'Krisiak' ardatz hartuta egingo da aurten 44. Bertso Eguna

Bizkaie! 2013-01-22 17:12   Bertsolaritzea

Afarirako sarrera guztiak salduta dagoz. Arratsaldeko ekitaldirako 1.800 sarreratik 500 inguru dagoz oraindino salgai; www.bertsosarrerak.eu webgunean eros daitekez, 12 euroan Bertsozale Alkarteko bazkideentzat eta 18ren truke gainontzekoentzat.

Gaur aurkeztu dabe Donostian 44. Bertso Eguna Juan Karlos Izagirre, Donostiako Alkateak eta Jon Agirresarobek, Bertsozale Alkartearen izenean. Bertso Egunak berrogeita laugarren edizinoa izango dau datorren zapatuan, hilaren 26an. 1968tik urtero-urtero Donostian egin izan da, 1970 eta 1980 urteetan izan ezik, urte horreetan ez zalako Bertso Eguna ospatu. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak egun berezi horren ibilbide oparoa eta luzea goraipatu dau, garaietara egokituz joan dana. Eguneko kartelean agertzen dan sokeari be erreferentzia egin deutso: sokea tenkatuta agiri da, apurtzeko zorian eta bizitzan personek pasau beharreko krisialdiakaz parekatu dau soka hori, baita gizarteak orain dituan krisiakaz be.

Jon Agirresarobe Bertsozale Alkarteko kideak be bizitzan hartu beharreko erabagiak eta krisiak parekatu ditu, aurtengo egunean jorratuko dan gaia. Egunaren antolakuntzan jente gaztea ibili dala be nabarmendu dau, eta azaldu dau lan profesionalari eta borondatezkoari zor jakola egun honen antolaketea.


Ideia orokorra

Ez dira betiko garai onenak. Ausardia apur bategaz, gizakiak bizitzan zehar aurre egin beharreko krisiak izango ditu ardatz Kursaaleko ekitaldiak. Jakina baita, zalantza egoeran areagotzen dirala sormena, irudimena eta lanerako pasinoa.


Egitaraua

Hiru atal edo ekitaldi izango ditu Bertso Egunak: 12:00etan, Donostiako kaleetan: Bulebarrean, Bretxan eta Konstituzio Plazan. 18:00etan, ekitaldia Kursaaleko Areto Nagusian. Eta 21:00etan, afaria eta jaia Nineu jatetxean. Goizekoan sei bertsolari izango dira lanean: Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barroso. Saio bana egingo ditue Bulebarreko erlojuan eta Bretxako merkatu parean. Ekitaldi nagusia Konstituzio plazan izango da, Haatik konpainiako jantzariakaz batera.

Arratsaldeko ekitaldian hamabi bertsolari izango dira: Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Ramuntxo Christy, Jon Maia, Ander Solozabal, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jone Uria, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz eta Uxue Alberdi. Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandianek bertso jarriak abestuko ditue. Ekitaldian zehar artista konbidatuak izango dira:

• Eneko Dorronsoro Xalbador artzainaren mintzoa dokumentala atontzen dabil eta ariketa baterako gaia dokumentalerako batutako materialagaz emongo da.
• Haatik jantza konpainiako jantzariak Errimak Oinetan ikuskizuna eskaintzen dabilz Euskal Herrian zehar eta goizeko saioan egin bezela Kursaalen be emonaldi laburra eskainiko dabe.
• Xabier Lizaso piano jolea eta Andoni Egaña bertsolaria Bi Arreba emonaldia eskaintzen dabilz eta arratsaldeko ekitaldian izango dira alkarregaz.
• Markiñako Abarka antzerki taldearen parte hartzea be izango da ekitaldian.

Gauean, barriz, afaria Nineu jatetxean eta jaia, bat-bateko bertso saio sorpresak eta Karma taldearen emonaldia izango dira. Karma Maddalen Arzallus eta Maialen Velarde bertsolarien musika taldea da, erromeria girokoa.

Afarirako sarrera guztiak salduta dagoz. Arratsaldeko ekitaldirako 1.800 sarreratik 500 inguru dagoz oraindino salgai; www.bertsosarrerak.eu webgunean eros daitekez, 12 euroan Bertsozale Alkarteko bazkideentzat eta 18ren truke gainontzekoentzat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu