'Silver Linings Playbook'
2013-02-26 09:54 Zinema kritikakEgia esan, ez dot lortu enpatiarik personaia lelo horreekaz. Pelikulea luzea egin jat, eta azkenerako bardin jatan zer pasau be protagonistei. Indie itxurea hartu leike, musika onagaz apaindu, baina betiko ergelkeria dala begitantzen jat
- Zuzendaria: David O. Rusell
- Gidoilaria: David O. Russel, Matthew Quicken liburu baten oinarrituta.
- Interpreteak: Bradley Cooper, Jennifer Lawrence, Robert de Niro
- Herrialdea: AEB
- Iraupena: 120 minutu.
Hemen, tarteka-tarteka, Hollywoodek sortzen dituan komedia erromantiko atsegin, eroso eta errazetako beste bat. Silver Linings Playbook-en (El lado bueno de las cosas, gurean) protagonistea psikiatrikotik urten barri dan gaixo bipolarra, galanta berau. Gurasoen etxera bueltau beharra dauka, han familiaren onerako dana emoteko prest dagoan ama, eta izaera nahikoa gogorra daukan aita dagoz.
Neska gazte alarguna ezagutzen dau protagonisteak, apur bat txoriburua. Hau be ederra da, jakina. Euren arteko maitasuna ezinezkoa da, izan be gizonak bere emazte ohia maite dau oraindino, itsututa dago , ez dauka besterik buruan. Baina, filmeak aurrera egin ahala, dana aldatuko da.
Pelikulan jantza lehiaketa bat be badago. Jantza eszena ikusgarriaren ostean, gizona alargunagaz maiteminduta dagoala konturatzen da. Tarteka, ustezko txiste batzuk be topakuko doguz, baina pelikulearen trailerra lehendik ikusita badaukazu, kitu, hor sartu ditue eta eszena dibertigarri danak.
Egia esan, ez dot lortu enpatiarik personaia lelo horreekaz. Pelikulea luzea egin jat, eta azkenerako bardin jatan zer pasau be protagonistei. Indie itxurea hartu leike, musika onagaz apaindu, baina betiko ergelkeria dala begitantzen jat. Ez Robert de Nirok, ezta Bradley Cooperrek be, ez deutse sinisgarritasunik emoten istorioari, eta Jennifer Lawrenceren lana eskasa begitandu jat, nahiz eta Oscar saria emon barri deutsoen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!