuten zinema-aretoan.

- Zuzendaria eta gidoilaria: Martin McDonagh
- Herrialdea: Britainia Handia
- Iraupena: 110 min.
- Generoa: Komedia baltza
- Interpreteak: Colin Farrell, Sam Rockwel, Woody Harrelson, Christopher Walken,Tom Waits, Abbie Cornish, Olga Kurylenko
- Produkzinoa: Graham Broadbent, Peter Czernin eta Martin McDonagh


Martin McDonagh zuzendari eta gidoilariaren alter egoa da Marty izeneko personaia nagusia Seven psychopaths pelikulan. Martyk gustuko dauen film baten izenburua asmatzen dau, Seven psychopaths. Horren inguruan istorio bat idazteagaz tematzen da, nahiz eta ez jakin ez zelan hasi ezta nondik jo bere. Pantailan ikusten gabilzan pelikulea eta Marty gidoilaria idazten dabilena istorio bera da, hori da ardatza. Atoan asmau daiteke hor dala kakoa. Originala izan nahi nahi badau be, ez dau inolako ezusterik sortzen. Abiapuntuko ideia ez da txarra, baina horren garapena erdipurdikoa da.

Tarantinoren alkarrizketak eta estiloa kopiatzen ditu lotsa barik, eta lar igarten jako. Tiroketa odoltsuak, hilketa ustez dibertigarriak... Emakumezko personaiek ez daukie inolako garapenik istorioan, indarrez sartuta dagoz. Eta iragarritako umore baltzak be huts egiten dau. Gehiago esango dot, barre eragiteko pentsautako pelikulea izateko ez da barrerik entzuten zinema-aretoan.

Colin Farrell, Sam Rockwell, Christopher Walken, Woody Harrelson eta Tom Waits moduko aktore onak ditu alboan zuzendariak, eta hori da neurri batean denporea emoteko beste barik balio leiken pelikula hau salbetan dauen gauza bakarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu