Sopelanatik Sopelara izen ofiziala aldatzeko prozedurea martxan
2013-01-29 13:31 Euskerea berbagaiSopelako Udalak lehen pausuak emon ditu udalerriko izen ofiziala aldatzeko, gaur egungo Sopelanatik Euskaltzaindiak araututako Sopelara, hain zuzen be, Udal bizkaitarretik adierazo dabenez.
Sopelako Udalak lehen pausuak emon ditu udalerriko izen ofiziala aldatzeko, gaur egungo Sopelanatik Euskaltzaindiak araututako Sopelara, hain zuzen be, Udal bizkaitarretik adierazo dabenez.
2012ko zemendiaren 29an, Saioa Villanueva Sopelako alkateak Euskaltzaindiari gutuna bialdu eutson, udalerriko izen ofizialagaz loturea eben txosten guztiak udaletxean jasoteko asmoz. Akademiak dokumentazinoa biadu eban, eta udalerriko izen zuzena Sopela dala berretsi eban. Beraz, Sopelako Udal Gobernuak izena aldatzeko prozedureagaz hastea erabagi, eta proposamena aurkeztu eban urtarrilaren 21ean egindako Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean. Betitxe Saitua aitatutako batzordeburuak holan eskatu ostean, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordearen idazkariak batzordean parte hartu eben. Bertan, Alkatetzeak egindako proposamena aztertu zan (izen ofiziala aldatzea proposatzen dauena), eta Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen aztertu ziran.
Kontuak kontu, 1979an Euskaltzaindiak osotutako Euskal Herriko Udalen Izendegian, Akademiak onartu eta gomendatu eban izena Sopela izan zan, eta 1986an berretsi egin eban erabagi hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.
1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako lehendakariorde Jose Luis Lizundiak erespena emon eban eta Sopelako Udalera bialdu, Sopelako udalerriaren izenean euskal berba akademikoa Sopela dala argituz, Sopela dalako eskualdeko euskaldunek herria izentetako erabilten daben ohiko izena, toponomastikearen arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko 'n'-a galduz. Era berean, 1997. urtean, Euskaltzaindiak beste erespen bat emon eban aurrekoa berretsiz. Sopelana izena, barriz, udalerriari deitzeko erromantze bersinotzat har daiteke jatorri erromanikoagaz loturea eginaz.
Osoko bilkurara
Proposamena batzordean behin aurkeztuta, hurrengo pausua udal osoko bilkuran eztabaidatzea izango da. Alderdi politikoek proposamena aztertzeko aukerea izan deien, udalerriko izen ofizialaren aldaketea zezeileko ohiko udal bilkurako gai-zerrendan egongo da, urtarrilekoan egon beharrean.
Era berean, Sopelako Udalak udalerriaren izen ofiziala aldatzeko prozedurea hasi dauen bitartean, Eusko Jaurlaritzeak be aukera hori aztertzeko eskatu deutso Sopelako Udalari. Urtarrilaren 25ean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gutuna bialdu eutson Sopelako alkateari. Bertan, egungo Sopelana izen ofizialak Euskaltzaindiak araututako euskal izenagaz, hau da, Sopela izenagaz bat ez datorrela gogorarazoten dau. Hori dala eta, Udalari prozedurea hasteko aukerea azter daiala eskatzen deutso.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!