31 bertsolarigaz, astegoienean hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketea Lizarran

Bizkaie! 2013-01-30 11:51   Bertsolaritzea

Sare soziala da aurtengo txapelketearen leloa, eta ordenagailu teklatu bat izango da irudia. Lehia baino gehiago, bertsolaritzearen inguruan sortzen dan alkarlana nabarmendu nahi izan dabe horregaz Nafarroako Bertsozaleen Alkarteko kideek.

Taldekako txapelketea egin eben igaz lehenengoz, eta urtero egin beharrean bi urtean behin egiten hasi ziran banakakoa. Urtebeteko saltoaren ostean, astegoien honetan, zezeilaren 2an hasiko da, Lizarran, 41. Nafarroako Bertsolari Txapelketea . Inoiz baino bertsolari gehiago (31) eta inoiz baino saio gehiago (9); finala, barriz, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da martiaren 23an, eta udagoienean hasiko dan Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkatuko dira lehen laurak.

Kontuak kontu, Nafarroako bederatzi herritan kantauko dabe bertsolariek: Lizarra, Aldatz, Larraintzar, Ituren, Zubiri, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Elizondo eta Iruñean bertsozaletasuna dagoan lekuetan sustatzeko eta zaletasun handirik ez dagoan lekuetara helarazoteko asmoz. Bederatzi saioak izango dira: bost final-laureneko, hiru finalaurreko eta finala. Lehen fasean, saio bakotxeko lehen bertsolaria eta ganerakoen arteko 12 puntuazino onenak jaso dituenak pasauko dira finalaurrekoetara. Eta fase horretan be, saio bakotxeko lehenak eta puntuazinorik onena daben bostek lortuko dabe finalerako sailkatzea. Beraz, izena emon daben 31 bertsolarien arteko zortzi baino ez dira egongo Iruñeko finalean.

Guztiek hasiko dabe txapelketa lehen fasetik, orain bi urteko banakako txapelketako txapeldunak, Julio Sotok izan ezik. Finalaurreko fasean hasiko dau berak lehia. Gorritikoa da faboritoetako bat baina ez bakarra, izan be, tartean txapela jantzi dabenak be izango diralako: Xabier Silveirak sei txapel irabazi ditu eta Julen Zelaieta beratarrak bakarra, 2008koa. Eta bada, gainera, zenbait urtez txapelketan izenik emon ez, eta aurten itzultzea erabagi dauen bertsolaririk be, berbarako, Erika Lagoma eta Joxema Leitza.

Era berean, aurten txapelketan lehen aldiz parte hartuko dabenak be badira; sei izango dira aurten txapelketan lehenengoz kantauko dabenak: Haizea Beruete, Oskar Sanz de Acedo, Unai Uberetagoena, Eneko Fernandez, Xabier Maia eta Amaia Elizagoien.


Internet bidezko jarraipena

Sarean presentzia handia izango dau txapelketeak. Internet bidez be jarraitu ahal izango dira saioak www.bertsoa.com orrian jarriko dituen laburpenei esker. Webgune propioa be izango dau txapelketeak: www.nafarroakotxapelketa.com.

Sare soziala da aurtengo txapelketearen leloa, eta ordenagailu teklatu bat izango da irudia. Lehia baino gehiago, bertsolaritzearen inguruan sortzen dan alkarlana nabarmendu nahi izan dabe horregaz Nafarroako Bertsozaleen Alkarteko kideek.

Orain dala bi urteko sintonia bera izango dau aurtengo txapelketeak. Oskar Estanga musikari eta bertsolariak sortu dau, eta Nafarroako zazpi bertso doinu nahasten ditu.



Nafarroako Bertsolari Txapelketearen egutegia

Azken laurenak

• Zezeilak 2: Lizarran, 17:30ean, Gazteriaren Etxean: Xabier Silveira, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza, Eneko Fernandez, Xabier Maia eta Erika Lagoma.

• Zezeilak 3: Aldatzen, 17:30ean, Herriko aretoan: Jon Barberena; Iñigo Olaetxea; Migel Mari Elosegi, 'Luze'; Patxi Castillo; Iker Gorosterrazu; Oskar Sanz de Acedo.

• Zezeilak 9: Larraintzarren, 17:30ean, kultur etxean: Julen Zelaieta, Aritz Saragueta, Oier Lakuntza, Ekaitz Astiz, Haizea Beruete, Amagoia Elizagoien.

• Zezeilak 10: Iturenen, 17:30ean, udaletxeko ganbaran: Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Iñaki Aleman, Egoitz Gorosterrazu, Alazne Untxalo, Ioar Tainta.

• Zezeilak 16: Zubirin, 17:30ean, Gautxori jatetxean: Oskar Estanga; Ander Fuentes, 'Itturri', Ainhoa Aranburu, Iban Garro, Joxema Leitza, Unai Uberetagoena.


Finalaurrekoak

• Martiak 2: Atarrabian, kultur etxean: Julio Soto eta azken- laurdenetan sailkatutako bost bertsolariak.

• Martiak 3: Etxarri Aranatzen, kultur etxean: aurreko fasean sailkatutako sei bertsolariak.

• Martiak 9: Elizondon, Lur aretoan: aurreko fasean sailkatutako sei bertsolariak.


Finala

• Martiak 23: Iruñean, Anaitasunan: aurreko faseko saioetan sailkatutako zortzi bertsolariak.


Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eu web gunean dagoz salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu