Maria Rivero: 'Konposatzeko moduan gure estiloa topau dogu behingoz'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-03-11 11:03   Barriketan
Siroka taldeko kantaria

Siroka taldea gero eta erosoago dago, bere estiloa topau dau hirugarren diskoan. Aldaketa sasoia bizi izan dau laukote bizkaitarrak, baina indarturik datoz. 3. SZN soinu barria da, eszena barria Sirokarentzat. Maria Rivero abeslariari, Pedro Melgarejo baju-jotzaileari eta Gorka Chamorro bateriari Iñigo Pagazaortundua batu jaken igaz, Karosi bigarren lanaren birearen amaieran Ekaitz Agirregoitia gitarristeak taldea itxi ostean. Sei kanta barri dakarz Sirokak, danak Ruben Rivero bosgarren taldekideak idatzitakoak, Frantziako Villefranche Sur Saon kartzelatik.

Sirokak abian dau 3. SZN birea, hurrengo hitzordua Larrabetzuko Hori Bai! gaztetxean izango da, martiaren 23an.


1.- Hirugarren diskoa dozue 3.SZN, hirugarren izate horretatik ete dator izenburua?


Hirugarren eszenea, hirugarren diskoa, 3. SZN. Guretzat hirugarren diskoa abentura barri bat hastea da, beste bira bat, beste abesti batzuk, beste soinu bategaz. Horregaitik erabili dogu hitz-jolas hori gure hirugarren lana kaleratzeko.


2.- Hitzetan eta musikan aldaketa handia dagoala esan dozue. Zelan igarriko dogu entzuleok?

Soinu aldetik eta konposaketa aldetik aldaketea nabarmena da. Urteak pasau ahala gure estiloa topetan ibili gara. Hirugarren disko honetan erosoago sentidu gara. Estudio desbardin batean egin dogu behar, Kaki Arkarazo izan dogu teknikari. Estudioan estilo barria eta soinu barria topau doguz. Gure ustez, beste soinu bategaz urten gara, beste sentsazino batzukaz, baina entzuleak egin beharko dau balorazino hori.


3.- Zelangoa da soinu barri hori, aurreko Sirokatik bestelakoa?

Inoiz ez dogu jakin zelan definidu gure estiloa, batzuentzat popa da, beste batzuentzat, rocka, eta pop-rocka dala be esan deuskue. Beraz, ez dakigu ze izen ipini egiten dogunari. Konposatzeko moduan gure estiloa topau dogu behingoz. Aurreko diskoetan abestiaren arabera, estilo eta abiadura guztiz desbardinak geunkazan; nahiz eta 3. SZN-n abestitik abestira desbardintasunak egon, gure estiloa, Siroka estiloa topau dogula uste dot. Erosoago gagoz orain.


4.- Kaki Arkarazok grabau eta produzidu dau diskoa. Akaso horrek eragina izan dau azkenengo emoitzan?

Gure teknikari izateaz aparte, lagundu egin deusku produkzinoan, ekarpenak egin ditu. Kakigaz oso eroso sentidu gara Garaten, eta Mikelegaz bere bai. Horrek asko errazten dau lana.


5.- Taldekideen artean be aldaketak izan dira, ezta?

Bai, bigarren diskoaren birea amaitu eta Iñigo Pagazaortondua gitarra-jotzailea sartu zan. Persona barri bat etorteak aldaketea eragiten dau, nik uste dot joteko moduan igarriko dala.


6.- Abesti guztiak Ruben Rivero nebeak idatzi ditu. Taldeko bosgarren kidea dala dinozue...

Nire neba Rubenek idatzi ditu kantak, berak idatzi izan ditu beti. Kartzelatik bialdu deuskuz kantak. Siroka bozgorailua da berarentzat. Bera da gure letrista ofiziala, horregaitik dinogu Sirokako bosgarren kidea dala.


7.- Eta zeren ganean abesten dau Sirokak?

Hori letristeari berari galdetzea hobeto, ia zer daukan buruan abestiak idazten dituanean. Kanta bakotxa ideia bat da, batzuk oso zehatzak dira, eta beste batzuk, ez hainbeste. Guri arduratzen gaituen gaien inguruan abesten dogu, bai gustetan ez jakuna salatzeko, bai gustetan jakunaz berba egiteko. Gero, entzule bakotxak bere erara hartuko ditu, jakina.


8.- Bideoklipa be atera dozue diskoagaz batera...

Diskoa kaleratu baino lehen, bideoklipa eta aurrerapen kantea atera genduzan. Nikola Hurtado eta Goizeder Saez de Lafuenteren gidaritzapean grabau genduan Ez al zaizu iruditzen? abestiaren bideoa. Oso pozik gagoz emoitzeagaz, oso profesional geratu da. Ganera, bisita piloa izan ditu, 1.800-edo lehenengo egunetan. Bideoklipak ederto islatzen dau abestiak berak adierazo nahi dauena.


9.- Diskoaren disinuan Alain Urrutia artistearen kolaborazinoa euki dozue...

Bai, nik uste dot horrek diskoa biribildu egiten dauela. Alain Urrutia moduko artista bat gure proiektuan inpliketea benetan pozgarria da. Diskoa digipack formatuan argitaratu dogu, barruan Alainen margo baten posterra dago.


10.- Sei abesti barriekaz batera, beste bi gehitu dozuez, zelan ba?

Bonus track moduan sartu doguz. Tximeletak proiekturako egindako kantea da bat, Alaia Martinez idatziakoa. Eta, bestea, Inside on a Belmarsh cell da, Londresen zemendian egin zan presoen aldeko alkartasun jaialdirako konposau genduana. Hitzak Imanol Galfarsorok idatzi zituan, eta Juan Sangre (Governors), Aiora (Zea Mays), Leire (Lain) eta La Haineren (121Krew) kolaborazinoak euki genduzan. Kanta honeek bakarrik atera dira, ezer egin barik; diskoan sartu nahi genduzan, diskoa osotzeko, biribiltzeko, eta jenteak abestiak izateko.


11.- Siroka ez da Maria Riveroren egitasmo bakarra, Hutsa taldean be bazabilz, Eriz Perez lagun. Proiektu guztiz desbardinak dira, ala loturaren bat daukie?

Guztiz desbardinak dira. Hutsa proiektu akustikoa da, lasaiagoa. Akaso, igarri daiteke loturaren bat konposatzeko moduan, Sirokan be neu nabilelako. Horregaitik, igoal nonork topau leike loturea, baina oso desbardinak dira, bai konposatzeko eran bai hitzetan bere.


12.- Desbardinak, baina osogarriak ete dira zuretzat?

Hutsa lasaitasuna da; Siroka, indarra. Osogarriak dira, bietan ibiltea aberasgarria da niretzat. Aukerea emoten deust abeslari eta konposatzaile moduan, mundu desbardin bi ezagutzeko. Zuzenean be sentsazinoak oso desbardinak dira. Guztiz osogarriak dira proiektu biak.


13.- Taupaka plataformearen babespean atera dozue diskoa, ezta?

Musikherria desagertu zanean, sortzaile batzuk batu eta Taupaka abiatu genduan. Antzeko filosofiagaz sortu zan, copyleft sistemearen inguruan, eta creative common dalako lizentziapean. Autoprodukzinoak dira guztiz. Taupakak beste sortzaile batzuekaz hartu-emona izateko aukerea eskaintzen deusku. Plataformearen bidez egiten dogu kontzertuen kudeaketea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu