Euskerea indartzea eta suspertzea dala lehentasuna esan dau Jaurlaritzeak Bruselan

Bizkaie! 2013-02-22 10:58   Euskerea berbagai

Hizkuntza Politikako sailburuordeak nabarmendu dau Gobernuaren lehentasuna euskarea indartzea eta suspertzea dala, eta, prozesu horretan, hiru faktore erabagigarriak dirala: hizkuntzearen legezko babesaren estatusa, hizkuntza-politika aktiboa eta, batez be, herritarren atxikimendua eta borondatea.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak agerraldia egin dau Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak (NPLD) Bruselan antolatu dauen urteko biltzarrean, eta euskerea indartzea eta suspertzea Jaurlaritzearen lehentasuna dala nabarmendu dau. Foro horrek Europa mailan hizkuntza-plangintzearen arloan dagoan kasu eraginkor eta aurreratuenen artean jarri dau Euskadiren kasua, Irlandakoagaz batera. NPLDren aintzatespen hori dala eta, Baztarrika, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinorako zuzendari Jorge Giménez Bech eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Estandarizazino Zerbitzuko buru Araceli Diaz de Lezana izan dira biltzarrean, euskereak azken 20-30 urteotan gizartean izan dauen bilakaerea azaltzeko.

Hizkuntza Politikako sailburuordeak nabarmendu dau Gobernuaren lehentasuna euskarea indartzea eta suspertzea dala, eta, prozesu horretan, hiru faktore erabagigarriak dirala: hizkuntzearen legezko babesaren estatusa, hizkuntza-politika aktiboa eta, batez be, herritarren atxikimendua eta borondatea. Baztarrikaren esanetan, hiru faktore horreetatik, erabagigarriena eta nahitaezkoa herritarren atxikimendua da. Hiztunaren hizkuntzeagazko leialtasuna eta identifikazinoa oinarrizko faktorea da, azpimarratu dau. Hiru faktore horreek buztartzen diran eta eragina daben neurrian, aurrera egin ahal izango da nabarmen, EAEn egin dan legez; faktore horren buztarketea eta eragina ahula bada, aurrerapen txikia egingo da edo ez nahi bestekoa, Nafarroan gertatu dan moduan, eta eraginik ez badabe, ziur atzera egingo dauela, Iparraldean jazo dan legez.

Euskerearen ezagutzeari jagokonez, Baztarrikak adierazo dau euskerearen ezagutzearen bilakaerea hiru lurraldeetan desbardina dala; azken 20 urteotan (1991-2011), 16 urteko edo gehiagoko biztanleen artean, euskal hiztunen biztanleria 8 puntu igon da EAEan, Nafarroan 2 puntu bakarrik eta Iparraldean 12 puntu bajatu da, azaldu dau.

Euskal hiztunen edo elebidunen hazkundea batez be hezkuntza sistemeari esker gertatzen dago, bai eta euskaltegiei esker be. Beraz, 16 urteko edo gehiagoko biztanleria kontuan hartu beharrean 5 urtekoen edo gehiagokoena hartzen badogu, ikusten da 25 urtetan EAEan elebidunen biztanleria 15,5 puntu igon dala. Nafarroan aldeak ez dira adierazgarriak, gaineratu dau.

Horrek esan nahi dau, euskerearen ezagutzea EAEn 25 urtetan urtero 0,5 puntu igon dela eten barik, eta, holan, EAEko euskerearen hazkundearen kasua Europa inguruko adibide aurreratuenen artean kokatzen da, aitatu dau sailburuordeak.


Erabilerea

Euskararen erabilereari jagokonez, Baztarrikak esan dau euskerearen erabilerea erabat desbardina dala hiru lurraldeetan. Hogei urteotan arlo formaletan eta ez formaletan erabilten dan euskerearen batez bestekoak 4,5 puntu egin dau gora EAEn, puntu erdia bajatu da Nafarroan eta 4,5 puntu egin dau behera Iparraldean, azaldu dau.

Hiru lurraldeetako adin-taldeen araberako erabileran be gorabeherak dagoz. Hori dala eta, Baztarrikak adierazo dau etorkizunari begira gazteen erabilereari erreparetea komenidu dala.

Euskerearen erabilerea sustatzeko politikei buruz lurralde bakotxean herritarrek daben jarrereari jagokonez, EAEko biztanleriaren gehiengoa (% 62) sustapenaren alde nabarmen agertzen da. Beste bi lurraldeetan apalagoak dira euskerea sustatzearen alde argi eta garbi dagozala dinoenen portzentajeak. Bere esanetan, hori gertatu da, alde batetik, hiru lurraldeetariko bakotxak hizkuntzearentzako legezko estatus propioa eta besteakazko guztiz desbardina dabelako; bestetik, EAEn azken bizpahiru hamarkadetan hizkuntza-politika aktiboa izan dalako modu jarraituan eta holan dalako egun be; eta, azkenik, EAEko herritarrek euskereagazko erakutsitako atxikimendua eta euskerearen erabilerea sustatzeko adostasun sozial eta politikoa handiagoa izan dalako eta dalako egun be.


Etorkizuna

Etorkizuneko erronkei begira, Patxi Baztarrika itxaropentsu baina zuhur agertu da. Euskerea gero eta jente gehiagok ezagutzen dauela adierazo dau, euskerearen hazkunde sozialak gero eta persona gehiagoren bigarren hizkuntza bihurtu dauela euskerea, hezkuntza-sisteman edo euskaltegietan jasotako hizkuntzea. Hori holan izatea positiboa da baina arrisku bat dago: gero eta persona gitxiagoren lehen hizkuntza bihurtzea. Horrek ahuldu egingo lueke euskerea, nahiz eta euskeraz dakitenen kopurua handitu. Hor jarri behar dogu geure atentzino osoa eta ahalegin nagusia, beste arlo batzuk alde batera itxi barik, azaldu dau.

Hiru edo lau belaunaldiren etorkizunari begira, euskerearen biziraupena ez dago jokoan, euskerea ez dago hilzorian, haren bizi-indarra da jokoan dagoana, erabilgarritasuna da jokoan dagoana, arlo formaletan eta ez formaletan komuniketako ohiko hizkuntza bizia izatea, hain zuzen. Horregaitik, Eusko Jaurlaritzearen lehentasun nagusietakoa da euskerea ezagutzen daben horreek ohiko hiztun eraginkor lez aktibetea azpimarratu dau. Kontuan hartzekoa da, gainera, euskereak hazten jarraitzeko eta dauen bizi-indarrari eutsi eta areagotzeko behar besteko tokia gaztelaniaren eta frantsesaren ondoan eta gizarte elebidun baten altzoan egin behar dauela nahitaez, esan dau. Sailburuordearen eretxiz, ahalik eta adostasun sozial nahiz politiko zabalena ezinbesteko baldintza da gizarte demokratiko batean edozein hizkuntza-politikak arrakastsuak izan daitezan. Adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena etenbarik elikatu eta indartu behar da. Lehen mailako erronka dogu hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu