Eduardo Barinaga: 'Amesak lortzeko burrukan egin behar dala aldarrikatzen dau Blackie & Kanuto filmak'
2013-02-15 09:58 BarriketanEuskeraz 3 D formatuan egin dan animaziozko lehenengo film luzea da Francis Nilesen zuzendariaren Blackie & Kanuto. Frantziako eta Italiako produkzino etxe batzuekaz produzidu dau Baleukok eta eta dagoeneko, 11 minutuko 26 kapituluko serie bat egiten hasi dira Blackie eta Kanutoren istorio barriakaz. Film luzea datorren barikuan, hilak 15, estreinauko dabe.
Ardi baltz baten eta txakur jagole baten arteko abenturea da Blackie & Kanuto. Ames bat lortu guran, Iretargiraino heltzeko prest dagoz.
Ondoko lerrootan Baleuko etxeko produktoreak filmaren gorabehera guztiak kontauko deuskuz.
1.- Blackie & Kanuto animazinoaren personaiak Baleuko ekoizpen etxearen pantailatan sortu dira baina Baleuko, Art Mell eta Lumiq etxeen arteko alkarlana izan da, Italia, Frantzia eta Euskal Herriaren arteko koprodukzinoa baita filma. Zenbat denpora emon dozue lan honetan? Prozesua zelakoa izan da?
Filmaren zuzendaria Francis Nilesen frantsesa izan arren, ideia geurea izan da eta gidoia be geure faktorian egindakoa da. Animazinoaren barruan pausu bat emon eta istorio unibersalago bat egin gura genduan eta horretarako beharrezkoa izan da alkarlana beste produktora batzuekaz. Gure proiektua kanpoko merkatuetan aurkeztu eta azkenean Frantziako Art Mell eta Italiako Lumiq etxeen babesa lortu genduan. Hiru enpresa, hiru kultura desbardin, lan egiteko hiru modu desbardin izan dira eta, akaso, horixe izan da gatxena adostasuna lortzea filmaren erritmoetan, irudien tratamenduan eta erabagi zehartzetan. Horrezaz gan, filmaren nazinoarteko zabalkundeari begira, banatzaileak topetea be beste burukomin bat izan da baina azkenean dana dago prest, estreinaldiaren zain.
2.- 120 profesional ibili zarie lanean sei urtez. Horreetatik 40 hemengoak, eta Ivan Onekaren zuzendaritza artistikoagaz. Aurrekontua: 8 miloe euro. AEBetako produkzinoetatik urrun baina datu potoloak dira...
Bai, gaur egun ezinezkoa izango litzateke holako produkzino bat. Orain sei urte proiektuagaz hasi ginanean merkatua oraindino alaiago egoan eta posible izan zan. Esan dozun moduan 120 lagun baino gehiago ibili dira beharrean, horreetatik 40 hemengoak. Filmak erantzun ona izatea eta gastautako diruak bueltan jasotea izango litzateke ona.
Ivan Onekarena lana nabarmendu gura neuke ze bera izan da I+D+I burua, sormen prozesu guztia, diseinu eta estetika guztiak bereak dira, eszenatokiak be Ivanek sortutakoak dira eta hori da azpimarratu behar dana, hemen, Durangon egindako produktua dala, gurean, AEBetan, Turkian zein Errusian ikusiko dana.
3.- Animazinoa beti lotzen da fantasiagaz eta kasu honetan fantasiak bere lekua dauen arren, istorioari eta errealidadeagazko lotura horri be aparteko garrantzia emon deutsazue. Zergaitik?
Animazinoko gure bederatzigarren film luzea da hau, beti jorratu izan doguz umeentzako berenberegi egindako produktuak, Betizuak, Olentzero, Megasonikoak... Orain, barriz, merkatuak eskatzen dauenari erreparauta, umeentzako bakarrik zuzendutako produktuak barik, familia osoarentzako lanak behar dira eta, esangura horretan, umeentzako estetika eta erritmo atsegina eta helduentzako interesgarria izango dan istorio bat buztartzen ahalegindu gara. Sormen eta arte munduan paradoxak sortzen dira eta kasu honetan be bai, orain sei urte gidoi honek goitik behera seduzidu gintuan eta sei urte geroago sentsazino horrexegaz jarraitzen dogu, errealidadeagazko loturea oso presente dago eta uste dot bete-betean asmau dogula filmak planteetan dauen metaforeagaz.
4.- Publiko helduak zelan hartuko ete dau filma?
Ondo pentsetan dot. Filmaren mezua edo metaforea kontuan hartuta, helduei be gustauko jakela pentsetan dot; inportantea ez da nora joan zelan baino eta filmak aldarrikatzen dauena da amesak lortzeko burrukan egin behar dala, bizitzak zentzua dauela amesak lortzen saiatzen bazara. Horixe da mezua eta bizi dogun krisi globalaren aurrean, filma baikortasunaren aldeko aldarria da, zeozer gura badozu burrukan egin behar da, berez ez jatzulako ezer etorriko.
Era berean, personaiak aztertzen badoguz, gizartean dagozan ereduak eta jarrerak atzemoten dira; personaia nagusia Blackie ardi baltza da, buruan ilargira joatea besterik ez daukana. Etxaldea zaindu behar dauen Kanuto txakurra, barriz, itsututa dago ardiagaz eta zainketa lan hori baztertu egiten dau. Bidaia egiten ixten ez deutsen Pinky ardi arrosa. Otso bat be badago eta ardien atzetik ibili beharrean, trikimailuak erabiliz, zeduzidu eta bereganatu egiten ditu ardiak. Opera abesten dauen behi bat be agiri da, papelik bako armiarma etorkinak, zaldi bat etxaldean logika apur bat ipini gura dauena, friki bat... Helduentzako personaia ulergarriak eta mezu zehatza dakarrenak. Publiko familiarra erakarri gura izan dogu gure gizartean pil-pilean dagozan gaiak modu dibertigarri eta ikusgarrian erakutsiz.
5.- Euskeraz eta gaztelaniaz estreinauko da, 3D eta 2D formatuetan. Euskeraz 3 D formatuan egin dan animaziozko lehenengo film luzea izateak ze gogoeta eragiten deutsu?
Orain sei urte pentsetan genduan 3D estereoskopioa egun dagoana baino zabalduago egongo zala baina formatoari jagokonez enpresen artean izandako desadostaunak tarteko zinema-aretoetan ez dau izan espero genduan zabalkunderik. Edozelan be, animazinoan 3D formatoak badauka indarra eta Blackie & Kanuto 3D eta 2D formatuetan eskainiko dogu. Ganerakoan, 3Dn egiteak lan gehiago ekarri deusku, izan be, filma bi bider errodau behar da eta horrek produktua karututea ekarri dau. Baina pozik gagoz, horretan be aitzindariak izan ginan Europa mailan, 1998an, Megasonikoak 3D digitalean eskaini genduan eta Goya saria be irabazi genduan.
6.- Zezeilaren 15ean, Hegoaldean estreinauko da, eta ostean beste hainbat lekutan. Ipar Euskal Herrira apirilean helduko da, estadu frantsesean orduan banatuko da eta. Mundu mailako zabalkundeari begira ze esperantza daukazue?
Itxaropentsu gagoz, eskertu egin behar dot Lumiq-ek egin dauen lana. Oraingoz, Europa osoan, Errusian, AEBetan, Kanadan eta Hegoameriketan banatzaileak daukaguz. Asia falta jaku baina oso pozik gagoz.
7.- Laster Blackie & Kanuto telesail izango da. ETBk eta TVEk 26 kapitulu produziduko ditue, 11 minutukoak. Euskeraz sortuko dozuez, eta ostean gaztelaniaz eta ingelesez zabaltzea da asmoa...
Bai. Filman ETBk eta TVEk be parte hartu dabe eta oso pozik dagoz emoitzeagaz. TVEk eskatu euskun 26 kapituluko serie bat egiteko proiektua aurkezteko; erronka polita begitandu jakun eta proposamena aurkeztu geuntsen; antza gustau jake eta aurrera doa kontua. Telesaila be koprodukzinoa izango da baina oraindino ez dago ezer zehaztuta. Proposamen bi daukaguz mahai gainean eta orain horreek aztertzen gabilz.
8.- Filma eta telesaila ez eze, GooglePlay eta Apple Storen be jokua deskargau daiteke: Blackie & Kanuto...
Beste erronka interesgarri bat da jokuarena. Merkatuan kokatzeko eta produktuaren zabalkunderako eta promozinorako beste pausu bat da.
9.- Igaz The Wish Fish eta Olentzero eta Iratxoen Jauntxoa pantailaratu zenduezan. Erantzuna zelakoa izan zan?
Oso ona. The Wish Fish izentauta dago aurtengo Goya sarietarako. Erantzuna ona izan da eta ez hemengo zinema-aretoetan bakarrik. Igazko Gabonetan, Errusian saldu genduan Olentzero eta Iratxoen Jauntxoa. Banatzaileek eta erosleek esaten daben lez, Gabonetako kontuak bardin ikusten dira AEBeta edo Errusian; Olentzero tokian tokiko personaia izan arren, Gabonetako personaia izanik, produktu ikusgarria eta erakargarria da edozein herrialdetan eta gu oso pozik gagoz Olentzero munduan zehar dabilelako.
10.- Baleukon zinea, telebista eta animazinoa lantzen dozuez eta badakigu Amilaren sekretua produkzino prozeduan dagoala eta A escondidas, barriz, garapen bidean. Zeozer aurreratu zeinke?
Momentuz ez dago gauza handirik esateko. A escondidas filmaren kasuan, finantzazino zati baten zain dago; koprodukzinoaren arloan be pausu batzuk emoten gagoz, El Deseogaz bagabiz berbetan eta, beraz, fase horretan gagoz.
Amilaren sekretua filma, barriz, aurreratuago dago eta ezustekorik ezean udarako edo beranduen jota udagoienerako produziduten hasteko moduan izango garela uste dot. Krisi sasoi honetan, Baleuko pozik dago, lana daukagulako eta prebisinoak be ez diralako txarrak. Animo eta animazinoz beterik gagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!