Txina artearen bidez ezagutzen

Bizkaie! 2013-02-28 13:35   Kulturea

Erakusketa honetako artelanak Nadia Barkate eta Cristian Villavicencio UPV/EHUko Arte Ederretako gardu ondoko ikasleenak dira. Ikusgai dagozan obra horreek Pekinen, Judas Arrietaren MA Studio-n, egoitza bekeagaz egon ziranean egin zituen, 2012ko udan.

Astelehenean, zezeilak 25, Dendaraba Zentro Komertzialeko Araba Aretoan (Bakea kalea 5, 1. solairua), Gasteizen, Beijing Dayu erakusketeak ateak zabaldu zituan. Erakusketa honetako artelanak Nadia Barkate eta Cristian Villavicencio UPV/EHUko Arte Ederretako gardu ondoko ikasleenak dira. Ikusgai dagozan obra horreek Pekinen, Judas Arrietaren MA Studio-n, egoitza bekeagaz egon ziranean egin zituen, 2012ko udan. Bi ikasleok aurkeztutako proiektuek beren doktorego tesien ikerkuntza lerroakaz zerikusia daukie. Erakusketea UPV/EHUk Caja Vital Kutxa Fundazinoagaz daukan hitzarmenaren barruan antolatu da.

Erakusketea zezeilaren 25etik martiaren 16ra egongo da ikusgai, 18:30etatik 21:00etara, astelehenetik zapatura, eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etatik 21:00etara, domeka eta jaiegunetan.

Nadia Barkateren erakusketea (Bilbo, 1980) proiektu bikotxa da. Proiektuetako lehena, Bodies That Go Boom In The Noise, argazki proiektua da, noise musika esperimentala egiten daben bi taldeei eguneroko bizitzan egindako jarraipenaren fruitu. Talde horreek, argazkietan, lasai agiri dira entsegu lokalen barruan. Lokaletan ez daukie publikorik eta inprobisau eta abestien zatiak errepetidu leikiez. Jarrera horrek kontraste handia sortzen dau beste argazki batzuekaz: horreetan musika munduan ezagunagoak diran taldeen argazkiak agiri dira, zuzenean joten. Esan behar da, bestalde, entsegu lokaletako argazkiak flasha erabiliz egin dirala, gero poster bihurtu ahal izateko.

Barkateren bigarren proiektua: Maquanying /Songs by Heart M.A Studioren inguruetan egindako bideoa da, Maquanying eta Hegezuang auzoen artean. Bideo horretan jente arrunta agiri da, Txinako herri kantak abesten.

Nadia Barkatak Txinan bizi izandako esperientziaz ondokoa adierazo dau: nire lanerako oso esperientzia aberasgarria izan zan. Egia esan, hara heltzen zarenean, edozein aurreretxik ez deutsu ezertarako balio. Topikoak alperrekoak dira, dana harrigarria eta iradokitzailea dalako.

Cristian Villavicenciok (Quito, 1984), barriz, bideo proiektu bi aurkeztu ditu. Lehenengoaren izenburua Shooting on Location. Beijing da, eta errealidadearen eta Villacencioren ikuspuntuaren arteko negoziazinoa da. Berarentzat, distantzia hori murrizteko mekanismo egokia ikus-entzunezko irudia da. Egileari bideoa testuinguru guztietara zelan egokitzen dan interesetan jako, ez testuinguru horreek dokumentetako, hareetan oinarrituta eraikuntza barriak osotzeko baino. Beijing Dayu erakusketan aurkeztutako lanak artearen eremua eta uri eremua behatzeagaz eta irudikatzeagaz zerikusia daben egoerei buruzko ikerketea dira.

Egin dauen beste bideoa, Shooting on Location. Beijing Skylines, film esperimentala da, fikzinoa-errealidadea loturea ikertzen dauena, uri eremuaren pertzepzinoan oinarrituta. Filma Txinako Pekinen gertatzen da, eta skyline-en mailak erakusten ditu uri garaikidearen metafora moduan, eta boterea mendebaldetik ekialdera doala irudikatzeko. Filmak bideo sinkronizatu bi ditu, uriaren zenbait planogaz. Bideoen arteko lotura dialektikoan oinarritzen da artelana. Irudi bikotx honetan oinarrituta, zehetasun-planoa eta uriaren zerumugen irudi panoramikoen plano orokorra konbinau dira. Filman sartutako alkarrizketa biek Pekinen irudia esperientzia personalen subjektibotasunetik osotzen dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu