'Django Unchained'

Karolina Almagia 2013-01-22 12:46   Zinema kritikak

Tarantinoren zinemagintzan ohikoa dan moduan, umorea, musikea eta zentzunbako alkarrizketak dira pelikulearen alderik onena. Gidoia, hori beste kontu bat da. Istorioak aurrera egin ahala, egileari argumentua ez jakola lar be ardura begitantzen jaku. Kontua tiro eta odol ensalada ederra egitea.

- Zuzendaria eta gidoilaria: Quentin Tarantino
- Interpreteak: Jamie Foxx, Christoph Waltz, Leonardo DiCaprio, Kerry Washington
- Herrialdea: AEB
- Iraupena: 165 minutu
- Generoa: westerna


Quentin Tarantinoren film barria Reservoir Dogs eta Pulp Fiction bere lehenengo lanetatik urrun dago, eta Inglorious Bastards-etik (hemen, Malditos Bastardos), barriz, hur. Lehenengoak biribilak baziran be, Django Unchained, (Djanjo desencadenado), Inglorious Bastards lez, nahikoa irregularra da. Batzuetan primerakoa da, eta beste batzuetan gehiegizkoa. Iraupena, 165 minutu, berbarako, lartxu da.

Tarantinoren zinemagintzan ohikoa dan moduan, umorea, musikea eta zentzunbako alkarrizketak dira pelikulearen alderik onena. Aktoreen interpretazinoak be, zer esanik ez, sano onak dira, eta eszena jakin batzuen indarra be nabarmentzekoa da. Django-n, jakina, beste film batzuen ganeko aitamen eta keinu ugari topauko doguz.

Gidoia, hori beste kontu bat da. Istorioak aurrera egin ahala, egileari argumentua ez jakola lar be ardura begitantzen jaku. Kontua tiro eta odol ensalada ederra egitea, amaiera ikaragarrai batera ailegau arte. Ez dago ezusterik.

Autortzen dot lehenengo ordubetean-edo oso ondo posau nebala, benetan gozau neban AEBetan, esklabotasunaren sasoian girotutako western zoro honegaz. Gerotxuago, txakurrek esklabo bat jaten dabe, eszena hori ez jatan lar gustau. Handik gitxira, gizon bat kolpeka hilten dabe, eta orduan ernegetan hasi nintzan. Bai, Tarantino da, badakit. Bortxakeria ezin badozu jasan, hoba ez bazoaz bere pelikularik ikusten. Hori da han eta hemen entzuten dodana. Nire eretxiz, gore eszena horreek kendu ezkero, gozetako komedia izango litzateke. Hori baino ez, eta ez da gitxi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu