'Itsasturia' erakusketeak itsas munduaren lekukotasun barri bat eskainiko dau Bilboko Itsas Museoan
2013-02-18 13:39 KultureaEuskal Kultur Erakundeak atondutako Itsasturiak erakusketea Bilboko Itsas Museora ailegau barri da, Donibane Lohizune, Miarritz, Baionan eta Irisarrin izan ostean. Itsas munduaren inguruko lekukotasun barri bat eskaintzen dau. Bagilaren 30era arte egongo da ikusgai Bilbon.
Euskal Kultur Erakundeak atondutako Itsasturiak erakusketea Bilboko Itsas Museora ailegau barri da, Donibane Lohizune, Miarritz, Baionan eta Irisarrin izan ostean. Itsas munduaren inguruko lekukotasun barri bat eskaintzen dau, Donibane Lohizune eta Ziburuko marinelen bizimoduaren bidez. Bagilaren 30era arte egongo da ikusgai.
Itsasturiak 2011n estreinau zan Donibane Lohizunen. XX. mende hasieratik gaur egunera arte arrantzaleek bizi izandako bilakaerea azaltzen da erakusketan. Donibane Lohizunen eta Ziburun, Euskal Herriko portu guztietan lez, azken hamar urte honeetan izandako gainbehereak tokiko eragile batzuei euskal itsan ondarean inguruko ekimena egiteko bultzadea sortu eutsen. Halan, Itsas Begia, Itsas misioaren tokiko adarra eta Itsas Gazteria alkarteak beharrean hasi ziran. EKE 2010ean hainbat itsas gizon eta emakumeren lekukotasunak batzen hasi zan. Alkarrizketa horreetan batutako irudi, argazki, agiri eta leukotasunekaz osotu eben Itsasturiak.
Lehengo arrantza mundua dabe berbagai lekukoek, baina gaur egungo arrantzearen egoerea eta erronken barri be entzungo dogu erakusketan. Sei orduko grabazinoa eta 72 film-zati jaso ditue, hain zuzen be. Arrantzaleak, arrantzaleen andrak, saregileak, arrain-saltzaileak... hainbat lagunen bizipenak dagoz.
Sei atal nagusi ditu erakusketeak: arrantzalearen lanbidea; arrantza teknikak; itsasontzi muetak; portuko lanbideak; Dakarreko arrantzea; eta, Donibane Lohizuneko portuaren antolaketea.
Itsasturiak erakusketeagaz bat eginez, hiru berbaldi prestau ditue Bilboko Itsas Museoan. Lehenengo hitzordua zezeilaren 28an izango da; Mikel Epaltzak itsas-misinoaren kapilauak Ipar Euskal Herriko arraintza, lehen eta orain izango dau berbagai. Martiaren 14an, Jean-François Larralde arte historialariak itsasoa Ipar Euskal Herriko artean zelan azaldu dan erakutsiko dau, eta amaitzeko, apirilaren 4an, Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria Iparraldean, zertan dira euskara eta euskal kultura? gaia jorratuko dau. Berbaldi guztiak 19:00etan izango dira.
Itsasturiak erakusketea astelehenean, hilak 18, inaugurauko dabe, 19:00etan. Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua eta Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria izango dira ekitaldian. Philippe de Ezcurrak eta Kattalin Indaburuk musika emonaldia eskainiko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!