Irati Astondoa: ‘Orain segeari begira nabil bertsoari baino gehiago’
2013-02-11 10:57 BarriketanIrati Astondoa Zuluaga (Zeanuri, 1991) Uribekoa da, Iturtza baserrikoa. Pabi eta Marisolen alabea eta Belenen ahiztea paramen bako neskatxia da, eta, ezertan hasi baino lehenago, kanta hau ipiniko deutsuet Iratiren barriketaldia oraindino entreteniduagoa izan daiten; kostauko da, baina!
Pabi eta Irati ezagunak dira herri-kirolen arloan. Aita-alabak Euskal Herrian bakarrik ez, mundutik zehar be ibili dira kodainea edo trontzeari eraginda: taldeka hainbat sari irabazi ditue, eta Irati 23 urte azpikoetan Euskal Herriko sega txapelduna be izan zan 2011an. Nahiz eta txitean-pitean Iratiren ibilbidea Begitu aldizkarian leidu, batez be bere bertsoak segidu dodaz, eta BBK Sariketan eta Arratiako finaletan bera epaitzea be tokau izan jat.
Bertsokera originala dauka Iratik, aberatsa eta gaiari datorren moduan erantzuten deutsona: bertsolari asko ez dagoz ezaugarri horreekaz. Horregaitik, bertsoa eta herri-kirola izango dira gure berbabidea.
Urteak aurrera joatazan arren, ume zorria naz oraindino, baina Irati txiki-txikia zanetik ezagutzen dot. Gauza ederra izaten da txikitako naturaltasuna guztiz galtzen ez dogunean, eta pentsetan dot alkarrizketa honi holantxe ekin deutsagula.
1.- Noz eta zergaitik hasi zinan bertsotan? Eta segan?
Egia esan, bertsotan umemokoa nintzala hasi nintzan Zeanuriko eskolan. Betidanik gustau izan jat bertsoa entzun eta bertsoagaz olgetan ibiltea. Ibon Iza eta Igor Meñika bertsolarien eskutik hasi nintzan, zazpi-zortzi urtegaz astean ordubete inguru. Gerorantza, gela osoa bertsolaritzan ibiltetik hiru-lau bakarrik egotera pasau ginan, eta klasetik kanpo bertso-eskolara joaten hasi nintzan: eskola bat institutuan eta bestea Zeanuriko Kultur Etxean, Juanjo Respaldiza, Eñaut Intxaurraga eta Iñaki Iturriotzegaz batera.
Segan, barriz, hamalau urte ingurugaz hartu neban kodaina bat lehenengoz eskuetan. Txikitan lotsatu egiten nintzan jenteak esan ezkero: 'Handitan zeu be segalaria izango zara' eta, egia esan, hasarratu be egiten nintzan txarrean hartzen nebalako. Ez dakit zelan esan, baina hori zortzi-bederatzi urtegaz izan zan, eta begiratu, orain harro-harro esaten dot!
Eta bakotxaren zergaitia... niri beti gustau izan jat Euskal Herriko kulturea, kirola... bertakoak diranak. Bertsolaritzeak betidanik erakarri izan nau eta segeak eta trontzeak zer esanik ez!
2.- Ze entrenamentu darabilzu segan eta zein bertsotan?
Entrenamentuek bertsotan… guzurrik ez noa esaten eta… momentu honetan zero. Laster BBK Sariketea daukagu eta orain hasi beharko dogu, betiko lez, berandu. Noizean behin, kotxean edo basora banoa, bakarrik egiten dot; izan be, asko gustetan jat bakarrik nagoala bertsotan egitea. Parrandatan be, azken baten orain sagardotegi denporea izanda, beti akabetan dot bertsotan baten bategaz 'pikean' eta hori be entsegu txiki bat bada, ezta? Kar, kar.
Niri bertsotan beti pasau izan jat gauza bat eta hori orain ezin izango dot kanbiau: nerbioakaz txarto pasetan dot, jentaurrean kantau behar badot, dardarka hasi eta ez dakit dakitena erakusten. Eta segakoa guztiz diferentea da. Segan entrenetako konfiantzazko persona bategaz segan egin eta egin egitea da sekretua ikasi arte; nik oraindo egia esan, asko daukat ikasteko.
Arrasti askotan lagunak poteoan edo hainbaten fiestan dagozan bitartean, norbera entrenetan egoten da edo basora joan behar izaten dau. Txapelketa aurreko egunetan edo azken hile bietan, esate baterako, parrandea be gitxitxuago egin behar da edo bape ez, hobeto. Galapan egitea edo basora joateak asko laguntzen dau indarra hartzeko. Sakrifizio handia da batez be uda partean, baina gero txapelketa osteko sensazinoak ez dauka preziorik!
3.- Igual zentrauago ikusten zaitut sega kontuetan... Aita ondoan eukiteak lagundu egiten dau?
Bai, momentu honetan segeari eta trontzeari begira nabil bertsoari baino gehiago. Udan etorriko da Euskal Herriko txapelketea, eta horrako prest egon gura dot, ahal dan ondoen egiteko. Txapela badator, zenbat hobeto. Orain arte segan arintasun eta denpora probetako txapelketara presentau naz beti, Europan neskak ez dogulako Euskal Herriko moduko txapelketarik euki; hau da, pisua kontuan hartuta eta aurten lehenengoz egingo ete dan entzun dot eta horrako prest egon gura dot, Bizkaia leku onenean ixteko.
Lehen esan dodan moduan, zutabe bat alboan ez badaukazu jausi egiten zara, eta holangoetan aita dot nire zutabe bakarra. Beragaitik izango ez balitz, nik segarik ez neban inoz hartu be egingo eta txapelketetara… zer esanik ez! Aitari asko deutsat eskertzeko: herri-kiroletan egin dodan guztia beragaitik da; bai materialetan, bai erakustaldietan, bai entrenamentuetan... Azken baten, mundu honetan sartzen bazara, dana errazten deutsun persona bat behar dozu eta nik suerte handia eduki dot.
4.- Noizik behinean burutik zehar be egongo zara beragaz... edo bera zeugaz?
Burutik? Bufff egunero... beti diskutiduten, entrenamentu guztietan 'hau holan ez da', 'hori nik holan egiten neban', 'hori gehiago egin behar da'... eta norbera igual izerditan arnasestuka, eta bestea ekin eta ekin! Sutan ipinten nau horrek. Badakit nire onerako dala edo zuzentzeko dala, baina momentuan beti esaten deutsat 'egizu zeuk!' eta igual segea lurrera bota, kar, kar... Dana dala, hori normala da konfiantzea daukazunean baten bategaz. Azken baten, biok akabetan dogu bata besteagaz kokoteraino, baina oso ondo konpontzen gara.
5.- Kodaineagaz hara-horra ibilten zara eta enterau naz lekutako barrutiak be ebagi dozuzala...
Kodaineagaz inoz ez neban pentsauko hainbeste leku bisitauko nituanik: hamasei urtegaz Austrian hasi eta parau barik ibili gara orain arte; Alemanian zazpi-zortzi bider egon naz, Eslovenian be bai eta datorren urtean Dolomitetara joango naz Europako txapelketara. Jenteak ez daki han be segan egiten danik, baina, bai, gure antzean segalariak badagoz eta oso onak dira. Indarra eta nerbio galanta daukie. Hori bai: ez dagoz ohituta hemengo ordubeteko beharretara.
Batez be Euskal Herrian ibilten gara segan; Gipuzkoan eta Nafarroan. Bizkaian ez dago han dagoan afizinoa eta hori da, hatan be, gustauko jatana: inoz Bizkaiko sega txapelketea egitea, nahiz eta oso gatx ikusten dodan.
6.- Bertso-saioak hurretik segiduten dozuz? Zelan bizi izan dozuz Arratiako finala eta Bizkaiko Txapelketea?
Bertso-saio gehienetara joatea gustetan jat; ahal dan guztietan han egoten naz ikusi eta ikasteko gogoagaz. Azkenaldian gitxiago joaten naz, beti egoten dalako beste zeozer, baina, ostean, bai.
Arratiako txapelketan inozko momenturik txarrena pasau neban. Entseguetan oso ondo ibili nintzan eta autortu behar dot aurrera pasetako esperantzea be euki nebala. Saiora heldu eta non nengoan be ez nekian, nerbioek jan egin ninduen eta idea barik geratu nintzan. Konzentretan ahalegindu arren, ezin neban; negarrak be urten egin eustan ia-ia... imajinau!
Bizkaiko txapelketan, barriz, asko gozau neban. Asko poztu nintzan Arkaitz Estiballesen garaipenagaz, ze egin eban beharrak ez eban txapela besterik merezidu. Eta esan behar dot Miren Amurizak eta Jone Uriak be asko harritu nabela: gazteak be gogor datoz eta finalean argi geratu zan.
7.- Ze etorkizun ikusten deutsazu herri-kirolari Arratian? Eta bertsoari?
Arratian herri-kirola beti egon da oso indartsu: segan, trontzan, sokatiran, aizkoran, lasto-botaten, ingudea... Ez daukat horren bildurrik, afizinoa beti egon da eta egongo da.
Gazteok be azkenaldian desafiorik desafio gabilz: Gabonetan Zeanurin eta Diman auzo arteko eta lagun arteko desafio bi egon dira eta jentez beteta biak be. Hor ikusten da jenteak herri-kirola nahinoz eta nahinon gura dauela. Laguntzea egongo balitz materialetan edo dirua ipinita, seguru nago jente gehiago animauko zala.
Eta bertsotan, barriz, alderantziz. Ez gagoz hiru-lau baino eta ez gara asko batzen. Gaztetxuren bat badabil institutuan, baina oso gitxi. Horrek bai, arduratzen nau. Arratian zeozer egin beharko leiteke bertsolaritzea indartzeko; ostean, gero eta gitxiago animauko dira bertsotan.
8.- Bertsoa ala kodainea, bat aukeratu beharko bazeunke... Eta Pabik zein hartuko leuke zuretzat?
Duda barik, kodainea. Kodaineagaz asko disfrutetan dot eta, bertsotan egitea gustau arren, jentaurrean ez dot beti disfrutetan. Pena handia emoten deust hau esateak, baina ezin dot aguantau: segan amaitu eta beti sensazino onagaz akabetan dot eta bertsotan, barriz, ez.
Pabik biak hartuko leukez, baina dana ezin... kar, kar. Bertsoa asko gustetan jako eta herri kirola, zer esanik ez!
Galdera laburrak:
- Jateko bat: Oilaskoa.
- Musika talde edo abeslari bat: Gozategi.
- Pelikula bat: Kutsidazu bidea, Ixabel.
- Bertsolari bat: Jon Maia eta Iker Zubeldia.
- Hobby bat: Mendira joatea.
- Mania bat: Artega nagoanean papuari usigi egitea.
- Biziteko Uribe baino leku politagorik bai? Ez, baina Zaldibi asko gustetan jat.
- Bidaiatzeko leku bat: Ibizara... kar, kar.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!