Aurtengo Korrikaren barri emoteko, teknologia barriak eta transmedia erabiliko ditue
2013-02-06 14:22 Euskerea berbagaiAEK-ko arduradunek 2013ko Korrikagaz lotutako hainbat egitasmo aurkeztu ditue gaur Bilbon: Hedabideek egingo deutsien jarraipena, euskarri multimedian sortu dituen ekimenak, baita Transmedia Proiektua izenekoa be, Korrikaren inguruan dagozan komunikazino moldeak aztertuko dituan ikerketea.
AEK-ko arduradunek 2013ko Korrikagaz lotutako hainbat egitasmo aurkeztu ditue gaur Bilbon: Hedabideek egingo deutsien jarraipena, euskarri multimedian sortu dituen ekimenak, baita Transmedia Proiektua izenekoa be, Korrikaren inguruan dagozan komunikazino moldeak aztertuko dituan ikerketea. Euskal Herriko Unibersidadeak, Tabakalera erakundeak eta Akting Injinerutza enpreseak bat egin dabe egitasmo horretan eta, ganera, Euskal Irrati Telebistak eta Hamaika Telebistak be jarraipen berezia egingo dabe, Transmedia ikerketan laguntzeaz ganera.
2013ko Korrika, martiaren 14tik 24ra egingo da aurten, Andoainen hasi eta Baionara arte. Aurreko edizinoetako joereari jarraituta, aurten sekula baino eduki multimedia gehiago eta jarraipen digital zabalagoa izango ditu. Hain zuzen, Euskal Herriko Unibersidadeko ikerlari talde batek, Korrikaren ezaugarri berezi hori aintzat hartuta, Transmedia Proiektua sortu dau. Ikerketa lan horretan, alde batetik, alor teorikoa lantzen dabilz, hau da, Korrikaren inguruan dagozan transmedia erako jardueren artxiboa sortu, glosarioa egin, beste transmedia proiektu batzuk aztertu eta abar. Hori guztia jasoteko, webgune bat be egiten dabilz, laster abian egongo dana. Korrika, bere ezaugarriakaitik, berez da transmedia erako ekimenetarako aukera zabala emoten dauen ekitaldia, azaldu dau EHUko Libe Mimenzak, proiektuaren arduradunetako batek. Halandabe, Transmedia ikerketa proiektutik abiatuta, Korrikaren barri zabaltzeko jarduerak be abiarazoko ditue. Esate baterako, unibertsidadean multimedia komunikazinoari buruzko masterra egiten dabilzan ikasle batzuek proposamen ugari plazaratuko ditue datozan asteotan.
Korrikaren presentzia euskarri barrietara zabaltzeko asmo horren barruan, Euskalaklip lehiaketea antolatu dabe, 2011n egin eben moduan. Bideo laburren lehiaketea da Euskalaklip, Korrikaren leloa, eman euskara elkarri, gai nagusia daukana. Lelo horrek adierazoten dauena eta Korrika 18rako Esne Beltzak egindako abestiaren zatiak sartuta, gehienez bost minutuko iraupena daukien bideoak aurkeztu behar dira, formatu digitalean. Korrika Transmedia Proiektuko kideak arduratuko dira lanak epaitzeaz, hau da, AEK bera, EHU, EiTB, Tabakalera eta Hamaika.
Akting Injinerutza enpreseak Korrika 18rako beren beregi sortu dauen aplikazinoa be aurkeztu dabe Bilbon gaur. Eskuko telefonoan deskargau eta erabilteko aplikazinoa da eta hiru atal nagusi daukaz: Geoposizinoaren atalean, Korrika martxan dagoan bitartean non dagoan jakin ahal izango dogu, gu gagozan lekura heltzeko zenbat falta dan eta momentu horretan lekukoa nork daroan be bai. Informazino orokorraren atalean, agendea, ordutegiak, lotura interesgarriak eta abar kontsultau leitekez. Azkenik, joku bat be sortu dabe, errealidade areagotuaren bidez, Korrikaren giroan sartuko gaituena. Akting-eko Alex Iraolak azpimarratu dauenez, Korrikaren aplikazinoa telefono adimendun gehienentzako aproposa da eta onena da, doban deskargau leitekeela.
Martiaren 14tik 24ra, beraz, Korrika 18 aurten. Teknologia barrien bidez ez eze, telebistaz be jarraitu ahal izango da Korrika osoa, Euskal Telebistaren eta Hamaika Telebistaren arteko alkarlanari esker. Egunero saio bat egingo dabe alkarregaz eta, uneoro Korrikan ekipo bat izango dabenez, Euskal Herri osoko irudiak emongo ditue. Hamaika Telebistako Naroa Iturrik azpimarratu dauenez, aurreko Korrikan be ibili ginan saio bat egiten eta harrigarria da zelan engantxetan dituan ikusleak, jentea Korrika ikusteak zirrara berezia sortzen dau, antza. Andoaindik Baionara arteko ibilbide osoa zehaztuta dago dagoeneko eta, ordutegi eta guzti, webgunean argitaratu dau AEK-k. Hona hemen helbideak: www.aek.org eta www.korrika.org.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!