Euskaltzaindiak 14 euskaltzain urgazle barri izentau ditu

Bizkaie! 2013-02-25 13:45   Euskerea berbagai

Akademiaren batzorde akademikoetan 2005etik lanean dabilzan personak izentau ditue: Iñaki Aldekoa, Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Patxi Juaristi, Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, Erramun Osa eta Iratxe Retolaza

Zezeilaren 22an, Euskaltzaindiak Bilbon egin eban osoko bilkuran, 14 euskaltzain urgazle barri izentau ditu. Akademiaren Arautegia eta Barne-Erregelak oinarritzat harturik, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izentetan ditu euskaltzain urgazle barriak. Esangura horretan, 2006an maiatzaren 26an izentau zituen azken aldiz urgazle barriak. Orduan esparru desbardinetako profesionalak izentau zituen: zientzia, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, kazetaritza, bertsolaritza, itzulpengintza, bibliotekonomia edota literatura arlokoak, 35 euskaltzain urgazle barri, danetara.

Oraingo honetan, Akademiaren batzorde akademikoetan lanean dabilzan personak izentau ditue; danak dira batzorde horreetako kide, 2005. urtetik, gitxienez.

Hona hemen Euskaltzaindiko osoko bilkureak izentautako euskaltzain urgazleak:

1.- Aldekoa, Iñaki
2.- Alkorta, Kaxildo
3.- Amundarain, Iñaki
4.- Etxebarria, Nagore.
5.- Fernandez, Beatriz
6.- Garzia, Juan.
7.- Gurrutxaga, Antton.
8.- Juaristi, Patxi
9.- Luzuriaga, Gerardo.
10.- Martinez de Madina, Elena
11.- Mugurutza, Felix
12.- Ormazabal, Manu
13.- Osa, Erramun
14.- Retolaza, Iratxe

Gaur egun, Euskaltzaindiak 146 euskaltzain urgazle ditu.


Urgazle barrien zenbait datu

1. Iñaki Aldekoa Beitia. Oñatin jaioa, 1961ean. EHUko irakasle titularra (Unibersidade-Eskolako katedradun) eta doktore. Euskal literatureari buruz ikerketa asko argitaratu ditu. Hona bere liburuetako batzuk: Antzarra eta ispilua (1992); Antologia de la poesía vasca (1993); Euskal ipuinen antologia bat (1993); Zirkuluaren hutsmina (1993); Munduaren neurria (1998); Mendebaldea eta narraziogintza (1998); Historia de la literatura vasca (2004); Euskal literaturaren historia (2008). Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.

2. Kaxildo Alkorta Barrena. Getarian jaioa, 1943an. Filosofian lizentziaduna. Portugaleten bizi da, orain urte asko. 1969an, herri horretako ikastolaeren alde hasi zan lanean, eskolak emoten. Ondoren, IVAPen, itzultzaile lanean ibilizan, 25 urtez. Mendebalde Kultura Alkarteko presidentea da, 2010etik. Administrazioa Euskaraz aldizkarian argitaratzen ditu artikuluak. Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldeko kidea da.

3. Iñaki Amundarain Arana. Donostian jaioa, 1966an. Euskal Filologian doktorea. Bigarren Hezkuntzako irakasle, azken 17 urteetan Lazkaoko San Benito Ikastolan. Bertan, Euskara eta euskal literatura gaiaren eta Hizkuntza normalizazinoaren arduraduna da, besteak beste. Hainbat artikulu argitaratu ditu, besteak beste Behar izan + partizipioa: geroaldiko balioaz artikulua (Gramatika jaietan Patxi Goenagaren omenez liburuan) eta 'Juntadura', Sareko Euskal Gramatika argitalpen digitalean. Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kidea da.

4. Nagore Etxebarria Etxebarrena. Bilbon jaioa, 1974an. Euskal Filologian lizentziaduna. Labayru Ikastegiko langilea da. Gaur egun, Labayru Hiztegia. Bizkaiera eta Batua (b)uztarturik. Gaztelania-Euskera Hiztegigintza proiektuaren koordinatzailea eta idazketa taldekoa da, Labayrun. Laster argitaratuko den Frantziskotarren artxiboak. Euskarazko sermoi eta antzeko eskuizkribuen katalogoa (XVIII-XX) liburuaren egilea da. Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldeko kidea da.

5. Beatriz Fernández Fernández. Portugaleten jaioa, 1964an. Euskal Filologian doktorea. EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle eta ikertzailea da. Basdisyn, Basque Dialect Syntax euskal hizkeren sintaxia aztertzen diharduen ikerketa-taldeko burua da, Ricardo Etxeparegaz batera. Urteotan EHUk, Eusko Jaurlaritzeak eta Espainiako MINECOk diruz lagundutako zenbait ikerketa proiekturen buru izan da eta gaur egun be ikerketa-proiektu bat zuzentzen dau MINECOren babesean, euskerearen hizkeren gramatika bat egin asmoz.
Artikulu askoren egilea, bakarka eta alkarlanean. Bi liburu emon ditu argitara Jon Ortiz de Urbinagaz batera, Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan (2007, UEU) eta Datiboa hiztegian (2010, EHU). Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kidea da.

6. Juan Garzia Garmendia. Legazpin jaioa, 1955ean. Idazle eta itzultzailea. EHUko Euskara Zerbitzuan egiten dau lan, eta, lanpostu horretatik, Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bildumearen zuzendari eta hizkuntza-arduraduna da. EIZIEko lehendakari be izana da. Senez aldizkariko idazketa-batzordeko kide da. Bere liburuetako batzuk: Akaso (1987) eta Itzalen itzal (1993) ipuin liburuak eta Fadoa Coimbran eleberria (1995). Itzultzaile lez, barriz: Bartleby izkribatzailea (1991) William Shakespeareren Soneto hautatuak ( 1995), Jorge Luis Borgesen Ipuin hautatuak (1998; Itzulpengintzako Euskadi Saria 1999an), Samuel Becketten Godoten esperoan (2001), Juan Rulforen Pedro Paramo (2001) eta abar. Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kidea da.

7. Antton Gurrutxaga Hernaiz. Donostian jaioa, 1958an. Zientzia Kimikoetan lizentziaduna. Elhuyarren lan egiten dau. Elhuyar Fundazinoaren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren argitalpen barrituaren zuzendaria izan zan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Zientzia eta Teknikarako Euskara Arautzeko Gomendioak argitalpenaren lantaldeko kidea. 2008tik Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia corpus-proiektuaren Elhuyarko arduraduna. ItzulTerm, itzulpen-memorietatik termino baliokideen bikoteak erauzteko Internet Zerbitzua proiektuaren zuzendaria. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batzuko lantaldeko eta Zientzia eta Teknika hiztegia batzeko egitasmoko kidea da.

8. Patxi Juaristi Larrinaga. Markina-Xemeinen jaioa, 1967an. Soziologian doktorea. EHUko irakaslea da, Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadean Euskal kultureari buruz, euskaldunon baloreei, euskereari eta, orokorrean, hizkuntzei buruzko zenbait ikerketa, artikulu eta liburu argitaratu ditu. 2006tik, Gerra Zibilari loturiko hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu. 2000. urteko Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saiakera saria irabazi eban Euskal Herria Globalizazioaren aurrean liburuagaz, eta 2009an, Arabako Foru Aldundiaren Becerro de Bengoa saria Maiatzeko artoaren ardura eta bost seme-alaba dauzkana ez dago musika bila liburuagaitik. Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kidea da.

9. Gerardo Luzuriaga Sanchez. Nazarren (Nafarroa) jaioa, 1956an. Filosofia eta Letretan lizentziaduna, Geografia eta Historia arloan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailean, Liburutegia, Dokumentaznio gune eta Artxibo zerbitzuaren arduraduna da. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kide, eta Euskadiko Liburutegien Aholku batzordekoa. Besteak beste, liburu honeen egilea da: Oñatiko Unibertsitatea, bertako liburutegiaren bidez: XVI mendea: Historia, irakaskuntzako metodoak, bizitza akademikoa, ikasgaiak eta zentsura, eta Oñatiko Unibertsitateko liburutegiko XVI. mendeko inpreso eta inkunableen katalogoa. Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako batzordeko kidea da.

10. Elena Martinez de Madina Salazar. Gasteizen jaioa, 1962an. Euskal Filologian lizentziaduna. Topodok Hizkuntz Zerbitzuak eskaintzen dituan enpresan lan egiten dau. Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean egiten dagoan Gasteizko Toponimia egitasmoko ikertzailea da. Oihenart. Cuadernos de Lengua y Literatura aldizkariaren Erredakzino Kontseiluko kide. Artikulu askoren egilea da. Azkena, Roberto Gonzalez de Viñasprerekin batera, Observaciones para una delimitaciòn de la lengua vasca en Álava izenburukoa, Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitara emonda. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea da.

11. Felix Mugurutza Montalban. Laudion jaioa, 1965ean. Euskal Filologian lizentziaduna. Laudioko Udaleko Hizkuntza Normalkuntzarako teknikaria. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen aginduz, hainbat herritako toponimia bilketa lanetan aritu da, horien artean Orduña, Gorliz, Aiara, Zaratamo edota Zamudio. Etnografia, antropologia, arkeologia, historia, edota toponimia bezalako gaiak jorratzen dituen Aunia aldizkariko zuzendaria. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea da.

12. Manu Ormazabal Galarza. Igorren jaioa, 1956an. Zinpeko itzultzailea. Euskara itzultzailea da, Bilboko Udalean. Administrazinoko 4. hizkuntza-eskakizuneko aztertzailea da. Mendebalde Kultura Alkarteko kide. Besteren artean, Euskara-Swahili, Swahili-Euskara. Hiztegi Txikia hiztegiaren egilea da, eta ipuinak eta kontakizun laburrak be argitaratu ditu Pérgola, Txistulari, Hemen eta Susa aldizkarietan. Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldeko kidea da.

13. Erramun Osa Ibarloza. Zizurkilen jaioa, 1964an. Euskaltzaindiaren idazkariordea da, 2011ko urtarriletik. 1991-2001 aldian Bizkaiko AEKko arduraduna izana da. 2001 urtetik aurrera Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoko hizkuntza arduraduna izan da. 2007-09 aldian. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazinorako zuzendaria izan da. Ikastolen Konfederazinoak, Elkarrek eta Elhuyarrek 2009-2010 aldian garaturiko euskal entziklopediaren prototipoaren egitasmoaren zuzendaria izan da. Soziolinguistikaz, euskerearen ikaskuntza eta ikaskuntza prozesuez ikertu eta idatzi dau. Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko idazkaria da.

14. Iratxe Retolaza Gutiérrez. Donostian jaioa, 1977an. Euskal Filologian lizentziaduna. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultadean, Euskal Filologia Sailean irakasle. Euskaltzaindiaren Euskal Literaturaren Antologia atontzen dihardu gaur egun, Literatura Ikerketa batzordearen barruan. Zenbait ikerketa proiektutan hartu dau parte, eta argitalpen -liburu atalak, artikuluak, irakasmaterialak- askoren egilea da. Besteak beste, 90eko hamarkadako narratiba berria: literatur kritika eta Malkoen mintzoa. Eleberrigintza eta Arantxa Urretabizkaia liburuak idatzi ditu. Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu