BBK Sariketea be badoa aurrerantza
2013-03-12 09:52 BertsolaritzeaHonezkero badakigu ze eskualdek kantauko daben BBK Sariketako finalaurreetan: Durangaldea-Arratia eta Ipar Uribe-Bilboaldea. Gaur eta bihar jokatuko dira saio biak. Lehenengoa, 12:00etan Durangoko Institutuan eta bigarrena, 11:45ean Algortako Aixerrota Institutuan. Eguenean kontauko deutsuedaz bertako kontuak.
Honezkero badakigu ze eskualdek kantauko daben BBK Sariketako finalaurreetan: Durangaldea-Arratia eta Ipar Uribe-Bilboaldea. Gaur eta bihar jokatuko dira saio biak. Lehenengoa, 12:00etan Durangoko Institutuan eta bigarrena, 11:45ean Algortako Aixerrota Institutuan. Eguenean kontauko deutsuedaz bertako kontuak.
Zallako saioa
Eguaztenean jokatu zan Enkarterri eta Bilboaldearen arteko kanporaketea. Zallako Institutuan, bertako gela bat bertako gazteakaz beterik egoala, 10:30ean inguruan hasi ziran gazteenak bertsotan. Enkarterritik: Ekiotz Manzisidor, Christian Pérez de Arenaza eta Asier Alcedo. Bilboaldetik: Peio Molinuevo, Enare Muniategi eta Iker Garitagoitia. Gai-jartzailea: Zuriñe Iarritu.
Publikoan eta euren bertsolariei zuhur begira Aitor Arrutia, Maialen Akarregi eta Jon Martinez ikusi nituan. BBK Sariketan, eskualde hasibarria bada be, igarten da Enkarterrin bertsoaren alde egiten dabilzan beharra. Bilboaldeak, barriz, esperientzia gehiagoko taldea eroan eban: Peio Molinuevo eta Iker Garitagoitia, esate baterako, BBK Sariketan eta Bizkaiko Eskolartekoetan be ibili dira kantetan.
Oinakaz eta ofizioetan ederto kantau eben Ekiotzek, Peiok, Enarek eta Christianek. Asier Alcedok seguridade handiagaz osotu eban bakarrekoa: akorduan daukat bere puntu-erantzuna, alozokoa. Batonbat elejidu behar eta aiko hemezan Ikerren puntu-erantzuna eta azkena emonda bota eban bertso elegantea:
Trineoa hartuta
edurretarantza
Elur artean zugaz
eingo nuke dantza.
Trineoa hartuta
ni Anbotorantza.
Goazen biok eskutik
batera harantza.
Klimatologi honekin ezin
gaitezke egon gustura:
mendiko elur zuri polita
laster bihurtu da ura.
Ta gizartea beroketaren
aldaketaren beldur da...
Gauzak aldatu egingo dira
nahiz eta ez dogun gura
Gazteenen ostean, Enkarterritik: Ander Uzelai, Eneko Alda eta Nuria Cortada etorri ziran. Bilboaldetik: Peio Ormazabal, Andere Molinuevo eta Txaber Ormazabal. Jente ezagun asko egon zan arren, bertsolari barriak be ugari dagoz aurtengo BBK Sariketan. Andere Molinuevo, esate baterako, lehenengoz entzun dot bertsotan eta bardin Enare, Ekiotz edo Asier. BBK Sariketak mobimentu barritzaile horretxeri laguntzen deutso eta guztiz beharrezkoa dala erexten deutsat.
Gazteenakaz lehentxuago egin dodan moduan, 25 urtera artekoetan be bakarreko beharrari botako deutsat begia. Nuria Cortadak eta Txaber Ormazabalek bertso-saio asko daukiez aldean eta hori igarri egiten da. Txaberren gaia: Pozik hartu dozu gurasoen kotxea. Autobidearen erdian, baina, gasolina barik parau zara; ez atzera, ez aurrera. Lehenengoan bertso-saiora ez dala ailegauko eta ez al da hori nahi dudana? bota eban. Bigarrena, nire eretxian, ederra:
Esku artean hartu dut
lasaitasunez mobila:
Arkaitzi (Estiballes) dei egin diot
ia etortzen den bila,
baina ezin bada etorri
bertan geratu dadila,
saioa hastea eta
hemen uztea mutila,
ni bertsotan naizelako
kotxeagaz bezain abila.
Nuriaren puntu-erantzuna:
Virtisuko lagunak
borroka luzean
bai, hitz egin baizuten
holako batean,
baina esan nahi nuke
oin zuen aurrean:
badakite gaudela
haien aldamenean.
Bakarreko gaiagaz, bigarren bertsoan ume baten ahotik kantauta, oso-osoan azertau eban Nuriak. Atzera be, aurreko artikuluan letxe, pentsau neban grabau nebala, baina ez.
Azkenean, 19 urtera artekoetan 25 puntuko aldea lortu eban Bilboaldeak eta 25 urtera artekoetan, barriz, 24koa. Guztira, Enkarterrik 352 puntu batu zituan eta Bilboaldeak 401.
Markina-Xemeingo saioa
Bizkorra izan zan atzoko saioa eta bizkor-bizkor kontauko deutsuet neuk be, ostean, aburridu behar dozue hainbeste karakteregaz. Saiorik parekatuena izan zan Markinako Lea-Artibai Ikastetxekoa. Puntuazinoak begiratzea baino ez dago: 5 puntugaitik irabazi eban Ipar Uribek. Aurreko saioetan letxe, jente arloa eurei begira. Gai-jartzailea: Zuriñe Iarritu.
19 urtera artekoetan Lea-Artibaitik: Aissa Intxausti, Graxi Arregi eta Naroa Loiola. Ipar Uribetik: Unai Mendiburu, Aitzol Muruaga eta Paule Loizaga. Biak be, talde sano onak.
Hasi baino lehenago, badakizue bertso guztiak ezin neikezala eskribidu, nahiz eta bertso guztiek euki aparteko zeozer. Bertso onak bota zituen Aissak eta Unaik zortziko handian. Autoeskolako praktikak egiten dabil Aissa Unai irakasleagaz eta lehenengo egunean Aissak golpea jo deutso aurreko kotxeari. Ondo kantau eben alkarreri erantzuda. Oinakaz be ederto ibili ziran.
Unaik oinakaz osotutako bertsoa:
Nola grabe dabilen
gure herri zaharra:
guztiok dogu orain
lagundu beharra.
Nahiz galaxia batean
gu garen izarra,
libre izatea da
nahi dugun bakarra.
Segiduan, alkarreri erasoka, baina patxadaz ibili ziran Aitzol eta Graxi. Bakarrekoan, Naroak eta Paulek artez egin eben euren beharra.
Gazteenen ostean, 25 urtera artekoak igon ziran oholtzara. Lea-Artibaitik: Xabier Iturraspe, Aitor Bizkarra eta Nerea Ibarzabal. Ipar Uribetik: Inaxio Vidal, Peru Vidal eta Imanol Uria. Holango bertso-saio asko daukiezan bertsolariak dira danak be.
Nahiz eta Imanolek eta Nereak bakarrekoan bertso ederrak bota, bertsolariek ofioetan egin ebena aitatu gura neuke. Zortziko handian eta txikerrean be bardin, saio osoak entzun genduzan Inaxio, Xabier, Aitor eta Peruren ahotik.
Inaxio eta Xabierren gaia: Inaxio, Xabier aitite zuonera etorri da biziten. Bakarrik lorik egin gura ez dauela eta, zure gelan sartu da.
Inaxio
Gure etxera etorri eta
niretzako dena traba:
ordu batak ta nire atera
hurbildua zara jada.
Nire ohean lo egin nahi ta...
ta esango deutsut hara:
aita ta amak duten ohea
askoz handiagoa da.
Xabier
Bizitza aurrera juan jata ta
neu be aurrera juan naz,
ta orain ez naz ni sentiduten
bakarrik lo eitxeko kapaz.
Aitxa ta ama aitxatu dozuz
ta nik egon nahi dot zugaz...
Ta nahi badozu nire gerrako
gauzak kontauko deutsudaz.
Aitor eta Peruren gaia: Astebete emon dozue Amsterdamen ikasbidaian. Etxera bueltetako ordua da, baina Peruk bertan parau gura dau.
Aitor
Hau amaittuko zanik
ezin imajina...
baina guri itxa(ro)ten
dago hegazkina.
Ointxe e'zaitte ipini
horren erretxina,
lokalean amaittu
sobrautako txina.
Peru
Hegazkinean ezin
txina eraman hara...
bizitzera etorri
nahi nuen bertara.
Joan zaitezte eta
ni hemen bertan laga,
niretzako Amsterdam
paradisua da.
Aitor
Oraintxe bueltatzeak
nahiz ta egin traba,
gezur baten barruan
zaude beharbada:
hippie baten burbujan
hona eta hara...
moroia pasatzean
ohartuko zara.
Puntuak batu ostean, 19 urtera artekoetan Ipar Uribek 9 puntuko aldea lortu eban. 25 urtera artekoetan Lea-Artibaik irabazi eban 4 puntuko aldeagaz. Guztira, Lea-Artibaik 411 puntu batu zituan eta Ipar Uribek, barriz, 416.
Markinako saioa ia astebete atzeratu zan bertako ikastetxeko gazte baten heriotzagaitik. Saio puntuagarria akabauta, bertsolariek ez eben puntuka egin. Horren ordez, Graxik eta Naroak bakarreko bertso bi bota zituen atzo jente-artean falta zan mutikoari dedikauta. Sano polito.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!