Iñaki Odriozola: 'Asko galdu da antzerki amateurra Euskal Herrian'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-01-28 10:58   Barriketan

Poderea, maitasuna, bortizkeria, gorrotoa... ez ditu edozelango gaiak aukeratu Iñaki Odriozolak (Elgoibar, 1961) Azken ordua bakarrizketea idazteko. Berau da X. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Sarian euskerazko ataleko irabazlea. Edukiz zein formaz agerpen interesgarriak ditu, epaimahaiaren esanetan, eta istorioaren kutsu klasikoa naturaltasunez lotzen jako istorioak proposatzen dituan gai macbethiarrari.

1.400 euroko sariaz aparte, beste sari berezi bat jasoko dau Odriozolak: egunean, hilak 31, irakurketa dramatizaua egingo dabe Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, 19:30ean.


1.- Ez zenduan sariririk espero, uste dot.

Ezuste handia izan da, bai. Ez daukat testuak bialtzeko ohiturarik, baina honegaz animetea pentsau neban. Noizean behin pozik hartzen dira holako albisteak.


2.- Saria jaso eta astebetera irakurketa dramatizaua egingo dabe Bilbon. Hori berau be ez da sari txikia, ezta?

Antzerkiaren helburua liburutik atara eta ikustea da. Asko pozten nau. Ganera, aktore on batek, Patxo Telleriak egingo dau irakurketa dramatizaua. Luju bat da niretzat. Egia da askotan nire moduko idazle amateurrek kajoian ixten doguzala antzezlanak. Aukera gitxi dago antzezlanak agertokira eroateko. Aitagarria da benetan Mikel Martinez-eta egiten dabilzan lana Cafe Bar Bilbao sariekaz, jente barria atarateko, antzerkia zabaltzeko... Benetan be interesgarria da.


3.- Azken ordua bakarrizketea nahikoa shakespearianoa dala esan dozu, zelan ba?

Ez da gaur egungo errege baten istorioa, ez dot ikusten Espainiako errege hori holako egoera batean. Denporaz kanpoko erregea da, Erdi Arokoa izan daiteke, akaso... Bera hiltera datorren semearen zain dago, eta bitartean hainbat gairen ganean gogoetea egiten hasten da. Modaz kanpokoa dala esango neuke, baina gustau jake, itxurea. Interesgarria dala pentsetan dot.


4.- Bizitza eta heriotzea, maitasuna eta gorrotoa, poderea eta menpekotasuna... gai potoloak ditu gogoetagai erregeak.

Gai unibersalak dira, betikoak edo, gizakiari lotutakoak. Gai sakonak dira, gaur egun normalean ez dira askorik ikusten.


5.- Ez dakit Filosofia irakaslea izateak eraginik izan dauen...

Kar, kar, kar. Bai, seguruenik izango da hor zeozer. Beste mueta batzuetako antzezlanak be badaukadaz. Gai horreetan sakontzeko irakaslea izateak balio izan deustala uste dot, bai. Hasiera potentea dauka istorioak. Erregea bere bizitzari buruzko hausnarketea egiten hasten da; berari be aitak egin eutson errege izateako eskaintzea, gauza bera egin dau semeagaz berak. Baina, semeagaz kontraesan handiak daukaz.


6.- Ikusleek gai horren ganean gogoetea egitea da zure asmoa?

35 minutuko bakarrizketea da, jentea istorio barruan sartzea gura neuke, irudi horren barrura. Ia ikusleari bihotzean zirrarea eragiten deutson. Antzezlanean aitatzen diran gaiak betikoak dira, baina gaurkotasuna daukie bere bai. Gaur egungo munduaz ahaztu, eta istorioan sartzea nahi dot, emozinoa sorrarazotea.


7.- Ez da hau antzezlan bat saritzen deutsuen lehenengoa aldia. 2006an Idazle Eskolako sari-bekea emon eutsuen, Hondartza eta Whiskya antzezlanagaitik, ezta?

Idazle Eskolako graduondokoa egin neban. Sasoi haretan asko idatzi neban, tartean antzezlan bat, eta horrek atara eban saria. Bekeak beste gauza batzuk idaztera animau ninduen. Idazle Eskolan oso ondo pasau neban, gaur egun dagoen eskolarik politena da, jente barria atarateko eskolarik emonkorrena da. Idazle-irakasle onenak pasetan dira eskolatik, Tere Irastortza da arduraduna. Mila esker emon behar deutsadaz Tereri, berak animau ninduan eta.

Idazle Eskolan ibilitako asko dabil idazten; Ainara Mayak, esaterako, poesia liburua argitaratu eban Durangoko Azokarako; Xabier Lopezen Café Bar Bilbao saria irabazi eban 2010ean... Talde polita osotu genduan eskolan. Niri idazle amateur lez ibiltea gustetan jat.


8.- Edozelan be, aspaldi hasi zinan antzerki munduan.

Taupada taldean hasi nintzan 15 bat urtegaz. Urte asko egin genduzan, gero Ekekei taldea sortu zan. Kale antzerkia egiten genduan, herri antzerkia zan. Kale gorriko antzerkia deitzen deutsat nik, gaztetxeetan ibilten ginan, egun batean Araba Euskarazen antzezlana egin eta hurrengoan Indautxuko tunel azpian genbilzan. Edozein tokitan ibilten ginan. Urte politak izan ziran, oso politak, baina horretarako be adina garrantzitsua da. Lasaitu egin gara.


9.- Ekekei taldea 2001ean desagertu zan, zelan ba?

Taldekide bakotxa bere bizitza egiten hasi zan, asko zaildu zan funzionetea. Denporeagaz dana galdu zan, baina zaletasuna hor daukagu, jakina. Lagun batzuk badabilz antzerki eskolak egiten, esaterako. Orduko batzuk oraindino antzerkiaren iguruan gabilz, zeozelan. Aktore ibili nintzan orduan, orain, barriz, idazten.


10.- Asko aldatu ete da antzerki amateurra Euskal Herrian?

Bai, asko. Eta asko galdu dala uste dot. Euskal Antzerki Talde Amateurren Alkartea sortu genduan. Hor baegoan indar bat, zirkuituak egiten ahalegintzen ginan, profesionaltasunera ez ginan heltzen, baina bueno, ez genduan hori be nahi. Apurka-apurka galtzen joan da. Oraindino talderen bat badago, ez dakit Debako taldeak segiduten dauen, Mutrikun be baegoan...

Gaur egungo gazte jentea beste modu batera dator, beste modu batera funzionetan dabe, merkatuaren inguruan edo. Gu hortik kanpo geratzen ginan. Orain be antzera da niretzat, hau jolas bat da, ez daukat beste beharrik. Noizean behin jolas horren errekonozimendua jaso ezkero, ba askoz hobeto.


11.- Antzerkia, poesia... genero asko jorratu dozuz. Zertan zabilz orain?

Danetarik egiteko asmoa daukat. Edozein genero dot gogoko. Idazten.com, Idazle Eskolako webgunean, azkenaldian idatzitako hainbat testu daukadaz, ipuinak, antzezlanak, alkarrizketak... Idazle Eskolako kideon testuak irakurri gura izan ezkero, idazten.com-en dagoz danak. Nik idazten segiduteko asmoa daukat, baina neure martxan, ahal dodanean, lanetik kanpo eta beste mila gauzatik librau ostean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu