Izaskun Landaida: 'Danon artean ez bada bardintasuna ez da sekula lortuko'
2013-03-04 10:57 BarriketanHilebete egin dau Emakunderen zuzendari karguan baina bardintasun politiken defentsan makinatxu bat lan egindakoa da Eudel erakundean, Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokian zein Ugaoko Udalean, izan be, Ugaoko Udalean 18 urte egin ditu beharrean, 12 zinegotzi moduan eta azken 6 urteak alkate karguan.
1.- Ugaoko alkate zinala jaso zenduan Emakunderen ardurea hartzeko proposamena. Zelan hartu zenduan? Honezkero martxea hartuta?
Lehendakariaren deirik ez neban espero baina hasierako ezustearen ondoren, ilusino handia egin eustan ze beti pentsau izan dot politikan gagozan emakumeok aukera ezin hobea daukagula bardintasunaren alde eta emakumeen eskubideen alde lan egiteko. Pozik nago ezagutzen dodan eta gustoko dodan arloa dalako. Ganera, Ugaon be Ekaitz Mentxakak gustora hartu dau erreleboa eta lasai nago erronka honi indar guztiagaz eta pasinoagaz ekiteko. Karguan emon dodazan lehenengo pausuetan, asko lagundu deustie Emakunden topau dodazan profesional guztiek eta honezkero batzarrak be egin doguz bertoko beharginakaz, arlo desbardinetako arduradunakaz, alkarte batzuetako ordezkariakaz. Beharrean hasita gagoz VI. Bardintasun Planagaz eta hori oso garrantzitsua da Emakunderentzat eredu izango baita administrazinoetan eta erakundeetan zabaltzeko.
2.- Abiatu barri dozun karguan zeintzuk izango dira zure burukomin edo erronka nagusiak?
Emakunderen erronka nagusia da gure herrian, bizitzako arlo guztietan gizon eta emakumeen arteko bardintasuna lortzea eta bermatzea. Erakundea orain 25 urte sortu zanean horixe zan helburua eta azken urteotan aurrera pausuak egon badira be, aitatu helburua ez da oraindino bete. Beraz, beharrean jarraitu behar da administrazinoetan, erakundeetan, enpresetan, hezkuntzan zein gizarteko arlo danatan bardintasun tresna eta politikak indartzen, emakumeakanako indarkeriaren prebentzinoan, gizarte eredua aldatzen eta abar. Azpimarratu gura neuke Emakundek aparteko ahalegina egin behar dauela gizarteari erakusteko danon artean ez bada bardintasuna ez dala sekula lortuko. Danon inplikazinoa behar-beharrezkoa da aurrera egin gura badogu.
3.- Igaz, Eudeleko bardintasun saileko arduradun zinala, Emakundeko zuzendariagaz batera Bizkaiko udalerri txikientzako bardintasun arloko aholkularitza zerbitzua aurkeztu zenduan. Ze bide egin dau orain arte aitatu zerbitzuak?
Hitzarmen hori Eudel, Emakunde eta diputazinoen artean sinatu zan bardintasunerako bidean herri txikiei laguntzeko helburuagaz; herri handiagoetarako badago Berdinsarea baina gurean herri txikiak dira gehienak eta hor baegoan hutsune bat. Orain, barriz, herri txikietan, eskualde mailan, aholkularitza zerbitzua eskaintzeaz gan, esperientziak alkartukatzeko ikastaroak antolatzen dira eta urtebeteko tarte honetan ikusi da oso gauza positiboa dala eta beraz, aurrera goaz.
4.- Oraintsu Legebiltzarreko buru Bakartxo Tejeriari erakunde-adierazpen proposamena emon zeuntsan martiaren 8an, Emakumearen Nazinoarteko Egunean legebiltzarkideek onartu deien. Ze aldarrikapen agiri da testu horretan?
Bai, Ana Alberdi Emakundeko idazkari nagusia eta biok egon ginan Bakartxogaz. Helburua da martiaren 8rako Emakundek landu dauen adierazpena Legebiltzarrean aurkeztu eta legebiltzarkideek onartzea eta konpromisoa hartzea. Azpimarratu gura izan dogu martiaren 8a aukera ezin hobea dala emakumeen eskubideen defentsan burrukan ibili diran eta dabilzan emakumeak omentzeko. Aitatu testuak dakar feminismoa zer dan, hau da, gizarte osoarentzat beharrezkoak diran baloreetan oinarritutako kultura eta filosofia, hain zuzen be. Era berean, bardintasuna giza eskubidea dala nabarmentzen dogu testuan.
Horrezaz gan, Emakundek aurten, pasa dan hilean, 25 urte bete dituala nabarmendu eta ibilbide horretan emondako pausuak zehazten doguz; berbarako, 1988an, Eusko Legebiltzarrean 66 gizonezko egozan eta 9 emakume; gaur egun, barriz, orekea dago 2005eko Bardintasun Legeari esker. Edozelan be, aurrera pausuak izan diran arren, oraindino ez da benetako bardintasunik lortu eta beraz, erronka izaten jarraitzen dau eta danon laguntzinoagaz eta alkarlanagaz baino ez da lortuko.
5.- Gizon eta emakumeen arteko erabateko bardintasuna utopia al da?
Asko dago egiteko baina asko egin da eta ez dot uste utopia danik benetako bardintasuna. Lan asko egin beharko da eta barriro dinot, danon lana eta laguntasuna behar-beharrezkoa da. Bardintasuna ez da emakumeen ardurea danona baino. Bardintasuna giza eskubidea da eta hori lortzeko danon ahalegina beharko dogu.
6.- Genero indarkeriagaitiko salaketa gehienak faltsuak dirala esan eta bazterrak endredau ditu politikari ezagun batek gero parkamena eskatu badau be. Zelan baloretan dozuz adierazpenok?
Holako persona batek egiaztatu bako datuak jentaurrean zabaltzeak kalte handia egiten dau. Salaketa faltsuak badagoz egon baina 0'14 inguruan dabilz eta salaketa faltsu horreek kalte gehien benetako salaketak jarri dituen emakumeei egite deutse. Holako gauzakaz ezin da jolastu, tartean personak dagozalako eta sufrimendu handia dagoalako. Salaketea aurkeztu aurreko egoerea eta ostekoa be gogorra da eta holako egoeratan laguntasuna eta babesa baino ez dabe behar emakumeek. Salaketa faltsuak aurkezten dituenek ez dabe gitxieneko errespeturik adierazoten eta hori penagarria da.
7.- Azken urteotan asko aurreratu da, sensibilizazino kanpaina ugari egin dira baina zelan da posible gazteen artean muturreko jarrera matxistak izatea?
Bai, harrigarria da. Asko dago egiteko eta kasu honetan hezkuntza arloan sartuta, txiki-txikitatik neska-mutilei erakutsi behar jakez gizon eta emakumeen arteko bardintasunerako printzipio eta jarrerak. Baina hezkuntza sistemearen eta eskolen pentzutan ezin da itxi dana ze familiak, lagunarteak, gizarte osoak be zeresan handia dabe. Aitatu dozuzan jarrera matxista horreek oso barruratuta dagoz gurean eta sarritan kontziente izan barik be izaten doguz. Beraz, nagusion kontua be bada jarrera horreetako asko desagerrarazotea ume zein gazteek imitau ez deiezan.
8.- Feminismoak zergaitik dauka hain irudi eskasa?
Akaso ez dalako behar dan moduan ikertu eta zabaldu; beharbada, feminismoari buruz emon dan informazinoa ez da izan zuzena eta egokia. Lehen be esan deutsut aurtengo erakunde-adierazpenean txertatu dogu feminismoaren definizinoa, hau da, gizarte osoarentzat beharrezkoak diran baloreetan oinarritutako kultura eta filosofia. Esangura horretan, argi euki beharko geunke feminismoa ez dagoala ezeren eta inoren kontra. Muturreko jarrerak be egoten dira baina horreek ez leukie hankaz gora jarri behar feminismoaren esentzia eta balioa.
9.- 1988ko zezeilaren 5ean onartu eban Eusko Legebiltzarrak Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko Legea. 25. urteurrenaren harian, zeozer berezia antolatzeko asmorik badago?
Urteurreneko egun horretan bertan, Lehendakaria etorri jakun Emakundera, lankide guztiekaz egoteko aukerea izan eban eta arduradun guztiekaz batzarra be egin genduan lan eta jarduera batzuk finkatzeko. Horrezaz gan, Emakundek urtero emoten dauen sariaren ganeko kontuak be jorratu genduzan eta esango deutsut sari baketa ekitaldi horretan 25. urteurrena ospatzeko zeozertxu egingo dogula.
10. Nork jasoko dau aurte Emakunde saria?
Bardintasunerako Emakunde Saria Bilboko Asistentzia Psikosozialerako Moduluentzako (Rekaldeberri, Deustu-San Ignacio eta Iralakoentzako) izan da. 70-80 hamarkadetan sortu ziran modulu horreek garai haretako zerbitzu publikoen eskasiaren aurrean, izan be, orduan ez egoan emakumeak artatzeko zentrorik, ezta familia planifikazinorako edo indarkeriaren biktima izandako emakumeentzako zentrorik. Epaimahaiak balorau dau, beste ezaugarri batzuen artean, modulu horreek izan daben ezaugarri aitzindaria eta denporan zehar irauteko izan daben gaitasuna, nahiz eta egoera gogorretan lan egin behar izan daben.
10.- 25 urteotako mugarri nagusienen artean, zein azpimarratuko zeunke?
Niretzako 2005ean onartutako Bardintasun Legea izango litzateke mugarri nagusia. Adostasun handiagaz onartu zan eta horretan oinarrituta ibili gara beharrean ordutik honako tartean.
11.- Zeintzuk dira datozen urteotarako erronkak?
Lehen esan deutsudan legez, VI. Bardintasun Planagaz gabiz honezkero, administrazinoetan bardintasun egiturak indartzeko bideak eta prozesurak ezarriko dituan planagaz. Aurrekoan legez, oinarrizko printzipioak parte-hartzea eta adostasuna izango dira eta plana egiteko erispideak, barriz, lau ildo estrategikoei eustea, gobernatzea hobetzea, emakumeak ahalduntzea eta balioak aldatzea, antolaketa sozial erantzukidea eta emakumeen kontrako indarkeria, izan be, horreetan oinarritu dira bardintasun politikak aurreko bi legegintzaldietan. Horrezaz gan, aztertu eta balorau egingo da egungo egoera ekonomikoan beharrezkoa dan ala ez zenbait helburu egokitzea edota horreei lehentasuna ezartzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!