Wynton Marsalis, Stacey Kent eta Ignacio Berroa Getxoko Jazzaldiaren saio nagusietan

Bizkaie! 2013-03-11 14:41   Musikea

Aurten garagarrilaren 3tik 7ra izango dan Getxoko 37. Nazioarteko Jazzaldiaren saio nagusietako egitarauak baditu izen bereziak. Horreen artean nabarmentzekoa da Wynton Marsalis tronpeta-jotzaile arrakastatsua. Musikari estadubatuarra Jazz Lincoln Center Orchestreagaz joko dau, egungo jazz eszenako hamabost musikari onenetariko batzuk batzen dituan taldeagaz, hain zuzen be.

Aurten garagarrilaren 3tik 7ra izango dan Getxoko 37. Nazioarteko Jazzaldiaren saio nagusietako egitarauak baditu izen bereziak. Horreen artean nabarmentzekoa da Wynton Marsalis tronpeta-jotzaile arrakastatsua. Musikari estadubatuarra Jazz Lincoln Center Orchestreagaz joko dau, egungo jazz eszenako hamabost musikari onenetariko batzuk batzen dituan taldeagaz, hain zuzen be. Oraingoz, beste bi saio nagusi zehaztu dira; horreetan Stacey Kent abeslari ingeles-amerikarra eta laukotean parte hartuko dauen Ignacio Berroa perkusionista kubatarra izango dira protagonistak.

Jaialdi getxotarrak Euskadiko jazz denporaldiari hasierea emongo deutso aurten be. Bost egunez, hamabost kontzertu izango dira bertan. Ohi danez, saio nagusiak eta Talde Lehiaketakoak Getxon, Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etan hasita. Arratsaldeko saioei jagokenez, Algortako Geltokia plazan izango dira, 19:00etatik aurrera. Horreez gan, The Piper's Irish Pub taberna algortarrean jam saioak izango dira garagarrilaren 4tik 6ra, Biotz Alai plazako saioak amaitu ondoren. Ordaindu beharreko kontzertuetarako sarrerak apirilaren 8tik aurrera, astelehenean, egongo dira salgai.

Wynton Marsalisek (1961, New Orleans) amaiera bikaina emongo deutso jazzaldiari aurten, garagarrilaren 7an. Jazzaren historiako tronpeta-jotzaile onenetariko bat da artista estadubatuarra, eta neoklasizismoaren adierazgarria. Bere akatsik bako estiloak swinga zein beboparen adierazpen modernoenak hartzen ditu. Marsalis 80ko hamarkakako hasieran agertu zan indar handiz musika eszenan eta hasieratik jazz akustikoari eta tradizionalari atxikitutako musikearen aldeko apustua egin eban. Era berean, 60 hamarkadako erdialdetik eginiko abangoardiako jazz gehienaren aurrean jarrera kritikoa hartu eban. Freddie Hubbarden eta Miles Davisen doinuek eragin handia erakutsita, bere lehenengo pausuak Herbie Hancockegaz eta Art Blakeygaz emon zituan eta, ondoren, Branford anaiagaz boskotea sortu eban. Proiektu anitzetan parte hartu dau Marsalisek, esaterako Marcus Robertsegaz, Robert Hurstegaz, Wycliffe Gordonegaz, Eric Reedegaz eta Getxon joko dauen Lincoln Center Jazz Orchestreagaz.

Garagarrilaren 3an, barriz, jazz latinoaren zaleek Ignacio Berroaren (1953, La Habana) laukotearen musikaz gozetako aukerea izango dabe. Berroa egungo perkusionista kutabar handienetako bat da. 80eko hamarkadan New Yorkera bizitera joan zan eta bertan Dizzy Gillespie laukoteari batu jakon. Tronpeta-jotzaile mitikoa 1993an hil arte, horren talde guztietan jo eban Berroak. Bere jardueran zehar, kutabatarra maila goreneko musikariakaz ibili da alkarlanean, esaterako McCoy Tynegaz, Chick Coreagaz, Wynton Marsalisegaz, Freddie Hubbardegaz, McLean Jackiegaz, Michael Breckegaz, Joe Lovanogaz, Jaco Pastoriousegaz, Ron Carteregaz, Charlie Hadenegaz, Tito Puentegaz eta Gonzalo Rubalcabagaz. 2007an, lehenengo diskoa grabau eban talde liderra zala: Códigos, eta Grammy Sarietarako izentau eben urte horretan. Egun, disko barri batean lan egiten dabil eta musika jarduera arlo pedagogikoagaz buztartzen dau, mundu osoan maisu-klaseak eta clinics dalakoak emoten baititu.

Garagarrilaren 4an, eguenean, Stacey Kent (1968, South Orange; New Jersey) abeslari ingeles-amerikarraren txandea izango da. 90eko hamarkadearen hasieran abiatu zan bere jarduera arrakastatsua eta 1997. urtean bere lehenengo diskoa kaleratu eban Close Your Eyes eta publikoak zein kritikoek harrera bikaina egin eutsen. The Boy Next Door (2007) diskoari esker Grammy Sarietarako izentapena lortu eban, Ahots-Jazz Diskorik Onenaren sailean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu