Unai Elorriaga eta Jesus Ferrero protagonista 'Eztabaidak Literatureagaz' programan

Bizkaie! 2013-02-15 14:53   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak Jesús Ferrero eta Unai Elorriaga idazleak eta gidari lana egingo dauen Alicia San Juan kazetaria batuko ditu datorren martitzenean, hilak 19, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, uriek literatur generoetan beteten daben lekuari buruz berba egin deien.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak Jesús Ferrero eta Unai Elorriaga idazleak eta gidari lana egingo dauen Alicia San Juan kazetaria batuko ditu datorren martitzenean, hilak 19, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, uriek literatur generoetan beteten daben lekuari buruz berba egin deien.

Uriak literaturan izenburupean, Jesús Ferrero eta Unai Elorriaga idazleek zenbait gairi buruz berba egingo dabe, uriek euren lanetan beteten daben lekuari, eszenatoki horreek azken denporetan gehien saldu diran liburuetan daben garrantziari, uri batek dauen izaera literario handiagoa edo txikiagoa, edo eszenatoki izaera gainditu eta literatur laneko personaia bilakatzen diran uriei buruz, besteak beste.

Pariseko Goi Mailako Ikasketa Eskolan Antxinako Historian lizentziautako Jesús Ferrerok (Zamora, 1952) Bartzelona Hiria Saria irabazi eban 1982an Bélver Yin eleberriagaz, eta 1997an, Azorin eleberri sari garrantzitsua irabazi eban El último banquete lanagaz. 1986an, Matador filmaren gidoia sinatu eban Pedro Almodóvar zinemagileagaz, eta berak idatzitako Las trece rosas eleberriaren filma be egin da.

Horrezaz gan, lau poema liburu eta antzezlan bat, Las siete ciudades del Cíbola (1999) be argitaratu ditu. Bere azken eleberria, El hijo de Brian Jones 2012an argitaratu zan eta Fernando Quiñones XIII. saria irabazi eban. Rolling Stones taldearen sortzaileetako bat izan zan gitarra jotzailearen inguruko lana da.

Unai Elorriagari (Bilbo, 1973) jagokonez, bere lehenengo liburuagaz, euskeraz idatzitako SPrako tranbia lanagaz, Narratiba Sari Nazionala irabazi eban 2002an, eta sari hori lortu dauen euskerazko bigarren idazlea izan zan, 1989an sari hori irabazi eban Bernardo Atxagaren ondoren. Sari horri esker Elorriaga Euskal Herritik kanpo be ezaguna egin zan, eta ordutik Alfaguara argitaletxeak bere eleberri guztiak argitaratu ditu.

Hainbat saiakera eta literatur kritika idatzi ditu, eta kontakizunen generoa be lantzen dau, eta hori dala eta, idazle bilbotarren Bilbao Ipuin Biltegia antologian sartu da, Laztanik sakonena kontakizunagaz. Horrezaz gan, Aitzol Aramaio zinemagileak zinemara eroan eban SPrako tranbia eleberria, Un poco de chocolate-txokolate apur bat izenburuagaz.


Seigarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak Literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidaeren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu