Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren bersino barria aurkeztu dau, 42.942 formakoa

Bizkaie! 2013-03-06 14:53   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren azken bersinoa aurkeztu dau, eta daborduko sarean dago konsultagai. Danetara, 42.942 forma ditu orain hiztegiak. Ekitaldi berean UZEI eta Akademiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dabe erakunde bietako ordezkariek.

Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren azken bersinoa aurkeztu dau, eta daborduko sarean dago konsultagai. Danetara, 42.942 forma ditu orain hiztegiak. Ekitaldi berean UZEI eta Akademiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dabe erakunde bietako ordezkariek. Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean egin dabe aurkezpena.

Andoni Sagarna eta Miriam Urkia Euskaltzaindiko Hiztegi Batuko lantaldeko kideek aurkeztu dabe Hiztegi Batuaren azken bersinoa. Hiztegi Batua aldi bitan osotu dau Euskaltzaindiak. Lehenengo itzulia 2000. urtean amaitu, eta lehen argitaraldia kaleratu eban papelean, 20.000 euskal hitzen forma arautugaz. Hori Hiztegi Batuaren lehen itzuliaren amaierea izan zan. Ordutik hona, bigarren itzulian, forma gehiago arautzen joan da, eta emoitzak papelezko beste argitaraldi bitan emaon dira, azkenengoa 2010ean.

Akademiak orain 2012. urtearen amaiera arte, bigarren itzulia osotuz, arautu dituan forma guztiak ipini ditu webgunean. Danetara, 42.942 forma ditu orain Hiztegi Batuak (36.845 sarrera eta 6.097 azpisarrera), papelezko azken bersinoak baino 2.763 sarrera eta 508 azpisarrera gehiago.

Horrezaz gan, UZEIk eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe. UZEIren izenean Jon Etxabe presidenteak sinatu dau, eta Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Euskaltzaindiaren eta UZEI alkartearen arteko hartu-emona 1986an hasi zan, eta hainbat eginkizunetan gauzatu da: hiztegigintzan (Hiztegi Batuaren prestalaneko fase guztietan eta batzorde eta lantaldeetako kide lez) eta corpusgintzan (XX. mendeko Euskerearen Corpus Estatistikoaren osotze-fase guztietan eta Lexikoaren Behatokian).

Gaur sinatu dan lankidetza-hitzarmenaren bidez, erakundeok alkarlana indartu nahi dabe, beti be euskerearen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazinoan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko asmoz. Bost urteko iraupena izango dauen hitzarmenak jasoten dauen lez, erakundeen arteko alkarlana euskerearen corpusa eguneratzeko, mantentzeko, gizarteratzeko eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko proposatzen diran egitasmoen inguruan gauzatuko da. XX. Mendeko Euskerearen Corpus Estatistikoa (ECE), Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), Lexikoaren Behatokia (LEBE) eta Hiztegi Batuko lantaldean lankidetzan jardutea erabagi dabe erakunde biek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu