'Euskal Antologiak' saileko lehenengo ale biak aurkeztu ditu Etxepare Euskal Institutuak
2013-02-19 10:33 KultureaEuskal Antologiak saileko lehenengo ale biak aurkeztu ditu Etxepare Euskal Institutuak, euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez; Mikel Ayerberen Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat eta Jone Arrotajairegik idatzitako Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat.
Euskal Antologiak saileko lehenengo ale biak aurkeztu ditu Etxepare Euskal Institutuak, euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez; Mikel Ayerberen Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat eta Jone Arrotajairegik idatzitako Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat. Ganera, Eider Rodriguezen Katu jendea ipuina, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez argitaratu dabe.
Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria eta Institutuko argitalpenen zuzendaria, Jone Arroitajauregi antologiagileak, Juan Kruz Igerabide eta Enkarni Genua idazleak eta Arantzazu Royo itzultzaile eta EIZIEko idazkari teknikoa izan ziran astelehenean Donostian egindako prentsaurrekoan.
Euskal Antologiak bilduma barriaren zutabea literaturea izango dala azaldu eben aurkezpenean. Mikel Ayerbek prestautako narratibako antologia da Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat, eta Jone Arroitajauregik atondutako ume eta gazte literatureari eskainitakoa, Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat. Laster beste behar bi kaleratuko ditue, Lourdes Otaegi idazten dabilen poesia antologia eta Xabi Payak prestautako ahozko literaturearen ganekoa.
25 euskal narratzaile garaikide sartu ditu Mikel Ayerbek antologian, eta berbaurrean azaltzen dauenez, antologia guztiek ikuspuntu bat, aukera bat, daroa beragaz, eta argazki bat eskaintzen badau be, antologiagileak badaki argazki horretan ez dala mundu-ikuspegi oso bat lortuko, azaldu eban Olaziregik.
Katalogo bat baino askoz gehiago dala nabarmendu eben, izan be egile bakotxaren informazino bio-bibliografikoa, sariak, itzulpenak, idazlearen ezaugarri literarioen azalpen laburra eta testu laginak eskaintzen ditu.
Jone Arroitajairegik berak aurkeztu eban Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat. 12 idazle aukeratu ditu antologiarako, danak 1970eko hamarkadatik aurrerakoak. Euskal ume eta gazte literaturearen indarra azpimarratu eban. Produkzinoari jagokonez, 2011. urtean euskeraz argitaratutako liburuen %28 ume eta gazte literatura izna zala nabarmendu eban, eta helduena, barriz, %13 besterik ez.
Katu jendea, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez
Eider Rodriguezen Katu jendea ipuinaren itzulpenek Euskal Sortzaileak bildumearen hirugarren alea osatzen dabe, Bernardo Atxagaren Borrokaria eta Anjel Lertxundiren Non omnis moriar lanen ostean. Euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez argitaratu dabe liburua.
EIZIEk 2012ko urrian, Etxepareren babesagaz eta Paueko UPPA unibersidadeagaz lankidetzan, gauzatutako Idazlea itzultzaileen lantegian ekimenaren emoitzea dira itzulpenok.
Hirun egunez, Eider Rodriguez idazlea eta bost itzultzailemahai baten inguruan ipini zituela azaldu eban prentsaurrekoan Arantzazu Royo itzultzaileak. Katu jendea ipuina ardatz hartuta, hiru itzulbide desbardin aztertu zituen: zuzenekoa, zeharbidezkoa eta lankidetzakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!